kritiken hemeroteka

8.769 kritika

« | »

Zinegotzia / Fermin Etxegoien / Erein, 2013

Irakurlearen konplize eta akuilu Alex Gurrutxaga / Berria, 2013-06-23

Fermin Etxegoienek bigarren nobela argitaratu berri du —Euskadi Saria irabazi zuen Autokarabana izan zen lehena—, Zinegotzia izenekoa, eta bertan aktualitate politikoari errotik heldu dio. Errotik ez ezik, lehen esalditik ere bai: “Eskumako zinegotzia berandu esnatu zen Euskal Herriaren independentzia bere eskutik etorri zen egunean”. Hortik aurrera, zinegotziak (Bixen izenez) pasatzen duen eguna kontatzen zaigu, goizetik gauerdira pixkanaka aurrera eginez. Nobelak oso ongi eusten dio tentsioari, baina amaieran, korapiloaren askapenean hondoratu egiten da.

Trama politikoak utopikotik eta, beraz, balizko etorkizunetik asko duen arren, nobelako gai nagusiak erabat aktualak dira: erreferenduma, zabor-bilketa, etxegabetzeak, Cabacas kasua, sare sozialak eta abar. Politikaz gain, nobelaren euskarri tematikoak dira familia eta herriko giroaren irudikapena, eta esango nuke askotan politikaren gaia lantzen den baino indar gehiagorekin tratatzen direla biak ala biak. Izan ere, pertsonaia nagusiaren karakterizazioa sendoa da, bere barne-gatazkatan oso matizatua, eta hainbat alderdi hartzen ditu kontuan; besteak beste, gaztaroko traumak, aitaren figura, anaiarekin duen erlazioa, bikote-harremana edota sexua. Kuriosoa da, gainera, nola bereizten diren pertsonaia nagusiaren baitan izaera edo rol desberdinak: Bixen zinegotzia da, baina baita harakina eta aita ere; eta hiru rol horien arteko tentsioari hasieratik amaierara ateratzen dio txispa idazleak.

Nobelaren kontamoldeak badu beste hainbat alderdi interesgarri. Esanguratsuena, beharbada, narratzaileak erabiltzen duen kontateknika da. Hirugarren pertsonan mintzo da, kanpotik bezala baina iritzirik eman gabe, pertsonaien gainetik, eta tarteka irakurleari zuzentzen zaio; hala, narratzaileak agerian uzten du istorio bat kontatuko digula. Modu horretan, irakurlea konplize bihurtzen du, eta une batean ematen du biak elkarrekin, narratzailea eta irakurlea, ari direla pertsonaiei begira. Jolas gustagarria da eta, horrez gain, esango nuke irakurleari dei egite horrek baduela beste helburu bat, pentsaraztearekin lotua; garbi ikusten da narratzailea “zu” bati zuzentzetik “zuek” batera pasatzen denean: “Zuek, injustiziaren aurkako borrokak kanpotik ikusten dituzuenok: egingo al zenukete zerbait Bixenen haragian izanez gero?”. Narratzaileak bilatzen duen konplizitate hau iruditzen zait liburuaren klabeetako bat, efektiboa dena irakurtzeko moduan eragiten duen neurrian.

Kontakizunaren tonua ironikoa eta kritikoa da alde batetik: egia esan Bixen nahiko erridikulo ikusten dugu tarteka, eta umore printzarik ere ez da falta. Baina, beste alde batetik, serioa ere bada, gertaera gogorrak ere bai baitira tartean. Eta tonua dela eta, esango nuke berau dela amaieran nobelak huts egitearen arrazoietako bat. Apurtu egiten da nobela guztian mantentzen den tonu tragikomikoa, gogorraren eta patetikoaren arteko kinka hori —ongi funtzionatzen duena ordura arte; esaterako, abertzale moderatua Guardia Zibilarengandik ihesi ikusten dugunean—, eta hondarrean absurdoa eta patetikoa soilik geratzen delako. Gainera, tramaren oinarri politikoa hain potentea izanik —independentzia alajaina—, irakurleak amaieran danbateko bat espero duela iruditzen zait, eta neuk behintzat plof bat sumatu dut, gai nagusiari irtenbidea eman ordez ihes egiten zaiolako neurri batean.

Azkenean, Zinegotzia esaldi batean definitzeko eskatuko bazenit, esango nizuke ez dela nobela paregabea, baina liburu oso interesgarria dela eta merezi duela irakurtzea.

Azken kritikak

Itzala
Maixa Zugasti

Maialen Sobrino Lopez

Turismoa
Asier Basurto Arruti

Maialen Sobrino Lopez

Geratzen dena
Ione Gorostarzu

Maddi Galdos Areta

Zerua hemen
Oihana Arana

Maialen Sobrino Lopez

Barne zerbitzuak
Katixa Agirre

Amaia Alvarez Uria

Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda

Joxe Aldasoro

Ni, laiko
Markos Zapiain

Aritz Pardina Herrero

Zure bazterrekoak
Cesare Pavese

Asier Urkiza

Termita
Garazi Albizua

Nagore Fernandez

Argazkiaren erabilera
Annie Ernaux

Maialen Sobrino Lopez

Café Mokka
Jabier Muguruza

Mikel Asurmendi

Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena

Irati Majuelo

Basatiak
Maria Reimondez

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Zerua hemen
Oihana Arana

Paloma Rodriguez-Miñambres

Artxiboa

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

2025(e)ko iraila

Hedabideak