« Alkasoroko Benta | Sukar ustelaren urtea »
Gela bat norberarena / Virginia Woolf (Maria Colera) / Consonni, 2013
Gela barrenean aske Maialen Berasategi / elearazi.org, 2013-09-16
Eredu eta oinarri dela, eta euskaraz ez geneukala: bi arrazoi soil, beste askoren artean, Virginia Woolfen A room of one’s own itzultzeko.
Asmo horixe iragarri zuen Consonni Bilboko arte ekoizleak 2012an, “emakumeok lan egiteko, hausnartzeko eta sortzeko behar dugun espazio propio publiko nahiz pribatuaren aldarrikapen gisa”, eta, diru bilketa kolektibo baten laguntzaz, gela barruraino sartu zaigu uda honetan Gela bat norberarena, Maria Colera Intxaustik itzulirik.
Edozein itzulpenek dakarren zailtasunari Woolfen idazkera liriko landua erantsiz gero, argi dago ez zela izango lan samurra —jatorrizkoa irakurria duena ederki jabetuko zen horretaz—; baina euskal irakurleak, erraz eta gustura asko leitzeko ez ezik, modua izango du idazlearen beraren oihartzuna eta indarra aditzeko ere, esaldiz esaldi, adierazpidez adierazpide, titulutik bertatik hasi eta oin ohar xumeeneraino.
Euskarazko edizioak, gainera, bi hitzaurre ere badakartza, interesgarriak biak ere. Bata, Adelina Valgañon Artearen Historiako irakasleak idatzia da, eta liburuaren nolakoez eta eraginez mintzo da; bestea, berriz, Remedios Zafra idazle eta Arte irakaslearena da, eta nolabait lotzen ditu Woolfen gelaren pribatutasuna eta gaur egungo gela beti komunikatuak.
Hona hemen liburuaren zenbait ideia, labur emanak.
Woolfek, Emakumea eta literatura gai (zabal) gisa hartuta, hitzaldi batzuk eman zituen emakumeen bi kolegiotan, eta horietan oinarriturik dago liburua. Saiakera? Saiakera literarioa? Ezin sailkatu da Gela bat norberarena, idazleak, lausotu baino gehiago, urtu egin baititu saiakeraren eta literaturaren arteko mugak, errealitatearen eta fikzioaren artekoak. Edukiak ez ezik, formak eta narrazioaren elementuek ere egiten dute berezi idazkia; izan ere, Woolfek nahieran nahasten ditu gezurrak eta egiak, “eleberrigilearen libertate eta lizentzia guztiez baliatuz”. Gauzak badira, baina ez dira: Oxford eta Cambridge hortxe daude, baina ez daude; udazkena da, baina, beharbada, udaberria da; Mary Carmichaelik ez da sekula izan, baina hortxe dago, bizi-bizirik; narratzailea bera ere Virginia Woolf da, baina ez da, Mary Beton baitu izena —edo ez—. Literaturari buruz idazteko, antza, literatura baino hoberik ez dago; horra jolasa.
Woolfek —argi dio hasieratik— ez du asmorik ondorio biribil egiazko bat emateko, baina, aitzitik, etengabe botako ditu bere egiatxoak; irakurleari dagokio zer sinetsi eta zer gorde erabakitzea. Ez da erraza, baina areago izango da zaila bereiztea ironiaren eta inolako tolesik gabe esandakoen artean…
Idazle batek, taxuz idatziko badu, dirua behar du, eta lekua, eta denbora; horra hor Woolfen mezu soila. Begi bistakoa dirudi, baina, kontuan harturik historian ezintasun intelektualarekin lotu dela emakume idazlerik ia ez egon izana, Woolfek, barnetiko behar gorriz, azpimarratu zuen emakumeen problema nagusia horixe bera dela: sekula ez dutela izan ondasunik —edo ez direla izan beren ondasunen jabe—, eta ez dutela izan gela bat beraiena lasai idatzi ahal izateko, ez eta astirik ere, beti emakumeen zereginekin lanpeturik.
Baliabide materialik ez, eta gogo baliabideak ere, hesiturik: nola sortuko dira idazle andrazkoak, aurretik eredurik izan ez badute, egun osoan etxean sartuta badaude, eta, honelakoak entzutearen entzuteaz, emakumeek berek ere sinetsi baldin badute ez dutela balio idazteko, txakurrek dantzarako balio ez duten bezalaxe?…
Eta hortxe piztuko digu Woolfek, irudimenaren putzutik, Judith Shakespeare, eta kontatuko digu haren istorio tristea: nola bazuen anaiak adinako dohaina eta nola amaitu zuen bide bazter batean lurperaturik, idazteko aukerarik ezaren ondorioz bere burua hilda. William kanpora irtengo zen, eta ezagutuko zituen munduaren eztiak, zuloak eta ertzak, eta, bere dohainen dohainez eta libertatearen libertatez, bihurtuko zen idazle bikain; Judith, aldiz, munduak itota, bere dohainen ezinaren ezinaz, hilko zen haurdun eta atsekabeturik.
Amorrua taupaka sumatzen da liburu osoan, bizi eta bortitz zenbaitetan, barexeago beste batzuetan —Consonniren edizio honek, gainera, oso modu berezian nabarmendua dakar…—. Alde batetik, Woolfek dio idazle bati ezin zaiola amorrua gailendu, horrek idazkuntzaren funts garbi^eta libretik urrundu ohi duelako; bestetik, ordea, agerikoa da Woolfek berak bere amorruari ezin eutsia —edo eutsi nahi eza—. Ezbairik gabe, ederki jabetua zegoen gizarte patriarkalak maiz emakumeen —eta, bereziki, feministen— amorrua erabiltzen duela, hain zuzen, haien argudioak gutxiesteko.
