« Aldarrikapen poetikoak | Geltokirakoak »
Geltokiak edo helduta entzuteko abestiak / Goiatz Labandibar / Elkar, 2013
Erasmus literaturaren itzulera ote? Iraitz Urkulo / Berton, 2013-05-26
“Urtebeterako joan zen hara, bere buruari galdetuz Erasmus bekako hiru mila euroak nahikoa izango ote ziren. Esperientzia izugarria. Bidaiatzeko aukera. Festa asko eta ikasi gutxi. Ez al zioten Orgasmus deitzen, ba? Eta agian hori behar zuen berak ere. Bilboko ostegunetan ligatu ez zuena Venezian gozatzea”.
Goiatz Labandibarrek 2011n Igartza beka irabazi zuen “Interrail” izeneko narrazio-liburu baterako proiektuarekin. Bada, idazleak saritutako egitasmoa gauzatu eta bere lehen lana dena argitaratu berri du Geltokiak edo helduta entzuteko abestiak izenburupean. Hamabi narraziok osatzen dute obra eta, berezitasun gisa, kapituluen izenburuek obrarenaren sintaxi bera jarraitzen dute, esaldi disjuntiboaren lehen osagaia Europako hiri baten izena delarik eta bigarrena, ipuin bakoitzaren identifikagarritzat har daitekeena.
Egitura borobila du liburuak, hau da, Europan zeharreko geraleku askotako tren-bidaia gisa planteaturik, Hendaia du abiapuntu eta helmuga, artean Marseilla, Geneve, Venezia Trieste, Ljubljana, Zagreb, Rijeka, Pula, Genoa eta Nizan girotutako istorioak badaude ere. Geltokiak berdin-berdin bizitza berri edo ihes egindakoaren metafora ahul bihurtuak dira obran, osotasun-sentsazioa areagotzeko ezarritako istorioen arteko lotura gisa funtziona dezaketenak; irakurlea narrazioz narrazio hiri batetik bestera daraman Interrailaren ibilbidearekin gerta bezala azken batean, oinarri sendorik gabekoa, aitzakia hutsa irudi lezakeena, baina, besterik ezean, eraginkorra suertatzen dena.
Halere, pentsa zitekeenaren aurka, ipuinotan kokapenak ez du berebiziko garrantzirik eskuratzen, izan ere, apenas aurki daiteke deskribapenaren erabileraren adibiderik, horren ordez, narratzaileak gertaeretara zuzen jotzea nahiago du, nonbait. Egiatan, zenbait bitxitasun kenduta, irakurri ondoren istorioak beste edozein tokitan gerta zitezkeelako sentipena daukat, ekintza gehienbat giro atzerritar zehaztugabean garatzen delakoa, ez-leku gisa defini genezakeenean, alegia. Eta kokapenean nabari den urruntze-fenomeno bera aplika dakieke pertsonaiei ere, lan honetan euskaldunak gutxiengo baitira.
Frustrazioz beteriko berrehun orrialde, maitasunaren gaiaren inguruan protagonistek hamaika modutan pairatzen dutena, hain zuzen: maitasunaren grina gehiegizkoa, ezinezko maitasuna, maitasun iruzurtia, ezusteko maitasuna, maitasunaren porrota, iraganeko maitasunaren oroitzapena… Era batera edo bestera zapuztutako maitasun istorioen katalogoa osa zezaketen narrazio liburu honetako protagonistek; hala, bakoitzaren adina eta egoera pertsonala gorabehera, pertsonaia arrunt eta bizitzan nahasi bezain galdu gisa irudikatzen zaizkigu maiz. Ez da haien artean heroirik… ezta antiheroi edo galtzaile erabatekorik ere. Amaiera guztiz zoriontsurik edo tragedia izugarririk ez dagoen bezala. Bizi irrika urria da istoriotan, egunerokoaren monotoniarekiko atxikimenduaren alderantzizko proportzioan esango nuke. Bigarren maila batean, bestalde, mundua beraren martxa, bizitzaren joana eta, batez ere, denboraren iragaitea dira antzeman daitezkeen kezka nagusietako batzuk, ekintzaren estatismoarekiko kontraste bizian aritzen direnak.
Estiloari dagokionez, baliteke istorio gehienak busti dituen etsipenezko tonu hori izatea, hain zuzen, narrazio-liburuari osotasuna ematen dion ezaugarririk erabakigarriena. Edozein modutan, lehen begiratuan behintzat, harrigarria da konprobatzea liburu hau zein ondo egokitzen den Labandibarren belaunaldikide zenbaitek hastapenetan landu eta gerora abandonatu egin zuten literatura moldearekin, “Erasmus literatura” deitutakoarekin, alegia. Autoreari dagokionez, idazle gaztea, emakumea, Igartza bekari esker lehen lana argitaratutakoa… Soilik literaturari dagozkionak kontuan hartuz gero, kanpora jo eta irakurlea turista balitz bezala tratatzeko joera, idazteko orduan pasarte autobiografikoak oinarri hartzea (idazleak berak egindako Interrail bidaia, kasu honetan; izan ere, bada errealitatetik zintzoki edaten duen narraziorik), Euskal Herriko gatazkaren gaia lehen narrazioan eta zeharka baino ez aipatzea eta, jarrera apolitikoa oro har eta, amaitzeko, atzeko azalak nabarmentzen duen “Venezia edo bigarren aukeren hiria” izeneko istorioak erakusten dituen Erasmus doazen ikasle euskaldunei buruzko topikoen erabilera eta gay bakarti baten agerpena bat datoz Erasmus literaturaren bereizgarriekin.
Nahiz eta istoriotan agerikoa den originaltasuna bilatzeko esfortzua, pertsonaia, argumentu zein diskurtsoari eragiten diena, anekdoten berezko indarraz gaindi, gaur egungo errealitateari hain itsatsita aritzeak fikzioaren itotzea dakarrelakoan nago, hain zuzen ere errealitatea, ohikotasuna, normaltasuna eta arrunkeriaren kontzeptuen arteko muga lausoa dela eta. Baina hauxe fikzioa irakurleok deseroso sentiarazteari uko egiten ez dion eta, gainera, errealitatetik ihes egin edo, behintzat, haren ikuspegi berri bat eskaintzeko gai den eremu gisa ulertzen duen kritikari honen arazoa izan daiteke. Edozelan ere, are gehiago Geltokiak edo helduta entzuteko abestiak Goiatz Labandibarren lehen literatura lana dela ezagututa, idazle gazte batengandik arrisku handiagoak espero nituen.
Etxe bat norberarena
Yolanda Arrieta
Jon Jimenez
Zebrak eta bideak
Nerea Loiola Pikaza
Nagore Fernandez
Zoo
Goiatz Labandibar
Asier Urkiza
Hetero
Uxue Alberdi
Joxe Aldasoro
Euri gorriaren azpian
Asier Serrano
Paloma Rodriguez-Miñambres
Galbahea
Gotzon Barandiaran
Mikel Asurmendi
Bihotz-museo bat
Leire Vargas
Irati Majuelo
Lagun minak
Jon Benito
Mikel Asurmendi
Francesco Pasqualeren bosgarren arima
Unai Elorriaga
Jon Jimenez
Neska baten memoria
Annie Ernaux
Asier Urkiza
Lautadako mamua
Xabier Montoia
Nagore Fernandez
Bihotz-museo bat
Leire Vargas
Bestiak Liburutegia
Rameauren iloba
Denis Diderot
Aritz Galarraga
Neska baten memoria
Annie Ernaux
Paloma Rodriguez-Miñambres