kritiken hemeroteka

8.811 kritika

« | »

Zinegotzia / Fermin Etxegoien / Erein, 2013

Batetik bestera Aritz Galarraga / Deia, 2013-06-15

Labur, pare bat kontu paraliterariok eman didate atentzioa Fermin Etxegoienen bigarren eleberriaren aurkezpenetik. Batetik, Inazio Mujika Iraola editoreak aurkeztu duela, Alberdania ez dakigu iraungitik Ereinerako saltoa publiko eginez. Bestetik, eta ez da dirudien bezain kontu hutsala, portadak. Ez da itsusia portada, nola esan, begiratzen zaila baizik. Eta kasu isolatua balitz, tira, baina ez ote den euskal ediziogintzan tendentzia bilakatzen ari.

Hara, horrela aurkeztu zaigu, beraz, Zinegotzia, 2013ko ekainaren 6 batean. Izan ere, eleberrian kontakizun dena fikziozko egun horretantxe garatzen baita, hasi eta buka, osoki. Eta akaso egokiena zatekeen iruzkin hau ere egun berean ateratzea. Barka, hartara, beranta. Egun bakarrean gertatzen da, aktualitate aktualitateena harrapatzen du —ETA-ren armen uztea, M15-a, baina baita zabor bilketaren inguruko kakanahastea ere, berriago diren erresistentzia bide baketsuak, etab.—, eskuineko zinegotzi bat izanik protagonista. Eta Euskal Herriaren independentziarekin bukatzen da endemas, edo —spoiler!— hori sinestarazten zaigu kontakizunaren luze-zabalean. Baina tramarik apenas dauka eleberriak, aurrera egiteko gako bakarretakoa da zerbait pasako dela etengabe gogoraraztea. Eta trama ez bada lakio aski eraginkorra, behintzat izan daitezela nobelako hausnarrak behar bezain pisutsuak. Izan dezake grazia eskuineko politikari batek nazioaz, independentziaz, politikaz orokorrean uste dituenak aletzea, oso ohikoa ez dena akaso. Eta kolpe onak dituela ezin uka. Baina oro har aurrez uste baino ahulxeagoak suertatzen dira gisa horretako pasarteak. Hartara, politika estuari buruzkoak baino, jakingarriagoak iruditu zaizkit adibidez familiarekikoak, nola egiten den familia eredu tradizionalaren gaineko laudorioa, irakurketa ironikorik ez bagenu preokupagarria ere izango litzatekeena.

Gogoan daukat Etxegoienen lehen eleberri sarituak —Kritika saria, Euskadi saria— bere garaian ekarri zuen polemika. Egin zitzaion kritika garrantzitsuena izan zen Autokarabanaren estiloa zaila dela irensten. Gogoan daukat nirekin funtzionatu zuela, iruditu zitzaidala eleberriak protagonista zuen krapula harekin ondo ezkontzen zela. Bigarren eleberri honetan ere aurkituko dugu lehenengoko hizkera trabatu, nahasi, zabar hura. Baina diferentzia handi batekin: lehen nobela lehen pertsonan idatzia zegoen, bat zetorren narratzaile ere bazen protagonista harekin. Diferentzia da orain hemen hirugarren pertsonako narratzaile orojakile baten aurrean gaudela —ustez, bukaera aldera sopresa berri bat izango baita horrekin ere—, eta zein den, zer den ez dakigula, bada, ez duela berdin ematen estilo horrek. Are pasarte batzuetan gaizki ere ematen du.

Hala nahasten dira batetik gauza nahasgarriak, eta bestetik kolpe onak. Adibide bat jartzearren: 25-26 orrialdeetan trakets antza kontatua irakurriko dugu saltzaile katalan trajedunaren pasarte bat —harira ondo datorren ere ez dakidan—. Eta jarraian kolpe bat dauka kontakizunak, zinegotziak eskua aho-sudurretara eramatean narratzaileak esaten duenean: “Berehala bururatu zitzaion norbaitek pentsa zezakeela eskuin eskua aho-sudurretan zeramala bezperako botazioan izan zuen jarrerak lotsatzen zuelako”. Eta modu horretan ibili da irakurle hau Etxegoienen eleberri berriarekin, batetik bestera, gozakaitz maiz, plazer hartuz gutxiagotan.

Azken kritikak

Atzerakarga
Fermin Etxegoien

Asier Urkiza

Manifestu filosofikoa
Agustin Arrieta Urtizberea

Aritz Pardina Herrero

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Mikel Asurmendi

Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá

Maialen Sobrino Lopez

Zazpigarren gizona
John Berger / Jean Mohr

Peru Iparragirre

Olibondoaren herria
Markel Elortza

Mikel Asurmendi

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Asier Urkiza

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Nagore Fernandez

Izan gizona
Aritz Galarraga

Nagore Fernandez

Gurea falangista zen
Alberto Barandiaran

Mikel Asurmendi

Termita
Garazi Albizua

Maialen Sobrino Lopez

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Ibon Egaña

Hezitopia
Nora Salbotx

Mikel Asurmendi

Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Artxiboa

2026(e)ko urria

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2026(e)ko

2025(e)ko abendua

Hedabideak