kritiken hemeroteka

8.808 kritika

« | »

Leuropa / Pablo Sastre / Susa, 2002

“Leuropa” eta “Paperezko hegazkinak”, barrikuntzez blai Edorta Jimenez / www.bizkaie.biz, 2002-08-15

Literatur irakurleak bere baitan harridurea sortuarazo ahal deutsozan liburuak maite dauz, esan gura dot, ausardia eta barrikuntzea maite dauzela, baita produkzinoaren aldetik hain urria dan gure literaturgintzan be. Edo gure literaturgintzan areago, urritasun horrexegaitik, hain justu be. Ba, ausardiaz eta barrikuntzez blai datozen elebarri bi argitaratu dauz Susa argitaletxeak igaro dan udabarrian. Hain zuzen be, Pablo Sastreren “Leuropa” eta Lutxo Egia bilbotarraren “Paperezko hegazkinak”.

Pablo Sastreren literatur ibilbidea harrigarria da. Madrilen 1958an jaioa, gazterik etorri zan Euskal Herrira. Etorri ez eze, bertokotu be egin zan. Hizkuntzearen aldetik, esan nahi dot. Eta zelan, ganera. 1982an “Mugarria” izeneko elebarria argitaratu ebala eta, urte haretako Durangoko Azokearen harira aitatu ziran barrikuntzen artean baten batek liburu hori goraipatu eban. Literatur sen aberatseko idazlea ei etorren Pablo Sastre gazte euskaldunbarria. Iragarleak ez eban huts egin. Ez eta idazleak be. Harrezkero beste hamar liburu etorri ziran, idazlearen hamabigarrena egiten dauen “Leuropa” honen aitzindari.

Ez dira danak maila berekoak izan Pablo Sastreren liburuak. Aitzitik, ekinaren ekinaz elebarri eder hau ekarri deusku eta, hau poza, azkenean be. Hasikeran esan dodan moduan, ausardiaz erditua da “Leuropa”. Baina goazen astiroago.

“Leuropa” titulua esanguratsua da, arabieraz horixe da-eta Europa esateko modua. Bada, Europa amesten daben arabiarren harira sortua da elebarria, nahiz eta protagonista nagusiak euskaldunak izan. Hain zuzen be, Europara etorri gura daben arabiarrak ekarten dabezan euskaldun bi dira liburuko protagonistak, narratzailea, lehenengo pertsonan egiten dauena, horreetariko bat dala.

Euskerazko lehenengo pertsonan narreteak arazo latzak ekarri daroaz. Hasteko, batuera hutsez, ahozkoan behintzat, holan egiten dauen inor ez dagoalako, eta, halanbada, holan egiten daben pertsonaiak siniskatx bihurtzen jakuzalako. Pablok zirt konpondu dau arazoa. Protagonista nagusiak bere sorterriko euskeraz egiten dau, eta holantxe gitxi gora-behera idatzi dau elebarria, bai, ustez behintzat haren berben jasotzaile hutsa dan idazleak: protagonistearen ideolektoa errespetauta.

Honelakorik ez da euskal literatura barrian inoiz egin. Egin izan da, bai, Auspoa bildumako liburuetan, esate baterako. Baina literatura barrian, Susa lako argitaletxeetan, egundokoa da hau. Esan behar da, ostera, liburua Joseba Jaka III. Literatur Bekako sariduna izan zala, eta holako esperimentua aurrera atara ahal izatea beharbada horrexek ahalbidetu dauela, batek daki.

Halandabe, protagonistearen beraren mundu ikuskerea egin jat harrigarria, eta hori baizen harrigarria haren nortasuna idazleak zein ederto landu dauen ohartzea. Pablo biribiltasun honen bila luzaroan ibili izan da eta, hona hemen pertsonaia gogoangarria, Leuropako narratzailea. Eta hori nahikoa ez balitz be, liburuko gaia —Afrikatik Europara giza esklabu barriak ekarteko modua eta— egunkarietan egunero egon arren bakanen batean izan ezik sekula landu ez dana da.

Zorionekoak gu, literaturearen aldetik agorra izaten dan urtaro honetan Sastre nahiz Lutxo Egiarenak lako liburuak irakurri ahal izateagaitik. Ze, bai, Bilbokoaren lehenengo elebarria dan “Paperezko hegazkinak” izenekoa be aitatu behar da, niri behintzat gaiaren aldetik ez eze, egiturakuntzearen aldetik barria dan zeozeren usaina eta plazerra ekarri deust eta. Honakoetan beti esaten dan moduan, hasi barriena da mundua. Tamalez, ez dogu bigarren hau sakonago aztertzeko lekurik. Halandabe, irakurle hori, badozu liburu honen ganean ez eze “Leuropa” horretzaz idatzi diranak be non irakurri; hain zuzen be, Susa argitaletxearen web gunean: www.susa-literatura.eus.

On egin deizula.

Azken kritikak

Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá

Maialen Sobrino Lopez

Zazpigarren gizona
John Berger / Jean Mohr

Peru Iparragirre

Olibondoaren herria
Markel Elortza

Mikel Asurmendi

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Asier Urkiza

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Nagore Fernandez

Izan gizona
Aritz Galarraga

Nagore Fernandez

Gurea falangista zen
Alberto Barandiaran

Mikel Asurmendi

Termita
Garazi Albizua

Maialen Sobrino Lopez

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Ibon Egaña

Hezitopia
Nora Salbotx

Mikel Asurmendi

Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Deiadarraren antologia bat
Rakel Pardo Perez

Asier Urkiza

Herrenaren promesak
Maite Aizpurua / Infinitudrama

Nagore Fernandez

Lazarraga, Ernazimentua euskaraz
Pruden Gartzia

Mikel Asurmendi

Artxiboa

2026(e)ko urria

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2026(e)ko

2025(e)ko abendua

Hedabideak