kritiken hemeroteka

8.553 kritika

« | »

Madame Bovary / Gustave Flaubert (Patxi Apalategi) / Elkar, 2013

Madame Bovary Mikel Garmendia / eizie.org, 2013-05-07

Eleberriak berak adina zer-esan, iritzi eta balorazio eragin izan dute bertako protagonistek, Charles, Emma eta Monsieur Homaisek. Asko dira protagonistoi egotzi izan zaizkien bertuteak eta tatxak. Eta, jakina, zein posizio eta garaitatik begiratzen zaien, oso desberdinak dira balorazio eta iritziok. Zerbait argi samar esan badezakegu zera da, Flaubertek xehetasun guztiekin erakusten dizkigula bere garaiko gizartearen ezaugarri sozial eta psikologikoak eleberriko pertsonaien bitartez, errealismoaren eta determinismoaren erakusgarri.

Hamaika azterlan eginak dira Flauberti berari buruz, Flauberten bizitza eta pentsamoldearen eta Madame Bovary eleberriaren arteko parekotasunei buruz, hainbeste non hortxe dugun bovarismoa ere, ustez motiborik gabe abaildurik egotea aditzera ematen duen egoera psikologikoari eman zaion izena. Asekaiztasun horrek eraman zuen Emma Bovary bere buruaz beste egitera, baina asetzeko beste bideek ere, Charlesenak eta Homaisenak ere, eztabaida-iturri ditugu: arrakasta zeri deitzen diogun. Izatearen eta edukitzearen arteko gatazka dela esango nuke, azken batean, eleberriko ardatz nagusia.

Behin eta berriro begiratu, zuzendu eta berrantolatu omen zituen Flaubertek bere eskuizkribuak, harik eta lortu nahi zuen efektua atera arte, esaldien neurriaren aldetik, musikalitatearenetik, lokalismoenetik… Idazkera ondo neurtua, beraz, eta aldi berean, egundoko erronka itzultzailearentzat, Felipe Juaristik hitzaurrearen amaierako hitzotan adierazten digunez: “Oreka lortzen du Flaubertek konposizioan, hiztegian, esaldi bakoitzaren erritmoan. Frantsesez irakurri duzuenok konturatuko zarete berehala zeinen zaila den duintasunez nobela hau euskaratzea, Patxi Apalategik egin duen bezala”. Duela hogei urte ikusi zuen argia lehendabizikoz Madame Bovaryk euskaraz. Hogei urteren ondoren argitaratu dena egungo arau ortotipografiko eta formaletara egokitua dugu, maila horietan izan baita aldaketarik euskeraren arautegian. Ez dugu, beraz, berritzulpena, itzulpen eguneratua baizik, lexiko-aldaketaren bat edo beste gorabehera (gobeta jokoa>indiaka-jokoa). Itzulpen-lan duina Apalategirena, bat gatoz horretan Juaristirekin, eta exijentea ere bai, gehituko genuke, lexikoaren aldetik (galartzu, elaite, oskiherresta, purpuxeta, xixtro, txularme…).

Urrezko Biblioteka bildumaren eskutik heltzen ari zaizkigun lanek badute alde on hori, alegia, batez ere hitzen forma eta grafia eguneratuak ditugula lanotan. Besterik da eguneratu edo aldatu beharreko bakarra hori den, alegia, maila ortotipografikoa eta formala. Arestian aipatu dugunez, idazkera orekatua, ondo neurtua, efektua biltzen duena da, kasu honetan, Flaubertena. Zertan antzemango diogu idazkera ondo neurtu, orekatu eta lortu nahi duen efektua lortzen duenari?

Esango nuke, neurri handi batean, lexiko aukeraketa egoki bat beti lagungarri izango bazaigu ere, aukeratutako edo egindako hitz-konbinazio finkoetan dagoela gakoa. Eta lokuzio, esaera zahar eta horrelako molde idiomatikoez harago, hitz-konbinazio ez idiomatikoetan. Bestela esanda, hizkuntza jakin batean erabilerak —eta ez arauak— urtetan zehar finkatu dituen konbinazioetan. Halakoen azterketa diziplina berri samarra izan arren, badira han-hemenka —beste hizkuntza batzuetan aski aurrerago dabiltza— alor horri heltzeko ahaleginak. Itzulpen-trebakuntzarako bide ezin interesgarriagoa eta, zergatik ez, aukera berriak zabal ditzakeena, etengabeko aldakuntza-prozesua baitugu hizkuntzena eta, horrenbestez, itzulpenena, bertsio berriena, berritzulpenena. Aipatu ditugun hitz-konbinazio finko horiek herri-literaturan, literatura kultuan, poesian… nola funtzionatzen duten aztertzea litzateke, nik uste, itzulpen-jardueran oso kontuan hartzeko gai bat.

Bitartean, hemen daukagu Madame Bovary, XIX. mendean idatzia, bere garaian eskandalua eragin zuena eta gaurkotasunik batere falta ez zaiona, Urrezko Bibliotekaren emaitza eraberritua, euskarazko bertsio duin batean.

Azken kritikak

Kontra
Ane Zubeldia Magriñá

Irati Majuelo

Denbora galduaren bila / Swann-enetik
Marcel Proust

Aritz Galarraga

Iraileko zazpi egun
Eneko Azedo

Aiora Sampedro

Iragan atergabea
Julen Belamuno

Mikel Asurmendi

Anatomia bertikalak
Lierni Azkargorta

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Lurrez estali
Ximun Fuchs

Jon Jimenez

Irakurketaren aldeko manifestua
Irene Vallejo

Mikel Asurmendi

Poesia guztia
Safo

Mikel Asurmendi

Josefa, neskame
Alaitz Melgar Agirre

Jon Jimenez

Oihaneko ipuinak
Horacio Quiroga

Jon Jimenez

Reset
Aitziber Etxeberria

Mikel Asurmendi

Baden verboten
Iker Aranberri

Jose Luis Padron

Gizaberetxoak gara
Mikel Urdangarin Irastorza

Jon Jimenez

Iragan atergabea
Julen Belamuno

Hasier Rekondo

Artxiboa

2025(e)ko iraila

2025(e)ko abuztua

2025(e)ko uztaila

2025(e)ko ekaina

2025(e)ko maiatza

2025(e)ko apirila

2025(e)ko martxoa

2025(e)ko otsaila

2025(e)ko urtarrila

2024(e)ko abendua

2024(e)ko azaroa

2024(e)ko urria

Hedabideak