kritiken hemeroteka

8.711 kritika

« | »

Azken afaria / Xabier Montoia / Susa, 2013

Azukrerik gabeko ‘errelatoa’ Hasier Rekondo / Berria, 2013-12-22

Literaturaren eta filosofiaren arteko mugak zehaztean, Iris Murdoch nobelagile eta pentsalari irlandarraren aburuz, idazleak nahita uzten ditu espazioak irakurleak parte har dezan; pentsalariak, ordea, ez du inongo espaziorik utzi behar. Xabier Montoiaren Azken afaria-k (Susa, 2013) espazio gutxi uzten die bere pertsonaiei, gatazkaren gordinak aginduta bada ere. Eleberri “garden” baten aurrean gaude: egun urrun dirudien XXI. mende hasierako Euskal Herriaren gaineko erradiografia sozio-politiko lazgarria, azukrerik gabekoa, ondu du egileak larregizko artifizio literariorik gabe, kronika-kazetaritzaren osagaiak erabilita zenbaitzuetan.

Alderdiak eta ideiak legez kanpo uzten zireneko garaiak, torturak politikaren egunero tresna gisa erabiltzen ziren sasoiak, “Y” taldeen kontrako polizia operazioen denbora gotortuak, eskuin eta ezker abertzaleen arteko eguneroko liskarrak eta kontraesanak; Montoiak testigantza zuzena eman nahi du, teknika narratibo ezberdinen bidez eman ere. Narratzaile orojakile eta iritzi-emailea tarteko delarik zenbaitzuetan, historiaren pisua jasan ezin duten pertsonaien ahotik beste batzuetan. Bere aurreko lanetan erabilitako gaiak agertzen zaizkigu azken entrega honetan ere: traizioa (irudikatutakoa zein benetakoa kasu honetan), mendekua hartzeko grina, gainbehera pertsonala eta soziala, infernurako bide geldiezina.

Montoiaren pertsonaiek euren rolak jokatzen dituzte, nobeletan egin ohi duten gisara, baina irakurleari helarazi nahi zaion mezu moralaren pisuak berebiziko garrantzia du, narrazioaren zenbait pasartetan larregizkoa nire iritziz. Liburua lau azpiataletan banandurik dago: Bazkaria, Gaua, Gauaren gaua eta Afaria. Sarrera eta epilogoa erregistro antzekoetan idatzita daude, bazkari aurrean euskaldunok erabili ohi ditugun elkarrizketa topikoez eta digresiboez ehundutako aurkezpen soziala dugu lehena. Deustuko Unibertsitate garaietatik ezagutzen diren lau gizonezko Bilboko txoko batean —euskaldunon arkadia erreala— bildu dira: sukalde kontuak, gizonen arteko elkarrizketa digresiboak, iraganean eraikitako ametsak hondar bihurtzen direnekoa, Athletic, saloiko politika, sexu ttanttak… Euren arteko kontraesanak agerikoak diren arren (bitxia egin zait Salaberria idazle ospetsuaren rola) jaki gozagarriez eraikitako burbuilan bizi dira.

Gauean, berriz, gauzek okerrera egingo dute eta “txoko-paradisua” amesgaizto bihurtuko da lau lagun haietako baten semea ertzainek gauez atxilotu ostean. Bigarren atal hau “politikoena” da eta erritmo aldetik azkarrena: atxiloketa, kartzela, ideologia ezberdinetako atxilotuen gurasoen arteko liskarrak, damuak eta salaketak, epaiketak, gezurrak… Kronikaren osagaiak profitatuz ematen du horren berri egileak, euskaldunon gomutan aski jorratua den “errelatoaren” kontaketa. Semea atxilo duen Felix Goñiren aldaera psikologikoa eta ideologikoa nabarmen gailentzen zaio kronika historikoari.

Baina, ezbairik gabe, Gauaren gaua da liburuaren atalik sakonena, hunkigarriena eta ederrena. Drama azkendu ostean, Felix Goñi bere emazte Begoñari zuzentzen zaio gainbehera fisiko eta moralaren berri emateko trantzean murgilduta; bakarrizketa horrek literatura handiaren pisua du. Hamlet-en aztarna lausoak agerikoak dira: “Bakarrik / Biluzik / Semea lurraren azpian bezala / Biluzik”. Nobelaren erregistroa aldatzeko gaitasun fina erakusten du Montoiak atal horretan. Azken afarian, epilogoan, zaila da zerbait gehiago eranstea dena esanda dagoenean, afari oparo baten osteko txokorraren kearen atzean desagertzea hobe.

Azken kritikak

Terraza debekatua
Fatima Mernissi

Amaia Alvarez Uria

Poesia kaiera
Elizabeth Bishop

Irati Majuelo

Godoten esperoan
Samuel Beckett

Aritz Galarraga

Bazter utzietan
Karlos Linazasoro

Hasier Rekondo

Gari errearen urrina
Fertxu Izquierdo

Paloma Rodriguez-Miñambres

Mundu guztiak
Ruben Sanchez Bakaikoa

Mikel Asurmendi

Zaldi bat
Maddi Ane Txoperena

Maialen Sobrino Lopez

Zerua hemen
Oihana Arana

Asier Urkiza

Café Mokka
Jabier Muguruza

Nagore Fernandez

Café Mokka
Jabier Muguruza

Iraitz Urkulo

Erbeste
Juan Garzia

Mikel Asurmendi

Erbeste
Juan Garzia

Ibon Egaña

Utopiaren belaunaldia
Pepetela

Paloma Rodriguez-Miñambres

Haize begitik
Mikel Ibarguren

Maddi Galdos Areta

Artxiboa

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

2025(e)ko iraila

2025(e)ko abuztua

2025(e)ko uztaila

2025(e)ko ekaina

Hedabideak