« Erantzuna [“Eragozpenak” post-ean, 3] | Kaukason zehar »
Alkasoroko Benta / Mikel Taberna / Susa, 2013
Alkasoroko Benta Eneritz Iraola / Galtzaundi, 2013-04-12
Alkasoroko Benta Mikel Tabernak (Alkaiaga, 1957) kaleratu duen lehenengo eleberria da. Lesaka eta Bera artean dago Alkasoro, idazleak sortu duen Bortzirietako seigarren herria. Hango bentako semearen begiek, Martin Irazokirenek, betetzen dute kamera zorrotzaren papera. Urteetan atzera egin eta 60. eta 70. hamarkaden argazkia egiten du idazleak. Orduko jendea eta giroa errealismo handiarekin deskribatzen zaizkigu. Sudurrera heltzen da bentako txikitoen usaina, belarrian sartu Felixianoren ateraldiak, sentitu barra atzeko Begoren desio begiradak, ikusi aldapa, ibai eta herriko txokoak… gu geu ere Alkasoron bagina bezala. Bortzerriak beharrean, egiaz sei herri direla pentsarazteraino.
Mikel Tabernak hizkera bizia darabil, freskoa. Protagonista bera da gertaerak lehenengo pertsonan kontatzen dizkiguna, Bordatxo izeneko pasartea salbu. Benetan atsegina egin zait narratzaileak duen hitz jarioa. Asmatu du gainera, pertsonaia hazten joan den heinean, eboluzio hori ere hitz egiteko moduan islatzen. Haur begirada batean, gizarte aldaketak ikusten dituen gaztea bestean. Hori bai, beti bere xalotasunari eutsiz.
Idazleak lexiko eta esapide aldetik egin duen apustua ere ederra iruditu zait. Eleberria euskara batuaz idatzi duen arren, Bortzirietako euskaraz busti baitu orrialde bakoitza. Irakurleari sekula edo aspaldian entzun ez zituen hitzak eskura jarri dizkio. Horrek testuaren ulermenean ez du kalterik eragiten, hitzak testuingurua baliatuz azaltzeko modua aurkitu baitu. Eltzetzuak aipatzen dira behin eta berriz, eta ez dira ez, bentako sukaldeko su gainean jartzen ziren ontziak.
Hamar pasarte dira, banaka irakurrita ere ulertzen direnak. Istorio entretenigarriak batzuk, gordinagoak besteak. Idazlearen gazte garaiko oroitzapenak fikzioarekin dantzan doaz. Ipuin laburrak direla pentsa liteke hasieran, baina irakurri ahala konturatzen zoaz guztia ongi ehundutako sare bat dela. Bordatxo da hasiera eta Bordatxo dago amaieran. Biak oinarritzen dira egiaz gertatu ziren zoritxarreko pasarteetan. Lehenengoa 50. hamarkadan, bigarrena 1976an. Amaiera biribila du. Idazleak irakurleari barrenera tiro egiten dio. Gordea zuen azken bala eta liburua itxi ondoren ere, irauten du tiro hotsaren oihartzunak.
Sorbatza
Markel Sanchez
Asier Urkiza
Dakigun hori
Garazi Arrula Ruiz
Nagore Fernandez
Ipuinak eta antzezlanak
Lourdes Iriondo
Amaia Alvarez Uria
Ezezagunak trenean... irakurtzen
Miren Billelabeitia
Paloma Rodriguez-Miñambres
Dakigun hori
Garazi Arrula Ruiz
Mikel Asurmendi
Narrugorrik
Ixiar Rozas
Peru Iparragirre
Lera
Castillo Suarez
Maialen Sobrino Lopez
Hezitopia
Nora Salbotx
Joxe Aldasoro
Atzerakarga
Fermin Etxegoien
Asier Urkiza
Manifestu filosofikoa
Agustin Arrieta Urtizberea
Aritz Pardina Herrero
Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria
Mikel Asurmendi
Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá
Maialen Sobrino Lopez
Zazpigarren gizona
John Berger / Jean Mohr
Peru Iparragirre
Olibondoaren herria
Markel Elortza
Mikel Asurmendi