kritiken hemeroteka

8.402 kritika

« | »

Gaur zortzi / Carmen Gisasola / Alberdania, 2012

Huts egindako beste “nobela terrorista” bat Iban Zaldua / ibanzaldua.wordpress.com, 2013-01-28

Ematen du “armak isildu diren garai itxaropentsu” honetan ETAko kideek edo kide ohiek idatzitako fikzioak ugaltzen hasi direla. Ez da kontu guztiz berria, noski. Baina orain arte testigantzarekin edo (auto)biografiarekin zer ikusia zuten testuak nagusitzen zirela ematen bazuen ere (gogoan hartu Bikilaren Borrokaren gorrian, edo Agurtzane Juanenaren Esan gabe neukana, besteak beste), nobelaren ildotik etorri zaizkigu azken biak, Mikel Antzaren Atzerri eta Carmen Gisasolaren Gaur zortzi. Ematen du bat edo batek serio hartzen ari dela Ramon Saizarbitoriak esandakoa, Mario Onaindiaren memoriak irakurri eta pistola aurrenekoz hartzen duen pasartea “sinetsi” ezin zuela-eta: “nik uste dut Mariok kontatu zuena kontatzeko, bere nobelagile luma erabili behar zuela eta ez saiogilearena”.

Inpresio faltsua izan daiteke, noski: azken finean Bikilak berak jorratuta zeukan nobelaren bidea, Ekaitz aroa lanean adibidez. Eta abar. Eta, edonola ere, (euskal literaturaren) kopuru urrien estatistika beti izan daiteke engainagarria: garai batean nagusitzen zen susmoa etakideen agrafotasunarena zela esango nuke hain zuzen ere… Pedro Alberdik, adibidez, hauxe zioen duela ez hainbeste: “Nork bere esperientziaz publikoaren aurrean hitz egiteko eskarmentu handia izan behar du, eta dirudienez, ETAko jendeak ez du bere esperientzia kontatzeko modua landu. Jendeak horien esperientzia ezagutzeko premia dauka ordea, testigantzen premia handia (…). Kontatzea idazleari soilik interesatzen zaion gauza dela iruditzen zait, ekintzaile bati ez zaio kontatzea interesatzen, ekintzaileak egin egiten du, ez kontatu. Bi mundu diferente direla dirudi, oso kasu gutxitan lotzen direnak. Oso erraza dirudi, baina benetan oso zaila da. Ekintzailea eta erreflexioa borrokan daude beren artean. ETAko ekintzaile inportanteek ez dute kontatzeko behar den erregistroa landu, dirudienez”.

Baina gauzak aldatzen ari dira, agian.

Oso denbora gutxian, beraz, eta Atzerriirakurri ondoren, beste “nobela terrorista” bati ekin diot: Carmen Gisasolaren Gaur zortziri alegia (Alberdania 2012). Nahiz eta, abiapuntutik hasita, ezin ukatu oso lan ezberdinak direla: Gisasolarena lehenengo literatur lana da; Antzarena, aldiz, urte luzetako isiltasunaren osteko bigarren ahalegina. Gisasola joera autobiografikotik urruntzen dela dirudi (protagonista ama bat da, zeinaren alabak, Iraiak, bat egin baitu, 2000ko hamarraldiaren hasieran, ETArekin); Antzak, ordea, autofikzioaren aukera berez lausoaren aldeko apustua egiten du. Gisasola, “Langraizeko bidea” delakoaren aurpegi nabarmenenetako bat, ETAtik aldendu zen aspaldi, eta erakundearen ibilbide historikoaren berrazterketa oso kritiko bat egitearen aldekoa da; Antza, berriz, ETAko presoen kolektiboko buruetako bat da eta, ondorioz, lerro ofizialaren zutabeetako bat.

