« Ahots bat, egia bat | Azukrerik gabeko ‘errelatoa’ »
Hobe isilik / Garbiñe Ubeda / Elkar, 2013
Hobe, ez hilen izenean Mikel Asurmendi / Berria, 2013-12-22
“Hobe isilik. Bai horixe!”, barrundatu dut nobela labur hau irakurrita. Kasik hurrupa bakarrean irentsi dut. Aise. Gustura, baina artega. Izerdia azalarazi didan istorioa duzu: motz, zehatz eta trinkoa. Narratzaileak atezuan atxiki nau hastetik finitu arte. Ba al dago idazleari gehiago eskatzerik? Idazlearen potentzialtasuna —fikziozko lehenbiziko lana du— eskerga iruditu zait.
“Egia ezagutzea” duzu nobelaren leitmotiva. 75 urte ezkutuan daraman gertakariak inarrosten du narratzailea. Espainiako Gerra aspaldikoa izan arren, aitonari gertatutakoa ezagutu ez izanak gogogabetzen du iloba. Jose Bermejo Zabaletaren desagertzeak gauero iratzartzen du Bakartxo. Gogoz eta soseguz biziko bada, gertatu zena argitu beharra dauka. Aitona non, nola eta zergatik desagertu zen ezagutu ezean, ez da bakerik izango haren ondorengoentzat.
Lehen pertsonan narratua da. Iloba zuzen eta artez mintzo zaio aitonari. Bakartxoren bakarrizketek maitasuna eta samina isurtzen dituzte. Aitona miliziano anarkistaren nortasuna biziro helarazten digu narratzaileak: “Egiak ez dira besterik gabe loratzen”. Egiaren bilaketa jardun latza baita, “baita egiaren peskizan ongi idaztea ere”, pentsarazi dit irakurketak.
Memoria historikoaren gaineko saioak, onak —eta beharrezkoak— izanagatik, ez dira aski ezkutuko egiak argitzeko. Historiako gertaera lazgarriak, arruntenak ere, imajinagaitzak dira. Fikzioak are gehiago hurbilarazi gaitzake iraganeko gertakarietara, baldin eta intrigaz eta suspensez narratuak badira. Horixe du dohain Hobe isilik nobelak. Narrazioaren tentsio neurritsuak (h)istori(o)arekin lotzen zaitu, ilobak aitona bizirik mantentzen dizu irudimenean. Narrazioa —film baterako gidoi iradokigarria— irudiz eta aburuz ehunduta dago, inplizitu eta esplizitu adieraziak, doituak eta orekatuak. Pertsonaiak labur baina taxuz dira deskribatuak, filigranarik gabe gorpuztuak. Thriller xume ongi burutua kausitu dut.
Bakartxok dokumentazio lana egiten du Joseren arrastoan. Iragan errealaren zantzuak sumatuko dituzu, alabaina, berauek istorioaren kontaketan bikain txertatu ditu narratzaileak. Egiazko gertaera baten peskizan fikziora ekarri du familiaren historia. Beren larruetan pairatutako gertaera izanik, fikziozko istorio sinesgarria kontatu digu.
Hobe isilik nobelak lasto zama gutxi dakar, adjektiboak neurrian, hitz hanpatuak albora utzita. Betelanik ez daukan istorioak lana erruz eskatzen du horregatik. Ezaugarri horiek ez dira idazlan (h)onen berme bakarra, noski. Irakurlea istorioari lotuko bazaio, idazleak kontatu nahi digunarekiko enpatia sorrarazteaz gain, narratzailearen berariazko senak gidatu behar du istorioa. Bakartxo protagonistak sena badauka, halakoxea du ere Bakartxoren baitan dagoen Ubeda idazleak.
Baina bakarra: nobela errealitatean —neurri batean— funtsatua den aldetik, idazlea hurbilekoa ez dutenentzat hobeto. Nik amiñi bat ezagutzen dudalako diot. Hala ere, erruz eta minez “gozatu” dut.
Nobelak gogoeta ahalbidetzen du. Hona nirea: misterioen —ezkutuko gertaerak— mamuak uxatzeak aldaraz ditzake gure usteak. Literatura onak itauntzen gaitu: “Ba ote egia, benetan agertzerik?”. “Gure izenean?”. “Hildakoen edo desagertuen izenean?”. Sekretuak ezagutarazi ezinak dira usu, gorde beharrekoak ezinbestean. Egia osoa aurkitzea mingarria da, eta sekretuak zabaltzea ere zenbaitetan. Sekretuak ezkutuan gorde ohi ditugu egia zabaltzearen beldur. Sekretuak ezkutatzea mingarria da, baina egia ezagutarazteak ez digu erabateko sosegurik ematen. Dilema horrekin bizi gara.
Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá
Maialen Sobrino Lopez
Zazpigarren gizona
John Berger / Jean Mohr
Peru Iparragirre
Olibondoaren herria
Markel Elortza
Mikel Asurmendi
Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria
Asier Urkiza
Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly
Nagore Fernandez
Izan gizona
Aritz Galarraga
Nagore Fernandez
Gurea falangista zen
Alberto Barandiaran
Mikel Asurmendi
Termita
Garazi Albizua
Maialen Sobrino Lopez
Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly
Ibon Egaña
Hezitopia
Nora Salbotx
Mikel Asurmendi
Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
Deiadarraren antologia bat
Rakel Pardo Perez
Asier Urkiza
Herrenaren promesak
Maite Aizpurua / Infinitudrama
Nagore Fernandez
Lazarraga, Ernazimentua euskaraz
Pruden Gartzia
Mikel Asurmendi