kritiken hemeroteka

8.402 kritika

« | »

Kristalezko begi bat / Miren Agur Meabe / Susa, 2013

Eragozpenak Iban Zaldua / ibanzaldua.wordpress.com, 2013-04-09

Ba, iritzi orokorraren kontra, ez zait sobera gustatu Miren Agur Meaberen Kristalezko begi bat nobela (eta “nobela”, diot, halakotzat aurkeztu zaigulako) (Susa, 2013). Ados: idazlea ezagutzea, literatura horren autobiografikoaren kasuetan, traba izan daiteke, zer esanik ez. Baina ez dut uste hori denik arazoa (beste batzuekin ez baitzait gertatzen).

Bale, posible da: agian ausardia eta zintzotasun-nahia eskertu behar zaizkio egileari (zintzotasun-nahia, eta, beldur naiz, ez lorpena: niri kostatzen zait “Autoerretratua” bezalako atalak sinestea, adibidez). Demagun halako lanak gutxi direla euskal literaturan, eta edozein ekarpen jo daitekeela positibotzat, ikuspuntu estatistiko hutsetik. Horraino, ados.

Edonola ere, literatura autobiografikoa egiteko, eta asko sinplifikatuz, bi gauza behar dira: bizitza izugarri interesgarri eta gorabeheratsu bat (edo zure bizitza izugarri interesgarri eta gorabeheratsua dela irmoki sinestea), edota zure bizitzaren pasarteak, nahiko arruntak izanda ere, beste era batean, modu eraginkor edota berritzaile bat kontatzeko gaitasuna izatea. Hots (eta noizbait esan dudan bezala), Trotskiren bizitza izan baduzu, ez duzu zertan idazle ona izan kontakizun autobiografiko bat hariltzeko (baina, gainera, Trotski idazle ona zen…). Trotski ez bazara eta duzun bizitza edozeinena bezain soila bada, idazle oso ona izatera derrigortuta zaude. Eta ez bakarrik hori: forman asmatu behar duzu.

Nik uste dut Meabe idazle ona dela. Poesian, behintzat, hala frogatu du (prosan, ez nago horren seguru: Zazpi orduak —Elkar, 2010— huts egindako liburu bat iruditu zitzaidan). Nik, edozein modutan ere, konbentzimendu horrekin hartu nuen Kristalezko begi bat. Baina ez zait iruditzen hemen formarekin asmatu duenik. Nirekin ez, behintzat.

Badaude pasarte batzuk ondo, are oso ondo ematen dutenak: aitarekikoak egiten dituenean, adibidez, asko gustatu zait (“Zorroztea, ahoberritzea” atala, adibidez). Hor di-da doa egilea, hezurrera, eta oso eraginkorra da. Baina halakoak salbuespenak dira. Nire ustez lirikotasuna gailentzen da, txarrerako, liburuan, batzuetan arazeriaren mugetara iritsiz (“Itsu maite duten begiei, ederrak min. Ezingo duzu ulertu gertatu ez bazaizu”). Eta baita eletsutasuna ere, hizkuntzaren menderakuntza itxuragabeko hori (hainbeste eskertzen duena, bestalde, euskal irakurleriaren parte batek, hori ezin da ukatu). Poeta baten nobela da, bere poetikotasuna urtu nahi izan ez duen egile batena. Behin biko errimak eta guzti egiten ditu! (“Erdizka maitatutako Meabe, hutsari eusten dion zutabe. Oraindik ez dakizu, tuntun alaena, itxaropena dela tranpa zaharrena?”). Baina, tira, hori muturreko adibidea da, atal gehienetan topa daitezke adibideak; halakoetan ezin dut saihestu Andrés Neumanek zioen horretaz akordatzea: “Narratiban, lirismo eutsiak magia produzitzen du. Galgarik gabeko lirismoak, amarruak”. Zentzu horretan iruditzen zait niri poeta baten nobela. Eta nik hor ikusten diot arazoa: lirikaren uztarketa prosarekin oso arte zaila begitandu zait beti. Hots, preziosismorako joera handiegia dago, asko kontrastatzen duena Meabek berak aldarrikatzen duen Annie Ernaux baten bisturi lehorrarekin, niretzat askoz ere eraginkorragoa dena. Edo J.M. Coetzeeren (aipatua ere) eta (maila bat edo beste beherago joz) Amélie Nothomb baten narraziorako senarekin, are hiperautobiografiko jartzen direnetan; horretan bat nator Ibon Egañarekin dionenean “Nik neuk narrazioari tarte gehixeago eskaini ez izana bota dut faltan, eta inpresioa dut batzuetan azkarregi egiten dela kontatzetik kontatutakoaren gaineko hausnarketarako jauzia”.