Gaur zortzi ez da nobela ona. Laburra izanik ere (98 orrialde), astitsua gertatzen da, pertsonaia nagusiak azaltzen dituen sentimenduen errepikakortasunagatik. Bi planotan banatzen da: bata, epistolarra eta luzeena, emakume batek (pertsonaia nagusi horrek) 80ko hamarraldiaren hasieratik preso dagoen Andoniri idazten dion eskutitzak osatzen du, lehenengo pertsonan kontatua noski; bestea, hirugarren pertsonan eta askoz ere laburragoa, Andoniren kartzelako bizitzaz ari da eta, batez ere, eskutitz luze horren irakurketaren ingurukoez. Bertan emakumeak, ama bakarra denak, desesperatuta, bere alabaren ihesa kontatzen dio (klandestinitatera pasatzeko, antza denez) eta haren bizitzaren pasarte batzuen berri ematen dio, jaio zenetik akzioa gertatzen den momentura arte (unibertsitateko lehenengo ikasturtea egiten ari da gaztea ihesaren unean).

Nobelaren arazo nagusia amaren pertsonaiaren fokatzearekin lotuta dagoela esango nuke: exajeratuegia, beste garai batekoa begitandu zait bizia alabarengan ipintzeko joera absolutista eta desesperatua; ertz gehiagoren falta hori ez da konbentzigarria ama bakar eta moderno batengan, irakaslea dena gainera. Testuaren arabera alaba besterik ez dago berarentzat, eta halako eskutitz luze batean halabeharrez filtratu behar zen bere bizitzaren inguruko xehetasun aberatsagorik.

Bestalde, egia da alaba maitekor, arduratsu eta ia perfektuaren hemezortzi urtetako bizitzaren inguruan xehetasun dezente eskaintzen digula eskutitzak, baina ez dira oso esanguratsuak, errepikakorrak suertatzen dira, dramatikoegiak (amaren haurdunaldi minbiziduna eta guzti), eta, askotan, amaitu gabe bezala uzten ditu egileak (Mikel txikitako adiskidearekikoak bezala, garapen handiagoa eska zezaketenak). Okerrena da, eguneroko bizitzaren zehaztasun maiz ezdeus horien artean ez dela egiten alabaren ezker abertzaleko balizko inguruari buruzko deskribapenik bat ere. Derrigorrez existitu behar zuen arren, nik uste, bat ez delako ETAn sartzen besterik gabe. Amak, alabari guztiz (gehiegi) emanak, ezin zuen horren inguruko zantzurik ez eduki. Edo, ez baldin bazuen, gertatutakoak alabarekiko bere jarrera birplanteatzeko modukoa izan beharko zukeen.

Egileak, bestalde, akats narratibo nabarmen batzuk egiten ditu: berak bai, baina eskutitza idazten ari den fikziozko enteak ezin du jakin, idatzi bitartean, zenbat orri izango dituen, eta, ondorioz, presoari zenbat falta zaizkion irakurtzeko (16. orrialdean egiten duen bezala), ezta karta jaso duenak gauerdiz irakurtzen ari den ere, adibidez (50). Prosa, bestalde, metafora eta konparazio “literarioegiez” beteegia sumatu dut (“Belakiak ura atxikitzen duen bezala, alabaren adaska argia igurtzi eta bere ahotsa entzun nahi dudalako”; “Erortzen zaizkidan malko guztiak sikatzen utzi ezkero, gatzezko bola itzela egiteko arazorik ez nukeela ziur nago”; “Ez dut gura nire alaba iluntasun horretan murgilduta ikusterik. Urmaeleko uren antzera, aldaketa barik hilabetea joan eta hilabetea etorri. Egonaren egonez usteldu egiten direla urmaeleko urak badakit. Ibaiko urak ostera, gardenagoak zaizkit, gelditu gabeko mugimenduan doazelako”: ausaz irekitako orrialde ezberdinetatik). Bitxiki, Andoni presoaren bizipenak, liburuan askoz ere leku txikiagoa okupatuta ere, sinesgarriagoak iruditu zaizkit, hotzago kontatuta datozen arren (edo horregatik beragatik, agian).

