« Paperezko hegazkinak | Europa amets »
Berandu da gelditzeko / Unai Iturriaga / Susa, 1999
Gazte literaturaz harata Aingeru Epaltza / Nabarra, 2002-08
Zure hiri edo herriko bestak dira. Goizaldea. Lagun bat ezagutu duzu gau horretan berean, enrrollatua oso. Zure taldeko neska baten lehengusua dela erran dizu, bidenabar batean. Zerbezaz eta speedez kaskezurretaraino zaude, baina kemenak ahitu zaizkizu eta etxeko bidea hartu duzu. Zurekin bizi den pisukidea kanpoan dago; beraz, lo egiteko lekua eskaini diozu lagun berriari. Hurrengo egunean, atzartzen zarenean, bakarrik aurkituko duzu zeure burua eta bestondoak buru barnean utzi dizun lurrinak lausotuko dizkizu bezperako oroitzapenak, lagun berriarena barne.
Gisa bereko pasarteak bizi izan dituzten lagunez beterik daude bazterrak. Berandu da gelditzeko Unai Iturriagak oraingoz idatzi duen nobela bakarrari ere abia ematen dio. Mikel protagonistak ez zuen, ordea, amestuko halako arrunkeria batek zer-nolako zilipurdia ekarriko zion bere biziari.
Une egokian etorri zen, duela hiru urte, durangarraren lan hau. Belaunaldi berrien faltan asaldatzen hasia zen euskal literaturaren zenbait so egile. Hainbat zoko-moko lasaitu ezezik, bertsolari bikaina izateaz gain idazle makala ez zela erakutsi zuen Iturriagak.
Idazle gazteak irakurle gazteendako egina. Klitxe horren pean saldu zen Berandu da gelditzeko. Eta egia da orrialde hauetara ekarritako giroa eta bizipenak —musika taldeak, gaztetxeak, gaueko giroa eta tabemak, pisukideen arteko elkar bizitza, gurasoekiko harremanak, lan merkaturako hurbilpenak— gazte mota jakin bati dagozkiola gehienbat. Nolanahi den, liburu hau atsegin handiz irakurtzeko, ez da hogei urte izan beharrik, ezta mundu alternatiboaren eta ezkerreko militantismoaren artean balantzaka ibili beharrik ere. Egunerokotasuna eta egoera sozio-politikoa (irakurlea gogaitu gabe) fikzio batean txertatzeko duen abilezia, narrazioaren erritmo azkarra, liburu osoari darion ironia eta begirada eszeptikoa, hizkuntzaren trataera, han-hemen zipriztinen gisa agertzen diren irudi ausartak, Bilbok eskaintzen duen giro urbanoaren taupada… Arrazoi horiek eta irakurleak deskubritu beharreko bertze aunitz badira, Berandu da gelditzeko honetan buru-belarri murgiltzeko. Agian ez da Iturriagaren azken liburua izanen.
Narrugorrik
Ixiar Rozas
Peru Iparragirre
Lera
Castillo Suarez
Maialen Sobrino Lopez
Hezitopia
Nora Salbotx
Joxe Aldasoro
Atzerakarga
Fermin Etxegoien
Asier Urkiza
Manifestu filosofikoa
Agustin Arrieta Urtizberea
Aritz Pardina Herrero
Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria
Mikel Asurmendi
Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá
Maialen Sobrino Lopez
Zazpigarren gizona
John Berger / Jean Mohr
Peru Iparragirre
Olibondoaren herria
Markel Elortza
Mikel Asurmendi
Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria
Asier Urkiza
Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly
Nagore Fernandez
Izan gizona
Aritz Galarraga
Nagore Fernandez
Gurea falangista zen
Alberto Barandiaran
Mikel Asurmendi
Termita
Garazi Albizua
Maialen Sobrino Lopez