Kristalezko begiaren inguruko atalek kontrapuntu bitxia egiten dute, hori egia da: hor, nik uste, eskertu egin behar zaio egileari lirismoari hesiak ipintzeko ahalegina. Pasarte horiek, Meaberen (des)amodio istorioaren, bere iraganeko flashbacken eta idazteko erretiroaren kontakizunaren garapenean tartekatuak, prosa ia zientifikoan daude emanda, eta, aipatu bezala, gehiegizko lirikotasuna orekatzeko balio dezakete, bestelako helburu metaforikoak izateaz gain (niretzat ez oso gardenak, dena den…). Baina ondo betetzen dute rol hori… hasieran. Baliabidea errepikatzen den neurrian, gainbehera egiten du eta liburua ardazteko aldamiaje soil bihurtzen dela esango nuke, tamalez.

Areagotuz beste guztiaren (egileak berak aitortzen duen bezala) patchwork izaera, maiz. Batzuetan inpresio hori ematen baitute atal batzuek: apunte soilak eta solteak izan zitezkeenak, oso terapeutikoak nahi baldin bada (eta batzuk halakoak iruditu zaizkit, biziki interesgarriak ikuspegi horretatik, “Adin arriskutsuaz” atalekoak adibidez), nobela-ahalegin bihurtuta. Niri, askotan, pena eman dit egileak apunte horiek gordetzea erabaki ez izanak, fikzioaren bitartez gehiago lantzeko eta berrelaboratzeko: poema formapean adibidez. Bigarren paragrafoan esan dudana gogora ekarriz, zera esango nuke: fikzioa, batzuetan, egia esateko bide zuzenagoa suertatzen dela, erabateko biluzte-aldarrikapenak baino.

Amaitzen joan aurretik, dena dela, bitxikeria bat: hau da bigarren liburua (nik dakidala), Uxue Apaolazaren Mea culparen ondoren (Elkar 2011), non idazle-narratzailea Landetara erretiratzen baita nobela lantzera: Apaolazak kasik euskal eleberrigintzaren azpigenero bat fundatu duela esan liteke…

[Eta, hau bai, amaitzeko, kontu literarioak pixka bat (ala ez?) aparte utzita: ezin dut gainetik kendu liburuaren mezua (mezuetako bat, behintzat) nahiko kontserbatzailea den sentipena. Neurri batean, diot. Hots, narratzaileak argi du zein den maitasunaren gorespenarengatik emakumeek ordaindu ohi duten prezioa (vid. “Gaztatxo kaxaren teoria” atala), eta horren harira, adibidez, aipatu aitaren zaintzaren aurkako bere matxinada (alaba-maitasun esklabizatzailearen kontrakoa) koherentea da oso. Baina ez hainbeste, nire ustez, maitasun erromantikoarekikoa. Ondo da, M. amorantearekin apurtzen du (M.-k ez duelako Meabe “osoro” maite…), baina maitasunaren inguruko kontzepzioa bere horretan mantentzen du. Edo hori iruditu zait niri behintzat. Baina, tira, eragozpen hau bigarren mailakoa da; esan nahi dudana zera da: Borgesek duen maitasunaren kontzepzioak (esaterako) ez nau, ezta ere, konbentzitzen; bai, ordea, horretaz aritzeko duen erak (ipuinen edo poemen bitartez, hots, fikzioa dela medio, kasu horretan). Eta horixe da Meaberen liburuan konbentzitu ez nauena: kontaera. Eta batzuetan didaktikoegi jartzeko daukan joera (aipatu “Gaztatxoaren…” atalean bertan, adibidez). Baina hau, jakina, beste kontu bat da, zeinetan ez bainaiz hemen luzatuko].

Azken kritikak

Etxe bat norberarena
Yolanda Arrieta

Jon Jimenez

Zebrak eta bideak
Nerea Loiola Pikaza

Nagore Fernandez

Zoo
Goiatz Labandibar

Asier Urkiza

Hetero
Uxue Alberdi

Joxe Aldasoro

Euri gorriaren azpian
Asier Serrano

Paloma Rodriguez-Miñambres

Galbahea
Gotzon Barandiaran

Mikel Asurmendi

Bihotz-museo bat
Leire Vargas

Irati Majuelo

Lagun minak
Jon Benito

Mikel Asurmendi

Francesco Pasqualeren bosgarren arima
Unai Elorriaga

Jon Jimenez

Neska baten memoria
Annie Ernaux

Asier Urkiza

Lautadako mamua
Xabier Montoia

Nagore Fernandez

Bihotz-museo bat
Leire Vargas

Bestiak Liburutegia

Rameauren iloba
Denis Diderot

Aritz Galarraga

Neska baten memoria
Annie Ernaux

Paloma Rodriguez-Miñambres

Artxiboa

2024(e)ko azaroa

2024(e)ko urria

2024(e)ko iraila

2024(e)ko abuztua

2024(e)ko uztaila

2024(e)ko ekaina

2024(e)ko maiatza

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

Hedabideak