« Harrien lauhazka | Anarkista martiria »
Agirre zaharraren kartzelaldi berriak / Koldo Izagirre / Elkar, 1999
Arriskuaren emaitza Laura Mintegi / Gara, 1999-05-08
Donostian zein Bilbon Izagirrek egin zituen bere nobelaren aurkezpenetan kartzelari buruzko eta kartzelan eginiko literaturari buruzko panegiriko luzea aletu zuen, aldera zetorkiona saihestu nahian edo. Helburu horrekin egin zuenentz ez dakigun arren, kontua da literaturgintzaz filosofia oso bat azaltzeaz gain, nobela honen kokapen zehatza ere burutu zuela, eta generoaren koordinadak marraztu. Abiapuntua kartzela da, errealitate gordina, baina emaitza konpromiso ideologikotik baino haratago doa: konpromiso literarioaren aldeko apostu zaila egin du egileak, eta bikain atera da dema honetatik.
Izagirrek logika apurtu du (logika kartzelarioa bera ere), fantasia lanabes gisa erabili du, umorez koipeztu du kontaketaren makinaria, eta hori guztia errespetu itzelaz egin du, jakin baitzekien zein zen abiapuntua: genero kartzelarioa, genero serio eta ankerra, munduan zehar literaturari idazlan magistralak eman dizkion generoa, berak ondo azaldu bezala.
Agirre zaharrak kartzelaratua izatea eskatu du, preso gazteekiko trufa egiten du, sistema kartzelarioa ez du aldatu nahi, iraultza soziala ez du erreibindikatzen, baina zeharka eta bere koherentzia pertsonalaren bidez, bere duintasun soilaz, preso gazteak goraipatzen ditu, kolokan jartzen du sistema kartzelarioa, iraultza soziala bultzatzen du eta agerian uzten du kartzelaren funtzioa gizartean. Hori guztia umoreaz eta irrealitateaz jokatuz. Nobela bati zer gehiago eska lekioke? Zeinek egin lezake kartzelari buruzko nobela ludikoa sistema errotik salatuz?
Halere, gaiak baino, helburuen harrotasuna suertatzen da deigarria. Benetan harroa izan beharra du idazle batek, tamainako enpresatik ondo atera zitekeela pentsatu badu. Aurkezpenean, ordea,inoiz baino apalago azaldu zitzaigun idazlea. Eta hala behar du izan: harroxkoa xede literarioetan eta apala tonuan; handigura nobela bat manifestu gisan erabiltzean, eta umila nobelaren lerro bakoitzari darion errespetuan.
Izagirre ausarta izan da, baina ibilbidea aurretik eginda zeukan. Ez da jauzia izan, ibilbide berean aurrera egindako pausua baino ez da oraingoa. Aportazio handia egin du. Eskola sor dezake, baina Izagirrek izandako entrenamendua eduki ezean, nekez egin lezake inork tamaina honetako apusturik.
Nobelaren xehetasunetara joaz, beste zenbait gauza ere aipagarri dira nobela honetan. Izagirrek berak aurkezpenetan esan zuen bezala, aditzen denbora orainaldian mantentzea ez da erabaki gramatikal hutsa izan. Kartzelaz mintzatzean ezin zitekeen lehenaldia erabili, ez delako iraganekoa. Hizkuntza akademikoa ezin zuen erabili, itxiak diren munduetan gertatzen den bezala, kartzelak hizkera berezkoa sortu duelako; Izagirrek, ijito euskaldunen hiztegira jo du, aurretik Jon Mirandek egin zuen bezalaxe. Teknika modernoak ikus daitezke nobelaren hasierako paragrafoan (eta aurrerago ere), lurraren adjektibazio obsesiboa burutzen duenean. Baina teknikak ez ditu estetizismo merke baten mesedetan erabili, baizik eta adierazi behar zuen hura hobeto adierazteko xedeaz, eta horixe da, hain zuzen, idazle on batek literaturgintzari egin diezaiokeen aportaziorik handiena.
Itzala
Maixa Zugasti
Maialen Sobrino Lopez
Turismoa
Asier Basurto Arruti
Maialen Sobrino Lopez
Geratzen dena
Ione Gorostarzu
Maddi Galdos Areta
Zerua hemen
Oihana Arana
Maialen Sobrino Lopez
Barne zerbitzuak
Katixa Agirre
Amaia Alvarez Uria
Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda
Joxe Aldasoro
Ni, laiko
Markos Zapiain
Aritz Pardina Herrero
Zure bazterrekoak
Cesare Pavese
Asier Urkiza
Termita
Garazi Albizua
Nagore Fernandez
Argazkiaren erabilera
Annie Ernaux
Maialen Sobrino Lopez
Café Mokka
Jabier Muguruza
Mikel Asurmendi
Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena
Irati Majuelo
Basatiak
Maria Reimondez
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
Zerua hemen
Oihana Arana
Paloma Rodriguez-Miñambres