kritiken hemeroteka

8.822 kritika

« | »

Harrien lauhazka / Iñigo Aranbarri / Susa, 1998

Harrien lauhazka Ritxi Lizartza / Idatz & Mintz, 1999-05

Bederatzi urte igaro dira idazle azkoitiarrak azken poema-liburua argitaratu zuenetik. Dordokak eta elurrak argitaratu zuenetik, beste bideak jorratu ditu: narratiba (Emon biar yako), ikerketa-liburuak (Gerraurreko literatur-kritika, Batxi, Zapataren oihana…). XX. mende hasierako lanak jorratu dituenean Koldo Izagirre izan du lankide. Era honetako lanak oso interesgarriak dira, gaur egun ia ez baita gure kazetaritza, literatura eta abarren historiaz bilaketarik ezta azterketarik ere egiten.

Bidaia moduan planteatu digu liburua Aranbarrik, hasierako poematik amaierara batasuna duen ibilbidea osatuz. Aurreko poesia-liburuekin alderatuz, zabalagoa, ulergarriagoa, narratiboagoa deritzo azken lan honi. Poetak berak dioenez, hainbat esperientziak eraman dute poesiaz duen kontzeptua aldatzera, bilakatzera. Poesia hermetikotik ulergarriagoa den olerkigintzara egin du jauzi, errezitaldietan metatutako esperientzia dela eta. Izan ere, entzuleei (eta gure kasuan irakurleok ere bai) poemak ulertzen lagunduko dieten osagaiak aurkitu behar dira poemetan, komunikazioa burutu dadin. Ez dirudi beti ere edozein poemak errezitatu eta berehalakoan ulertzeko egina behar duenik.

Liburuan bertan agertzen zaigun bidaia horrek, berriz ere jatorrira eramango gaituen bidaiak alegia, gero eta narratiboagoa bihurtzen du liburua. Hasierako poema da, agian, iheskorrena, irudiz beterikoa. Hortik aurrera, ulermenaren bidea ordeka bihurtzen zaigu eta badirudi poetak garrantzi handiagoa ematen diola bere etsipen sentimendu ilunak irakurleei helarazteari, ulergarritasuna trakestu dezakeen olerkigintza harilkatzeari baino.

Abiapuntua, jaioterria, lurra gure poeta lekukoarentzat. Lur mingarria norberak bere egiten duenean. Eta bette lur guztietako sufrimenduen metafora.

Etsipena eta ezina. Lekukotasuna. Poetak lehen pertsona hartzen du ibilbidean aurkituko dituen errealitate gordinak kontatu eta beregan sortzen duten zirrara kontatzeko. Hartzailea, berriz, bere buruan bidaiakide duen Ana, bigarren pertsona. Eta poliki-poliki zabaltzen doakion errealitate hori.

Urrutiko minak, barne-minaren, gure lurrak gure izateak sortzen duen minaren metafora. Ibilbide traketsa, espazioak, denborak eta hurbileko pertsonak ekartzen digun bidaia. Irudia baino ez, lurraz, hobe esan, norberaz hitz egiteko metaforak. Nitasunaren bila. Eta amaieran bildu, biribildu egiten da ibilbidea. Hortxe gakoa, hortxe poetaren kezka. Nora itzuli gara? Eta etxera (gure lurrera) itzultzekotan ere, nitasuna, nia, zer garen aurkitu dugu? Lurrak asetzen gaitu?

Poema bakoitzak ezintasun bat, etsipen bat ematen digu adiera. Eta traje beltzez jantzi dizkigu Iñigo Aranbarrik bere hausnarketak. Inork ez luke esango hamaika bider aipaturiko egunsenti eta goizalba horiek desio dituenik: ihesi, hilerria, beltza, lainoa, erauntsia, hondoa eta altzairua.

Mundu-ikuspegi iluna Aranbarrirena, kezka sortzen du irakurlearen baitan, eta ihesaren sentsazioa jabetzen da irakurketaz, poetaren minak ihesi egin digulakoan eta geuk ere berari ihesi egin nahi diogulakoan.

Liburuak osatzen du ordea batasun bat, osotasun bat. Ez dira hasiberriaren irudiak, ez hasiberriaren poemak. Joko fonikoak, hitz jokoak, errepikapenak… Baina teknika erretoriko denen gainetik irudiak nagusitzen dira, poetaren ikuspegi ezkorra ederki osatzen duten irudiak: hutsa, etsitasuna, ezkortasuna, denboraren iragana, bakardadea adierazteko. Irudi horiek gure kezka eta liburu gogor honen giltzarri. Hiztegia oso landua eta etsaia, baina liburuan barrena narrazioak lekua irabazi ahala, erabiltzen duen lexikoa errazten zaigu.

Azken kritikak

Sorbatza
Markel Sanchez

Asier Urkiza

Dakigun hori
Garazi Arrula Ruiz

Nagore Fernandez

Ipuinak eta antzezlanak
Lourdes Iriondo

Amaia Alvarez Uria

Ezezagunak trenean... irakurtzen
Miren Billelabeitia

Paloma Rodriguez-Miñambres

Dakigun hori
Garazi Arrula Ruiz

Mikel Asurmendi

Narrugorrik
Ixiar Rozas

Peru Iparragirre

Lera
Castillo Suarez

Maialen Sobrino Lopez

Hezitopia
Nora Salbotx

Joxe Aldasoro

Atzerakarga
Fermin Etxegoien

Asier Urkiza

Manifestu filosofikoa
Agustin Arrieta Urtizberea

Aritz Pardina Herrero

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Mikel Asurmendi

Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá

Maialen Sobrino Lopez

Zazpigarren gizona
John Berger / Jean Mohr

Peru Iparragirre

Olibondoaren herria
Markel Elortza

Mikel Asurmendi

Artxiboa

2026(e)ko azaroa

2026(e)ko urria

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2026(e)ko

Hedabideak