kritiken hemeroteka

8.652 kritika

« | »

Zorion handiegia / Alice Munro (hainbat itzultzaile) / Meettok, 2012

Literaturaren barruan Ander Irizar / eizie.org, 2012-12-31

Izen handia da Alice Munro ingelesezko literatura garaikidean. Ontarion jaiotako idazle kanadarra Nobel sarirako hautagai gisa ere aipatu izan da behin baino gehiagotan, eta albiste ona dugu, dudarik gabe, orain euskaraz ere irakurtzeko modua izatea. Zorion handiegia liburuak hamar kontakizun labur biltzen ditu, denak ere The New Yorker eta Harper’s aldizkarietan azken urteotan argitaratuak. “Egurra” izeneko istorio bikaina da salbuespen bakarra, 1980an agertu baitzen, nahiz eta hizpide dugun libururako —2009an argitaratu zen ingelesezkoa— moldatu egin zuen Munrok —beste kontakizunek ere ba omen dituzte ukituak—.

Kontakizun laburrak: hori da Alice Munrok literatura egiteko nagusiki erabiltzen duen baliabidea. Narrazio laburrak ia beti —nobela bakarra du—, jakitun horrekin ez dela bete-betean sartzen gaur egungo literatur kanonean. Liburu honetako “Fikzioa” kontakizunean, pertsonaietako batek ipuin-bilduma bat argitaratu duela-eta, narratzaileak hau esaten du: “Hori jada desengainua da. Badirudi liburuaren autoritatea murrizten duela, autorea Literaturaren atarian geratu dela ematen baitu, barruan eroso egon beharrean”. Dagoeneko laurogeita bat urtetik gora, Alice Munrok irmo eusten dio, ordea, literatura egiteko hasieratik hautatu zuen bideari.

Zorion handiegian topatuko ditugun narrazio labur hauek badute halako pisu bat, halako trinkotasun bat, eta ez da idazleak inolako erakustaldi ikusgarririk egiten duelako, hau da, bere idazkera artifizioz zamatzen duelako. Beste zerbaitek ematen die sendotasuna istorioei; seguru asko, pertsonaien konplexutasunak, haien arteko harremanen nolakotasunak, eta, paradoxikoki, baita kontakizunetan ageri diren detaile edo xehetasunek ere. Izan ere, gehien-gehienetan oso hurbileko errealitatea baliatzen du Munrok bere kontakizunen agertokia eta pertsonaiak marrazteko: Ontarioko hegoaldeko herri, hiri eta parajeak, eta bertako jende arrunta. Kontakizunek, horregatik-edo, halako apaltasun moduko bat dute, eta bati, behin baino gehiagotan, kosta egin dakioke jabetzea zein gauza latzez ari zaigun idazlea: hilketak, indarkeria, bortxa, krudelkeria… Bestela bezala kontatzen dizkigu Munrok horien ingurukoak: apal, zaratarik gabe.

Liburuan, kontakizun bakarra kokatzen du idazle kanadarrak bere ingurutik kanpo. Liburuko azkena da, eta horrek ematen dio gainera izena bildumari: “Zorion handiegia”. Sofia Kovalevski du protagonista, 1850ean jaiotako matematikari errusiar aparta (entziklopedietan, Kovalevskaia abizenarekin aurkituko dugu nagusiki); Munrok, amaieran dagoen oharrean azaltzen duenez, kasualitatez izan omen zuen Kovalevskiren berri. Emakume faszinante hau 41 urterekin hil zen, gripeak jota, Stockholmen, eta haren azken egunak kontatzen ditu Munrok, baina protagonistaren bizimodu gorabeheratsuan atzera eta aurrera maisutasunez eginez, gertatutakoak deskubritzeko esperantzan agian; kontakizun asmatua, bai, baina ez, asko dokumentatu omen baitzen kasik nobelatxo bat den kontakizun hau idazteko.

Ipuinik gehienak Nagore Tolosak itzuli ditu, baina ale bana ere itzuli dituzte Aiora Jakak nahiz Itziar Otegik, eta Naroa Zubillagak beste bat ere bai gehi azkena erdi bana Nagore Tolosarekin. Azken horrek liburuaren aurkezpenean adierazi zuenez (bideoa ikusgai dago Youtuben) Amaia Apaolaza arduratu zen testuei halako batasun bat emateaz. Egia esateko, lortua dago hori, liburuan hainbeste esku ibili denik ez baita nabari. Eskatzen hasita, gauzaren bat edo beste leunxeago balego, ulerterrazago, eskertuko luke agian irakurleak, eta, beharbada, zuzentzailearen orrazia finxeagoa izatea ere eskertuko zukeen liburuak. Edozein modutan, Munroren estiloan diot: apal, zaratarik gabe.

Azken kritikak

Guztia urruntzea da
Hasier Larretxea

Maddi Galdos Areta

Poesia kaiera
Frank O'Hara

Asier Urkiza

Haurdunaldi oharrak
Yoko Ogawa

Nagore Fernandez

Beste urte batez
Samira Azzam

Maialen Sobrino Lopez

Carmilla
Joseph Sheridan Le Fanu

Iraitz Urkulo

Auzokinak
Gorka Erostarbe

Mikel Asurmendi

Dena zulo bera zen
Eider Rodriguez

Amaia Alvarez Uria

Zer egin Miranderekin?
Askoren artean

Irati Majuelo

Silueta
Harkaitz Cano

Ibon Egaña

Azken batean
Lourdes Oñederra

Paloma Rodriguez-Miñambres

Independentziaren dekalogoa
Joseba Gabilondo

Mikel Asurmendi

Beste zerbait
Danele Sarriugarte

Maialen Sobrino Lopez

Palinpsestoa
Joxe Austin Arrieta

Asier Urkiza

Katona
Antxiñe Mendizabal Aranburu

Nagore Fernandez

Artxiboa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

2025(e)ko iraila

2025(e)ko abuztua

2025(e)ko uztaila

2025(e)ko ekaina

2025(e)ko maiatza

2025(e)ko apirila

2025(e)ko martxoa

Hedabideak