Liburuan, ironia garratzez azaltzen du Shakespearek (Williamek) eta beste (gizon) batzuek modua izan dutela gogo giro lasai amorrurik batere gabean idazteko, eta horregatik sortu dituztela hain idazlan libre, zuzen eta hertsiki literarioak. Azken batean, amorrua gaitzetsi arren, amorraturik egoteko eskubide zilegia aldarrikatzen du Woolfek; areago, erdi etsita, behin eta berriz eskatzen du norbaitek azter dezala zer-nolako eragina izan duen hainbeste urtean irentsiriko amorru horrek bai idazle emakumeen buruan eta bai haien idazkeran.
“Guztiz penagarri litzateke emakumeek gizonek bezala idaztea, edo haiek bezala bizitzea, edo haien antza izatea: munduaren aniztasun eta zabaltasun ikaragarria kontuan izanik, bi sexu nahikoa ez dira eta, nola moldatuko ginateke bakar batekin?”. Bi sexu daude munduan, diferenteak dira, eta elkarren osagarriak; horra Woolfen pentsamoldea.
Idazlearen arabera —eta hau da haren proposamenik polemikoenetako bat—, beren sexuaren kontzientziarik ez duten idazleak dira onenak: aukerarik ezagatik amorratuta dauden idazle emakumezko gehienek erdipurdiko lanak sortuko dituzte, bai eta emakumeen aurrerabidea oztopatu nahiagatik amorratuta dauden idazle gizonezkoek ere. Woolfen aburuz, sorkuntza osoa izan dadin, buru barruan ere bat egin eta elkarlanean aritu behar dute norberaren sexuek —eta hor, nire ustez, generoaz ari da batez ere—: gogo femenino hutsezko idazle emakumeen eta gogo maskulino hutsezko idazle gizonen ordez, idazleak behar dira, gogo androginodunak.
Gela bat norberarena edukitzeko, eta lortzeko dirua, eta irteteko etxetik; idazteko denetik, eta modu orotan. Horixe eskatu zien garaikide zituen emakumeei eta, ziur asko, ondoren etorriko zirenei, eta ez bakarrik emakumeen onerako izango zelakoan, baizik eta, soilki, “liburu onak desiragarriak” direlako mundu guztiarentzat.
Azkeneraino ironiari eutsiz, eta inork biktimismorik egotz ez zekion —hori ere patriarkatuaren trikimailu usua izaten baita—, hona hemen, laburturik, Virginia Woolfen amaierako zirika eta erronka(txoa): emakumeok, beti izan duzue dena kontra, beti izango duzue zer egin esango dizuenen bat, gogorra duzue bidea, bai, baina ez ezazuela aitzakia hori sinets eta bertan goxo egin; segi aurrera, zuen esku dago-eta Judith Shakespeare piztea.
Liburuaren ideia (gutxi) batzuk gaingiroki azaldu ondoren, gogoeta pertsonalen bat —bestelako gogoetarik ba al dago, ba?…— plazaratzeko atrebentzia harturik, hiruzpalau kontutxo nahi nituzke esan:
Bat. Harrigarria da hitz hauek 1929an idatziak egotea. Orrialde hauetan daude, gaur egungo ikusmolde eta bizimodu feministen oinarriak ez ezik, baita literatura, historia eta bestelako hamaika alor soziologiko eta antropologiko aztertu eta ulertzeko ditugun oinarri franko ere.
Bi. Behin bakarrik leitzea ez da inolaz ere nahikoa liburu honen ertzez jabetu eta gozatzeko. Irakurraldi bakarrerako, bihurriegia da ironien jolas etengabea, zabalegia ideien oinarria, sakonegia testuinguruaren ontzia, landuegia prosaren zeharra, eta biziegia idazlearen etorria.
Hiru. Beharbada, materialismoa eta indibidualismoa sustatu nahia egotziko dio baten batek Woolfi; akusazio horren erantzun soila emana du idazleak, liburuaren azken atalean.
Lau. Ikastola eta institutuetako irakurgai zerrendan behar luke egon liburu honek hemendik aurrera, ezin hobeki euskaratu digutenez gero.
Etxe bat norberarena
Yolanda Arrieta
Jon Jimenez
Zebrak eta bideak
Nerea Loiola Pikaza
Nagore Fernandez
Zoo
Goiatz Labandibar
Asier Urkiza
Hetero
Uxue Alberdi
Joxe Aldasoro
Euri gorriaren azpian
Asier Serrano
Paloma Rodriguez-Miñambres
Galbahea
Gotzon Barandiaran
Mikel Asurmendi
Bihotz-museo bat
Leire Vargas
Irati Majuelo
Lagun minak
Jon Benito
Mikel Asurmendi
Francesco Pasqualeren bosgarren arima
Unai Elorriaga
Jon Jimenez
Neska baten memoria
Annie Ernaux
Asier Urkiza
Lautadako mamua
Xabier Montoia
Nagore Fernandez
Bihotz-museo bat
Leire Vargas
Bestiak Liburutegia
Rameauren iloba
Denis Diderot
Aritz Galarraga
Neska baten memoria
Annie Ernaux
Paloma Rodriguez-Miñambres