kritiken hemeroteka

8.787 kritika

« | »

Geltokiak edo helduta entzuteko abestiak / Goiatz Labandibar / Elkar, 2013

Geltokirakoak Alex Gurrutxaga / Berria, 2013-05-26

Goiatz Labandibarren lehen liburua duzu Geltokiak edo helduta entzuteko abestiak. XIV. Igartza Saria irabazi zuen bere proposamenak eta urte hasieran argitaratu dute hamabi ipuinez osatutako bilduma. Izenburuaren bigarren atala ipuin batetik hartua da eta Geltokiak hitzak, berriz, bildumaren elementu oinarrizkoena zein den erakusten du: ipuin bakoitza Europako hiri batean kokatzen da eta bertako geltokiak beti du, gutxi-asko, zer esana.

Geltokia heterotopia bat da, nulle part bat, pasaerako tokia, ez hemen eta ez han egotekoa. Halaber, geltokiak bidaia suposatzen du, eta bidaiak aldaketa. Ipuinotako pertsonaiek ere aldaketak bizi dituzte, bizitzaren joan-etorriak, eta agertzen diren erlazio gehienak ahul eta aldakorrak dira. Izan ere, heterotopiek, espazio nagusiek ez bezala, ez dute sendotasunik iradokitzen.

Bildumako geltoki esanguratsuena Hendaiakoa da. Bi ipuin daude hari lotuta, lehena eta azkena, bidaia borobila osatuz. Gainera azken ipuina zahartzeari buruzkoa da eta tematikoki ere ixten du liburua. Bi narrazio hauek geltokiaren esanahi bana planteatzen dute. Lehenengoan konpromisoa balioesten da. Indibidualismoak eta autonomia nahiak giza erlazioak baldintzatzen dituzten honetan, testuak honela dio: “hirugarren aldiz ere maitemindu behar delako zenbaitetan bikoteaz”. Eta lehen ipuinean geltokia eta trena hurbiltzearen irudi diren bezala, azken ipuinean urruntzea irudikatzen dute: geltoki batean bereizi ziren bi pertsona ez dira berriz hain hurbil egongo.

Narrazioetako gai garrantzitsuenak giza-harremanekin dute lotura: bikote erlazioak, familiakoak, maitasuna, adiskideak, e.a. Pertsonaiak dira gakoa, beraz. Bidaia, immigrazioa eta herritik joatea ere gai garrantzitsuak dira. Esan behar da ipuin askotan norberaren askatasuna eta independentzia aldarrikatzen dituztela pertsonaiek. Areago, zenbaitetan agerikoak dira familiarekiko lotura falta (Niza-n adibidez), konpromisorik eza eta indibidualismoaren aldeko jarrerak: esaterako Trieste ipuinean (“Eta norberak nahi duena egin behar duela…”), edota Genoa-n (“Eta ez bata ez bestea ez zirela inoiz inori lotuko”).

Kontatekniketan molde tradizionalak dira nagusi: ia ipuin guztiak hirugarren pertsonan eta iraganaldian kontatuak daude. Jakina, horrek ez dio axola baldin eta beste zerbaitek irakurlea eramaten badu. Baina neuk behintzat ez dut sumatu generoak eskatzen duen intentsitaterik. Istorio eta elkarrizketa zenbaitek sinesgarritasun gutxi dutela ere esango nuke (Marseilla-k edota Venezia-k, adibidez). Bada, halaber, hainbat bider erabiltzen den errekurtso bat: ipuin batzuetan aforismo moduko bat-edo agertzen da (“bizitzari beti eman behar zaizkio bi aukera”, “maitasun gutunak bizitzan behin jasotzen dira”, e.a.), eta horren inguruan bilbatzen da istorioa, batzuetan emaitza txukunarekin (Marseilla-n, adibidez), nahiko behartuta beste batzuetan (Venezia-n, kasurako).

Hizkera arina da, beharbada estiloaren distiraren kaltetan, eta liburua erraz irakurtzen da. Azken ohar bat. Iruditzen zait literatur kritikak ez duela gramatikaz hitz egin behar, edo behintzat seinale ona dela hartaz hitz egiteko arrazoirik ez izatea. Kasu honetan, ordea, ezin aipatu gabe utzi italierazko esapideetan akatsak daudela eta, larriagoa den kontua, hitanoa erabiltzen den kasuetan ugariak direla akatsak.

Azken batean, bidaia entretenigarria eta irakurterraza proposatzen du liburuak. Akaso matizen falta suma lezake irakurleak, literatura falta.

Azken kritikak

Zerua hemen
Oihana Arana

Maddi Galdos Areta

Odisea
Homero

Aritz Galarraga

Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena

Maialen Sobrino Lopez

Gatazka eta abusua ez dira gauza bera
Laura Macaya / Hamaca

Amaia Alvarez Uria

Sasi arteko sugarrak
Sebastian Gartzia Trujillo

Hasier Rekondo

Agerre
Juan Luis Zabala

Mikel Asurmendi

Narrugorrik
Ixiar Rozas

Mikel Asurmendi

Honekin egin nahi duzuna
Itziar Agirre Sagaseta

Maialen Sobrino Lopez

Zaldi bat
Maddi Ane Txoperena

Mikel Asurmendi

Fakirraren ahotsa
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Itzala
Maixa Zugasti

Maialen Sobrino Lopez

Barazkijalea
Han Kang

Jon Martin-Etxebeste

Café Mokka
Jabier Muguruza

Aiora Sampedro

Itzala
Maixa Zugasti

Mikel Asurmendi

Artxiboa

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

Hedabideak