kritiken hemeroteka

8.544 kritika

« | »

Zaindari ikusezina / Dolores Redondo (Josu Zabaleta) / Erein, 2013

Herioa Baztan magikoan Iraitz Urkulo / Berton, 2013-04-07

“Elizondotarrek gogor eutsi zioten elizaren ondoan, hura gizonentzako lekua ez zela, bailara erdiko leku hura mendietako espirituena, iturrietako deabruena, lamiena eta basajaunarena zirela adieraziz bezala, dena eman eta dena kendu, gogoak ematen zion bezala, egiten zien Baztan ibaiaren bihurgune hari atxikirik. Inon den basorik misteriotsuen eta magiazkoena, Baztango baso ospetsua, orain hilketaren izugarrikeriak zikintzen zuen”.

Ibilbide ezohikoa egiten ari da Dolores Redondoren “Baztango trilogia” deitutakoa. Izan ere, hiru liburuetako lehena, Zaindari ikusezina izenburua daraman eleberria hain zuzen, bederatzi hizkuntzatan irakurri daiteke jada. Testu originala gazteleraz egonik, Erein argitaletxea eta Josu Zabaletari zor diegu euskarazko itzulpena. Hori gutxi balitz, dagoeneko NadCon ekoiztetxea, Millenium saga pantaila erraldoira eraman zuen bera, Redondoren lanak zinemaratzeko eskubideen jabe da.

Eleberriaren inguruan sortutako iskanbilak hurrengo galderetara narama ezinbestean: zer dela eta hainbesterako interesa? Zer ikusi diote Italia edo Norvegiako editoreek, besteren artean, obra hau haien irakurleen eskura jarri nahi izateko? Zer du, bada, berezi istorio honek, hango jatorrizko literaturan topatu ezin dutena? Galderei erantzun emateko nik bi alderdi nabarmenduko nituzke. Alde batetik, protagonistak argitu beharreko neska gazteen hilketak Elizondo inguruan kokatu izanaren ondorioz, hango giro misteriotsu eta itxiak, eta alegiazko mundua gidatzen duten indar ezkutuek kontaketa kutsatu eta aberasten dute, testuinguru ezin aproposagoa eskainiz genero beltzeko argumentuari.

Bestalde, nabarmentzekoa da euskal mitologiako hainbat pertsonaiaren (Basajauna, Mari…) agerpena, baita kondaira eta sineskerien aipamena ere. Azkenik, Elizondoko kale eta negozioen gaineko zehaztasunak eta bertan hazi eta bizitza osoa igarotako jendearen izaera eta bizimoduaren deskribapenak ere aintzat hartzekoak dira. Hiru alderdi hauek adierazten dutena zera da: Zaindari ikusezina gure-gurea da, ezin zitekeen beste inon idatzi, hori du berezi, eleberriarekin batera euskal kulturaren zati bat ere kanpoan ezagutarazten dugula. Era berean, baliteke ukitu exotikoak zerikusia izatea liburua nazioartean izaten ari den arrakastarekin.

Hasiera batean, une batez baino ez bada ere, Amaia Salazar inspektoreak Itxaro Bordaren Amaia Ezpeldoi detektibea gogorarazi dit: izen berbera, biak emakumeak, antzeko lanbideak, biak saga bateko protagonistak… baina berehala konturatu naiz konparaketa hau ilusio hutsa zela. Edozein modutan, kontu batean behintzat bat datoz Borda eta Redondo: beren lanetan emakumeek eskuratzen duten garrantzian. Zaindari ikusezina eleberrian autoreak euskal matriarkatua irudikatzen du, horretarako erabakimen handiko emakumeak lehen planora ekarri ditu, gizonak (senarrak, lankideak) laguntzaile huts izatera mugatuz, gehienetan emakumeen jenio biziaren menpe agertzen direla. Halere, bada istorio honetako emakume protagonistarengan ahulgune sakon bat, gaixotzeraino daramana: ama izan nahi eta ezinaren kezka. Eta narrazioak aurrera egin ahala, kezka hori jaioterrira itzultzearekin bat bere baitan bortizki esnarazi eta agerian geratuko den haurtzaroko trauma batekin nahasita azaleratuko zaigu.

