kritiken hemeroteka

8.544 kritika

« | »

Kristalezko begi bat / Miren Agur Meabe / Susa, 2013

Erantzuna [“Eragozpenak” post-ean, 1] Beñat Sarasola / ibanzaldua.wordpress.com, 2013-04-10

Interesgarria Iban, nahiz eta, oraingoan, ez nagoen ados zure balorazioarekin eta azaltzen dituzun arrazoiekin.

Uste dut badagoela elementu bat liburu guztia [Kristalezko begi bat] zeharkatzen duena eta funtsezkoa dena bere osotasunerako. Zuk aipatutako hainbat eragozpen uxatzeko balio du gainera. Autoironiaz ari naiz —horrela detituko diot—. Haren bidez distantzia bat markatzen du, alde batetik, pertsonaiari bururatzen eta pertsonaiak egiten dituen gauzen eta, bestetik, haien inguruko balorazioen artean. Distantzia hori ohartu ezean baino ezin da ulertu, esango nuke, zuk ulertu duzun moduan liburua. Harritu nau hori aintzat hartu ez izana ironiaren suporter ezaguna zarenez. Modu agerikoenean, hainbat ataletako amaiera aldeko apuntetxoetan —Coetzee-ren Summertime-tik hartuak eta letra etzanean agertzen direnak— azalaratzen da autoironia hori baina ez hor bakarrik; esan bezala, testu guztian dago aldez edo moldez. Haren bidez, besteak beste, “niaren literaturek” eduki ohi duten arrisku handienetako bat saihesten duela uste dut; alegia, nartzisismo eta autoadulazioa. Kontaketa gupidagabea iruditzen zait, hots, bere buruarekiko benetan gupidagabea, artifiziorako joerarik gabea, eta hala, bigarren mailakoa da euskal literaturan orain arte (ia) inork idatzi ez izana modu honetan. Ez zait inolaz ere kontaketa eroso, arin edo melenga iruditzen. Obra literario nabarmentzekoa begitandu zait, euskal izan edo ez.

Harritu naute formari buruz egin dituzun aipamenek, nik oso modu ezberdinean ikusten baitut kontua. Halako kontaketa batek merezi izateko bi aukera daudela aipatu duzu —zerorrek onartzen duzunez sinplifikazioa dela, ez naiz arazo horretan tematuko—, edo gaia bereziki interesgarria izatea edo moduan (forman) asmatzea. Nik ez ditut bereizirik ikusten. Ez dakit Meabek kontatzen duena arrunta den, akaso jende guztiari gertatzen zaizkion gauzak dira, ez du ezer ezohikotik, baina kontua da (ia) inork ez duela halakorik kontatu, eta ez duela kontatu horrela. Obra bakoitzak eskatzen du bere forma eta Meabek halako kontaketa batek eskatzen duen idazmoldearekin asmatu duela esango nuke. Lirismorik gabe, benetan idazketa gordin eta zehatza erabiltzen du, eta halako lirismo moduko batera gerturatzen denean ere bere buruari irri egiteko da —berriz ere autoironia—. Errimarena aipatu duzu eta ez dakit adibide horretan den edo beste batean —buruz ari naiz—, baina badago une bat non bere buruari esaten dion, burlati, “begira errima eta guzti atera zaizu” edo halako zerbait. Besterik da “Itsu maite duten begiei, ederrak min” bezalako esaldi bat gehiegizko lirismotzat baldin baduzu. Hori gehiegizko lirismotzat jotzen baduzu, literatura guztia (edo ia) litzateke lirismo gehiegizko. Hor nonbait irakurri dut Meaberen lexikoaren aberastasunari buruz, baina berau gutxietsi gabe, bigarren mailako ezaugarria delakoan nago, benetan nabarmentzeko aurrekoa da nire ustez, prosaren zehaztasun eta gordintasuna.

Horrekin lotuta, poesiaren inguruan esaten dituzunarekin ere ez dago ados, baina hori ez da gauza berria. Ematen du poesia idazkera bakarrarekin erlazionatzen duzula (poetiko-lirikoa alegia), eta forma horrek, gainera, ez duela lekurik narratiban. Poesiaren historiari begiratutxoa egitea nahikoa da hori guztia erredukzionismo hutsa dela konprobatzeko, baina edonola ere, Kristalezko begi bat-i dagokionez, haren idazkera funtsean poetiko, liriko edo halakotzat jotzea iruditzen zait okerra. Esan dezadan, bidenabar, narratibako lan honek Meaberen aurreko obra poetikoa gainditzen duela iruditzen zaidala.

Maitasunaren kontzepzioari dagokionez, ez dut uste mezu kontserbadorea helarazten duenik. Ez nuke esango maitasun erromantikoaren defentsa egiten duenik ezpada maitasun erromantikoaren ajeak eta, aldi berean, harengandik aldentzeko zailtasunak, azpimarratzen. Hor ere distantzia bat dago Meabe pertsonaia eta Meabe narratzailearen artean.

Azken kritikak

Oihaneko ipuinak
Horacio Quiroga

Jon Jimenez

Reset
Aitziber Etxeberria

Mikel Asurmendi

Baden verboten
Iker Aranberri

Jose Luis Padron

Gizaberetxoak gara
Mikel Urdangarin Irastorza

Jon Jimenez

Iragan atergabea
Julen Belamuno

Hasier Rekondo

Haragizko erreformak
Mari Luz Esteban

Mikel Asurmendi

Eusqueraren Berri onac
Agustin Kardaberaz

Gorka Bereziartua Mitxelena

Juana
Jon Artano Izeta

Mikel Asurmendi

Kontra
Ane Zubeldia Magriñá

Jon Jimenez

Simulakro bat
Leire Ugadi

Maddi Galdos Areta

Carmilla
Joseph Sheridan Le Fanu

Ibon Egaña

Kontra
Ane Zubeldia Magriñá

Paloma Rodriguez-Miñambres

Patrizioak eta plebeioak
Kepa Altonaga

Mikel Asurmendi

Turismo hutsala
Fito Rodriguez

Asel Luzarraga

Artxiboa

2025(e)ko abuztua

2025(e)ko uztaila

2025(e)ko ekaina

2025(e)ko maiatza

2025(e)ko apirila

2025(e)ko martxoa

2025(e)ko otsaila

2025(e)ko urtarrila

2024(e)ko abendua

2024(e)ko azaroa

2024(e)ko urria

2024(e)ko iraila

Hedabideak