kritiken hemeroteka

8.811 kritika

« | »

Bost idazle Hasier Etxeberriarekin berbetan / Hasier Etxeberria / Alberdania, 2002

Klasiko berrien gogoetak Oier Guillan / Gara, 2002-08-17

Euskal Herria txikia dela onerako eta txarrerako. Lorpenak eta akatsak bere neurrian ikusi behar direla, proportzioan; gauza positiboen funtsa jaso eta ez hain positiboen aurrean kritika zorrotzagoak egin behar direla.

Sarritan entzun dut hasierako esaldi hori. Konnotazioen arabera haren zentzua nahiz xedea zalantzan jartzekoa izan daitezke, noski, baina, edonola ere, zer pentsatu franko eman izan dit esaldi horrek.

Liburu honetan ere topatu dut esaldi horrek dakarren kezkaren oihartzuna. Liburuarekiko berarekiko ere sentitu dut nolabait euskal zerutik irakurlearen eskuetara jaisteko beharra. Izan ere, ikusi dut liburua presentzia handiz erakusleihoetan, entzun ditut haren inguruko adierazpenak; badirudi kulturaren azpimundua gogoko duten askoren artean modako liburua suertatu daitekeela. Baina ez nuke irudi horrekin gelditu nahi.

Has nadin iruzkin honen beraren titulua olinpotik jaisten. Klasiko hitzak, beste askok bezala, pisu gehiegi izan dezake. Bost idazleek liburuan zehar hitz egiten due euskal literaturako klasikoz; bakoitzak ezberdin bizi bazituen ere, klasikoek haiengan izandako eragina azaltzen dute. Bost idazle hauei eta beste askori egokitu zitzaien orain hamarkada batzuk lekukoa jaso, erreferentzien esparrua zabaldu eta literaturari dimentsio berri eta duina ematea, frankismoaren bueltan dena egiteke zegoen testuinguruan. Beraiek gauzatu dituzte, neurri handi batean, etortzear egon daitezkeen euskal idazle berrien bertako erreferentziak.

Liburuari dagokionez irakurketarekin gozatu dut. Ez zait beti gustatzen liburuak azpimarratu eta orri ertzeko apunteez zipriztintzea, batez ere ale hori jende gehiagori zabaltzeko interesgarria ikusten dudanean, baina, oraingo honetan, zaila egin zait tentazioari eustea. Esaldi nahiz gogoeta ugari topatu ditut arkatzaren zeharbideekin memoriatik berreskuratzeko modukoak.

Hasieran espero zitekeenaz beste, Etxeberriak ez ditu elkarrizketak idazle bakoitzaren biografiaren eta liburuen zerrendan sakontzera bideratu. Euskal literaturaren inguruko iragana, oraina eta etorkizuna dira mintzagai, baina batez ere gogoeta suertatzen da nagusi. Idazle hauen ibilbidea ezagutzen duenak agian faltan bota lezake autore bakoitzaren lanean eta liburuetan zehatzago sakontze hori, baina, nire ustez, azkenean garaile irteten da gogoetaren mesedetan. Bide batez, irakurlearen eremua zabaltzen da literaturazaleez gain ezein kulturazaleetara. Izen entzutetsuen oinarrian nortasun sendoak dituzten pertsonak aurkitu ditut nik, beren zalantza guztiekin eguneroko borrokan murgildurik dabiltzan idazleak. Horregatik gonbidatuko nuke irakurlea liburuan murgiltzera. Izen propioen itzaletik at idazlearen mundu nahiz gogoetetan barneratu, erronkez beteriko euskal literaturaren testuinguruan kokatu.

Gogoeta, kritika eta aldaketen gosea dago kulturan ez ezik beste arlo askotan. Etxeberriak lortu du liburu honetan gogoeta bideratzeko formula aproposa gauzatzea elkarrizketen bidez, irakurterraza edukiari garrantzia kendu gabe. Bost izenek belaunaldia osatzen ote duten galderari erantzuna aurkitu baino gehiago, idazleak ezagutu eta kulturaz oro har gogoeta egiteko saio aproposa du honakoa irakurleak.

Azken kritikak

Atzerakarga
Fermin Etxegoien

Asier Urkiza

Manifestu filosofikoa
Agustin Arrieta Urtizberea

Aritz Pardina Herrero

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Mikel Asurmendi

Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá

Maialen Sobrino Lopez

Zazpigarren gizona
John Berger / Jean Mohr

Peru Iparragirre

Olibondoaren herria
Markel Elortza

Mikel Asurmendi

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Asier Urkiza

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Nagore Fernandez

Izan gizona
Aritz Galarraga

Nagore Fernandez

Gurea falangista zen
Alberto Barandiaran

Mikel Asurmendi

Termita
Garazi Albizua

Maialen Sobrino Lopez

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Ibon Egaña

Hezitopia
Nora Salbotx

Mikel Asurmendi

Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Artxiboa

2026(e)ko urria

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2026(e)ko

2025(e)ko abendua

Hedabideak