Hilketa batzuen inguruko misterioaren argitze-prozesuan oinarritutako eleberri batek funtsezkoa du amaiera arte tentsio narratiboari eustea, hiltzailea agerian geratzen den une gorenera arte behintzat. Horretarako, narratzaileak krimenen kasuan aurrera egitea ahalbidetzen duten egiazko pistak eta irakurlea nahastera daramaten beste hainbat pista oker modu trebean tarteka ditzan ezinbestekoa iruditzen zait. Ezustekoz beteriko egitura landua da, azken batean, genero beltzeko lanen bereizgarri nagusietako bat. Bada, istorioan hiltzailearen identitatea lehen kolpean aurreikusi daitekeela esatera iritsi gabe, agian argumentuak korapilo nahiko ez erakusteagatik, edo ekintzan pertsonaia gutxik parte hartzeagatik beharbada (hauek Amaia Salazar inspektorearen familia eta lankideei dagozkionak baino ez dira), kontakizunak intriga mantentzeko ahaleginean huts egiten duelako inpresioa dut, hain da laburra balizko errudunen zerrenda.

Obraren lehen erdian narrazioak astiro egiten du aurrera, neska gazteen hilketei buruzko deskribapen eta hipotesi ugari eskaintzen direlarik. Bigarren zatian, ordea, erritmo biziagoa nabari da diskurtsoan. Eta azkarregi ibiltze honek badu eraginik istorioan, ikerketa kale itsu batean trabatu dela dirudienean, bat-batean eta justifikazio sendorik gabe nire ustez, Salazar inspektoreak aurreko hipotesi asko lotu gabe utzi, azalpen handirik gabe horiek deuseztatu eta, agerkunde bat izan balu bezala, hiltzailea uste duenaren bila abiatzen da itsu-itsuan. Testuan “reseteatu” hitza erabiltzen da haren portaera izendatzeko. Lastima makinei aplika dakiokeen aditz honek irakurleekin ez funtzionatzea; zoritxarrez, irakurleon oroimena ezin da reseteatu, horrek dakar narratzailearen estrategia narratiboak huts egitea.

Hori bai, Baztango trilogia honi oraindik bi liburu geratzen zaizkio osatzeko, beste bi aukera, beraz, irakurle hau bereganatzeko.

Azken kritikak

Oihaneko ipuinak
Horacio Quiroga

Jon Jimenez

Reset
Aitziber Etxeberria

Mikel Asurmendi

Baden verboten
Iker Aranberri

Jose Luis Padron

Gizaberetxoak gara
Mikel Urdangarin Irastorza

Jon Jimenez

Iragan atergabea
Julen Belamuno

Hasier Rekondo

Haragizko erreformak
Mari Luz Esteban

Mikel Asurmendi

Eusqueraren Berri onac
Agustin Kardaberaz

Gorka Bereziartua Mitxelena

Juana
Jon Artano Izeta

Mikel Asurmendi

Kontra
Ane Zubeldia Magriñá

Jon Jimenez

Simulakro bat
Leire Ugadi

Maddi Galdos Areta

Carmilla
Joseph Sheridan Le Fanu

Ibon Egaña

Kontra
Ane Zubeldia Magriñá

Paloma Rodriguez-Miñambres

Patrizioak eta plebeioak
Kepa Altonaga

Mikel Asurmendi

Turismo hutsala
Fito Rodriguez

Asel Luzarraga

Artxiboa

2025(e)ko abuztua

2025(e)ko uztaila

2025(e)ko ekaina

2025(e)ko maiatza

2025(e)ko apirila

2025(e)ko martxoa

2025(e)ko otsaila

2025(e)ko urtarrila

2024(e)ko abendua

2024(e)ko azaroa

2024(e)ko urria

2024(e)ko iraila

Hedabideak