Liburuaren amaierako “sorpresa”, bestalde, aurrez ikusteko modukoa da, eta liburuaren luzerak ez dio nahikoa eusten: ipuin labur batean onargarriagoa izango litzateke, baina ez hau bezalako nouvelle batean.

Liburua irakurri duen adiskideren batekin komentatu dudan bezala, oso antzeko gaiarekin (ama bat zeinaren semeak bat egiten duen ETArekin, eta hiltzen den, atentatu bat prestatzen ari dela), askoz ere eraginkorragoa da Jokin Muñozen Antzararen bidea (Alberdania 2007): bere helburua betetzeko orrialde gutxiago behar ditu Gisasolak baino, eta modu neurritsuago batean egiten du (Lisa eta bere seme hilaren arteko istorioaz ari naiz, noski, ez Muñozen nobela guztiaz: semeari buruz zein gutxi zekien ohartzea da nobelaren puntu indartsuenetako bat, Gisasolaren nobelan apenas planteatzen dena).

Aurkezpen garaian esan zen, nobela honetaz, “elkarbizitzaren aldeko apustu bat” dela. Hots, intentzionalitate politiko argi batekin idatzi zela (edo hala plazaratu zela, behintzat). Nik ez daukat horren argi: badago kritika bat borroka armatuari eta horren inguruko munduari, noski (30. orrialdean, adibidez, edo 47. eta hurrengoetan), baina ez zait iruditzen nobelako konturik inportanteena. Eta Gisasolaren jarrera politikoa sinpatiaz ikus dezakedan arren, ez dut uste hausnarketa politikoa literaturara eramateko unean edozer denik zilegi. Literatura zerbait gehiago delako (eta zerbait gutxiago, aldi berean).

Milan Kunderak aditzera ematen zuen bezala, “hausnarketa nobeleskoak (…) ez du epaitzen; ez du egiarik proklamatzen; bere buruari galde egiten dio, harritzen da, ikertzen du; (…) eta, batez ere: sekula ez du abandonatzen pertsonaien bizitzaren zirkulu magikoa; pertsonaia horien bizitzaz elikatu eta justifikatzen da”. Kunderaren batez ere hori interesatzen zait, batez ere: ideiak ederrak, zintzoak edota interesgarriak izan arren, irudikapen literario egokirik aurkitzen ez badute, huts egindako nobela batekin egingo dugu talka (ideiak itsusiak, iruzurtiak eta interesbakoak baldin badira, berdin). Eta hortxe amaitzen da dena. Literaturaz ari garela, behintzat.

Azken kritikak

Etxe bat norberarena
Yolanda Arrieta

Jon Jimenez

Zebrak eta bideak
Nerea Loiola Pikaza

Nagore Fernandez

Zoo
Goiatz Labandibar

Asier Urkiza

Hetero
Uxue Alberdi

Joxe Aldasoro

Euri gorriaren azpian
Asier Serrano

Paloma Rodriguez-Miñambres

Galbahea
Gotzon Barandiaran

Mikel Asurmendi

Bihotz-museo bat
Leire Vargas

Irati Majuelo

Lagun minak
Jon Benito

Mikel Asurmendi

Francesco Pasqualeren bosgarren arima
Unai Elorriaga

Jon Jimenez

Neska baten memoria
Annie Ernaux

Asier Urkiza

Lautadako mamua
Xabier Montoia

Nagore Fernandez

Bihotz-museo bat
Leire Vargas

Bestiak Liburutegia

Rameauren iloba
Denis Diderot

Aritz Galarraga

Neska baten memoria
Annie Ernaux

Paloma Rodriguez-Miñambres

Artxiboa

2024(e)ko azaroa

2024(e)ko urria

2024(e)ko iraila

2024(e)ko abuztua

2024(e)ko uztaila

2024(e)ko ekaina

2024(e)ko maiatza

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

Hedabideak