« Lan irekia | Oharrak gehiago »
Azken afaria / Xabier Montoia / Susa, 2013
Gainbeheran Ibon Egaña / Deia, 2014-01-18
Denboraren izerdia plazaratu eta hamar urtera, ostera gatazka politikoa erdigunean duen nobelarekin, bere ibilbideko zazpigarrenarekin, itzuli da Xabier Montoia literaturara. Gatazkaz jardun duen euskarazko narratiba oparoak bakanagotan miatutako gai eta pertsonaien inguruan egituratua da Azken afaria. Orain hamarkada bateko giro politikoan kokatua, semea ertzainek kale-borrokaren akusaziopean atxilotu dieten senar-emazteen inguruko nobela da gasteiztarraren hau. Sarritan bigarren edo hirugarren planoan geratu ohi den EAJ-ren inguruko sektore soziala dakar lehen planora Montoiaren literaturak, ipuinetan maiz egin bezala. EAJ-ren Jaurlaritzak diseinatutako Y taldeen aurkako estrategiaren biktima den gazte baten istorioak haren gurasoak ere, karnetik gabeko jeltzaleak, nola zipriztintzen eta kolpatzen dituen du kontagai eleberriak.
Dekadentzia eta traizioa, Montoiaren nobela gehienetako osagaiak, lehen mailakoak dira narrazio honetan ere. Pertsonaia nagusi baten gainbehera kontatzen da batetik, Arkautetik, Auzitegi Nazionaletik eta Soto del Realetik pasa ondoren lehenera etorriko ez den Eneko Goñirena. Baina gertakarien protagonistaren ikuspegitik baino haren gurasoenetik heldu dio kontakizunari Montoiak, gertakari politikoei klase ertainaren eta epeltasunaren erosotasunetik so egiten zieten senar-emazteak lokatzetan leporaino sartuta. Bestetik, traizioa, itzal, susmo, aztarna gisa etengabe dago presente eleberrian zehar, espero gabeko formaeta tokietan ere bai, eta kontakizunari eusteko, irakurlearen espektatibak zalantzan jartzeko trebeziaz baliatzen du.
Liburua osatzen duten lau ataletan, teknika narratibo bana baliatzeko apustua egin du Montoiak, emaitza desorekatua lortuz, nire ustez. Lehenean, afari baten bueltan jarri ditu lau gizon, politikaz, emakumeez, bizitzaz hizketan. Narratzaileak testuingurua eman eta akotatu baizik ez du egiten ia, lekua elkarrizketa biziei utziz, eraginkortasun handiz.
Tragedia baten hasierako lehen aktoa izan litekeen horren ostean, bigarren atalak Eneko Goñiren eta haren gurasoen bilakaera du kontagai. Inpresioa izan dut, baina, pertsonaien bilakaera ez duela irakurleak (honek, bederen) lehen eskutik ikusten eta ia eginda dagoenean ematen zaiola aditzera; alegia, egileak ez duela lortzen bilakaera horretan irakurlea pertsonaiekin batera joatea.
Hirugarren atalak, berriz, Gauaren gauak Felix Goñi pertsonaiari ematen dio ahotsa, eta eleberria bakarrizketa bihurtzen da orduan. Aurreko kapituluko ekintza-katearen beste muturrean, gogoetak ditu kapituluak ardatz, irakurle honi luzeegi eta errepikakor egin zaizkion hausnarketak. Hunkigarrien behar lukeen pasarteek hotz utzi dute lerrook sinatzen dituena, batetik, erredundantziagatik, eta bestetik, erabateko etsipena adierazi nahirik hitz zamatuegiak eta maiztuak erabili direlako, bakarrizketa erretorikoegi bihurtuz.
Laugarren atalak zirkulua ixten du beste afari batekin, erritmoa, interesa eta eleberriko hainbat hari berreskuratuz. Lehen planoa elkarrizketei eta gertakariei eman zaienean, esango nuke, gora egiten du eleberriak.
Nobela gorabeheratsua, beraz, Montoiaren berriena. Hasieratik interesa pizten duena, istorio interesgarri eta beharrezkoa kontatzen duena, baina konta-moldeekin beti asmatzen ez duena.
Erbeste
Juan Garzia
Asier Urkiza
Barne zerbitzuak
Katixa Agirre
Maialen Sobrino Lopez
Biba gorriac!
Imanol Murua Uria
Mikel Asurmendi
Terraza debekatua
Fatima Mernissi
Amaia Alvarez Uria
Poesia kaiera
Elizabeth Bishop
Irati Majuelo
Godoten esperoan
Samuel Beckett
Aritz Galarraga
Esaterik ez dagoenaz
Fito Rodriguez
Iñaki Lopez de Luzuriaga
Bazter utzietan
Karlos Linazasoro
Hasier Rekondo
Gari errearen urrina
Fertxu Izquierdo
Paloma Rodriguez-Miñambres
Mundu guztiak
Ruben Sanchez Bakaikoa
Mikel Asurmendi
Zaldi bat
Maddi Ane Txoperena
Maialen Sobrino Lopez
Zerua hemen
Oihana Arana
Asier Urkiza
Café Mokka
Jabier Muguruza
Nagore Fernandez
Café Mokka
Jabier Muguruza
Iraitz Urkulo