kritiken hemeroteka

8.758 kritika

« | »

Ispiluak / Eduardo Galeano (Xabier Alegria) / Txalaparta, 2013

Isiltasuna urratzeko begirada Alex Gurrutxaga / Berria, 2013-10-06

Obra oparoa duen egilea da Eduardo Galeano, nagusiki saiakeraren esparruan nabarmendu dena. Txalapartak 2000. urtean kaleratu zuen bere Hitz ibiltariak (Gerardo Markuletaren itzulpenean) eta aurten Ispiluak argitaratu du, Xabier Alegriak bost urte luzean Puerto de Santa Mariako kartzelan itzulia.

1963an argitaratu zuen lehen nobela (Los días siguientes) Montevideoko idazleak eta ordutik bere obra eta sona haziz joan dira. Betidanik izan da idazle intelektuala Galeano, politikoki inbolukratua eta gizartean posizioa hartu izan duena. Literaturan, berriz, bere hasierako lanak ez dira errealismo sozial deiturikoan kokatzen eta, alde horretatik, mugarria da Las venas abiertas de América Latina saiakera (1971). Lan horrek aipu bat dakar hasieran: “Mantendu dugun isiltasunak ergelkeriaren antz handia du”. Esaldi egokia izan daiteke Galeanoren literaturara hurbiltzeko.

Historia, gauza jakina da, garaileek idatzi izan dute, eta historia tradizionalek ahaztu egin dituzte galtzaileak, zapalduak, baztertuak. Espejos, una historia casi universal saiakerak (2008), isiltasun hori urratu nahirik, ahaztuak izan direnak dakartza bere orrietara. Hori bai, egileak titulutik bertatik onartzen du ironiaz historia unibertsal bat osatzea ezinezkoa dela.

Liburua markatzen duena egilearen begirada kritikoa da. Bi giltzarri nagusi daude Galeanok historia lantzeko duen moduan. Batetik, esan bezala, ahaztuen historia kontatzen du, gehiengo menperatuena. Esate baterako, historian zehar hainbat naziotan emakumeak bizi izan duen egoera aztertzen du. Bestetik, egina dagoen historia deseraikitzen du. Interesgarriak dira, adibidez, idazleak erlijioen eta elizen inguruan argitzen dizkigun kontuak: ba al dio ezer Koranak ablazioaz, noiz asmatuak dira Purgatorioa edo Infernua, Papa Noel nola sortu zen, e.a.

Formalki, Galeanoren literatura fragmentariotasunetik eraikia dagoela esan daiteke. Ispiluak, konkretuki, testu oso laburrez osaturiko lana da; genero askotariko ia seiehun kontakizun ditu, kronologikoki eta gaiaren arabera antolatuak. Jorratzen diren gaien aniztasuna ere paregabea da eta idazleak bere ideiak nahiz han eta hemen jasotako istorioak biltzen ditu. Hain juxtu, testuartekotasuna funtsezkoa da Galeanoren literaturan eta ahozko tradizioak, herri tradizioek eta mitoek presentzia handia dute Ispiluak lanean ere. Hauek dira saiakerak lantzen dituen zenbait gai: Antzinako Egipto, emakumearen egoera, erlijioa, arrazakeria, gerrak (antzinakoak eta modernoak), esklabutza, barrea, literatura, Hego Amerikako politika, enpresak, naturaren egoera, teknologia berriak, e.a. Bestalde, elipsien garrantzia erabatekoa da Ispiluak-en irakurketan. Izan ere, deskribapena eta kontakizuna dira nagusi Galeanoren literaturan: ez dago leziorik, gaia ez da murtxikatuta ematen eta, horregatik, irakurleak berak atera behar du ondorioa (dena esateko, testuak ia beti begibistan uzten duena).

Itzulpenari dagokionez, esango nuke tarteka herren geratzen dela, besteak beste sintaxi ilun eta ez oso freskoagatik (esaldi ordena arraroak, aditzekin egindako jokoak e.a.) edo lexiko zenbaitetan arkaizantea medio (abedera, ederbete, gizakunde, e.a.). Horretaz aparte, akats gramatikalak ere dezente dira.

Amai dezagun tituluarekin. Umberto Eco maisuak ispiluei buruzko saiakera batean zera dio: ispiluek mundua hobeto ikusten laguntzeaz gain, besteen begiradara gerturatu eta geure burua ikusten ere laguntzen digutela. Galeanoren lan hau ispilu bat da, akaso ez duena errealitatea aldatuko, baina bai irakurlearen begiratzeko modua.

Azken kritikak

Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena

Irati Majuelo

Basatiak
Maria Reimondez

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Zerua hemen
Oihana Arana

Paloma Rodriguez-Miñambres

Sekularizazioa Euskal Herrian
Joxe Manuel Odriozola

Mikel Asurmendi

Garondoan
Gorka Bereziartua

Asier Urkiza

Mundu guztiak
Ruben Sanchez Bakaikoa

Nagore Fernandez

Kantu leuna
Leila Slimani

Maialen Sobrino Lopez

Odola kantari
Unai Elorriaga

Mikel Asurmendi

Bihotzean napalma
Pol Guasch

Irati Majuelo

Izatearen arintasun jasanezina
Milan Kundera

Aritz Galarraga

Zerua hemen
Oihana Arana

Ibon Egaña

Espekulazioak
Arrate Egaña

Mikel Asurmendi

Itzala
Maixa Zugasti

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá

Asier Urkiza

Artxiboa

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

2025(e)ko iraila

2025(e)ko abuztua

2025(e)ko uztaila

Hedabideak