« Iparrorratzaren bila | Atzerri, otserri »
Ez naiz ni / Karmele Jaio / Elkar, 2012
Ander, platanoa… Amaia Alvarez Uria / Argia, 2013-03-10
Karmele Jaiok bere hirugarren ipuin bilduman argazkia atera dio inguruko errealitateari. Argazki horren erdian, hiri horretako kaleen artean, umeen parkea dago eta bertan ama bat banku batean eserita bere semeari merienda jan dezan deika. Bitartean bere bizitzari errepasoa eman dio eta ez zaio gustatu ikusi duena. Bizitzaren erdialdera heldu da eta bere bizi proiektu pertsonala zena, koadroak zaharberritzea eta margotzea, familia osatzeko baztertu zuen eta une horretan blokeatuta sentitzen da. Zahartzen hasi da eta bere ametsak zirenak alde batera utzi zituen aspaldi markatutako bideari lotzeko. Gizon batekin elkartu eta seme-alabak izan. Pertsona normala izan. Erdigunean kokatu. Baina orain krisian dago bete-betean. Ez du bere burua ezagutzen eta bere gorputza egunerokotasunak lokartuta dauka. Esandakoaren erakusgarri Ekografiak ipuinean irakurri dezakegu: “Ia-ia ahaztuta nuen nor nintzen ni neu. Nor ginen eta nor izan ginen”.
Hori da Ez naiz ni ipuinean eta liburuan kontatzen zaiguna. XXI. mendeko ama berriaren ereduaren krisia.Gasteiz-Ibiza-Benidorm narrazioan horrela adierazten dute ideia hau: “Zailena ez da zahartzea… zailena zahartzen hastea da”. Pertsonaia gehienak 40 urte inguruko amak dira. Denak heterosexualak eta barruko min eta ezinegona sentitzen dutenak. Betty Friedanen The Feminine Mystique (1963) datorkigu burura: liburu honetako tesia emazte eta ama izaerak asetzen ez dituzten emakume zuri, erdi klaseko, heterosexual, hezituek zoriontasuna erdiesteko eremu publikoan jardun osoko lana aurkitu behar dutela eta sorkuntza landu behar dutela da. Jaioren ipuinetan ordea, ama hauek euren gaztaroari begiratzen diote haien burua eta gorputza berreskuratu nahian, beraien bikotekideekin edo bakarrik haien bizitza berbideratzeko eta bizipoza berriro sentitzeko xedearekin.
Gaur egungo amek amatasuna bizitzeko modu desberdinak ekartzen dizkigu liburu honek, bere argi-ilunak erakutsiz, argazki desberdinetan. Arrosaren arantzak ipuinean adibidez hurrengo iruzkina dugu: “zaila egiten zaio Bakarnerekin jarraian hitz egitea. Ez da gelditu une batez ere. Zatika hitz egiten dute, semearen atzetik ibili baita une oro”. Argazkilari honen begirada kritikoa da, eta tarteka, orain arteko lanetan ez bezala, umore puntu batekoa. Asko gustatu zait Jaioren prosan agertu den elementu berri hau eta alde hori lantzen jarraitzea gustatuko litzaidake.
Zentzumenak ere asko erabili ditu ateratako argazkiak osatzeko: Patiotik datozen usainak narrazioan klase ertaineko protagonistak bere jatorri apala atzean utzi nahi du tortilla usainarekin batera; Txupa beltza-n protagonista gaztetako arropa horrek duen hauts eta ganbara usainak gaixo jartzen du eta balkoian aireztatzen uzten du; eta Aterkia-n euriak bustitako arroparen hezetasun usainak klase sozialen arteko amildegiaren muga marrazten digu.
Lortuko dute pertsonaia hauek bilatzen ari diren zoriontasuna? Zahartzen hasi direla onartuko dute bizi-egoera honi ahalik eta atarramendu handiena ateraz? Ez naiz ni amaren semeak, Anderrek, platanoa osorik jango du eta bere amak bere identitate pertsonala berreskuratzea lortuko du? Erantzunak ipuin bilduma honetan topatuko dituzue.
Itzala
Maixa Zugasti
Maialen Sobrino Lopez
Turismoa
Asier Basurto Arruti
Maialen Sobrino Lopez
Geratzen dena
Ione Gorostarzu
Maddi Galdos Areta
Zerua hemen
Oihana Arana
Maialen Sobrino Lopez
Barne zerbitzuak
Katixa Agirre
Amaia Alvarez Uria
Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda
Joxe Aldasoro
Ni, laiko
Markos Zapiain
Aritz Pardina Herrero
Zure bazterrekoak
Cesare Pavese
Asier Urkiza
Termita
Garazi Albizua
Nagore Fernandez
Argazkiaren erabilera
Annie Ernaux
Maialen Sobrino Lopez
Café Mokka
Jabier Muguruza
Mikel Asurmendi
Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena
Irati Majuelo
Basatiak
Maria Reimondez
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
Zerua hemen
Oihana Arana
Paloma Rodriguez-Miñambres