« Marlboro gizona | Zeru gorenak, hemengoak »
Hura ez da lekua / Oier Guillan / Txalaparta, 2012
Ongi etorri nire zirku intimora! Iraitz Urkulo / Berton, 2013-01-08
“Zoriontasuna. Une bat zeinetan ez dugun negar egiteko arrazoirik. Lasaitasun hori, hustasun hori biriketan. Bestelako helmugarik gabeko une bat. Zoriona da ondorengoei saldu ezin den zerbait utzita hiltzea. Ilobari zoriontsu izateko enkargua uzterakoan adibidez. Niri. Madarikatua zu, osaba. Madarikatua, maitatua beste. Zoriontasuna da mendeku posible bakarra”.
Hura ez da lekua Metrokoadroka Sormen Laborategiaren baitan gorpuztu zen 2011ko neguan, urte hartako Korrikarako pentsatutako aurrez-aurreko ikuskizun bezala. Hortik abiatuta, urtebete beranduago, ikuskizunak Euskal Herriko hamaika plaza ezagutu ondoren, izenburu bera daraman disko-liburua atera dute Txalaparta argitaletxearen eskutik. Oier Guillan eta Asier Sarasola idazle-aktoreek, Idoia Beratarbide marrazkilariak eta Ander Fernandez musikariak sinatzen dute literatura, pintura eta musika uztartzen dituen proiektu zinez interesgarri hau.
Hasiera batean obra honen atzean dagoen filosofiak erakarri ninduen, artea den kontzeptu zabala aintzat harturik, talde-lana aldarrikatu eta sorkuntzarako bide berriak ibiltzeko konbentzimenduan oinarritzen dena. Izan ere, Hura ez da lekua esperimentu originala, bitxia, desberdina, bakana, ezohikoa, benetakoa, berezia… da. Sortzaileen arabera eta zalantza askorekin, liburu honetakoak narrazio poetikoak omen dira. Ez naiz ni izango lan hau zein generotan egokitu daitekeen esatera ausartuko dena, horren ordez, irakurle honek horrelako proposamen eskizofreniko bezain zentzuzkoekin ikaragarri disfrutatzen duela aitortzen dut.
Izan ere, hiru zentzumenekin goza daiteke liburu honen irakurketaz, horra hor irakurleontzako erronka. Ohiko lanek irakurriak izateko eskatzen duten ikusteko gaitasun minimoaz gain, liburua ireki orduko arnasaldi bakoitzean barneratzen dugu orrialdeetako markoen beltzari darion tinta-usain sarkorra. Azkenik, testuan bertan, une jakinetan, CDra jo eta, giro instrumental egokia sortzen zein idatzizkoan ez dauden elkarrizketa eta pentsamenduekin, irakurketa laguntzeaz gain, hura osatuko duten zenbait pista entzuteko proposamenak txertatzen dira.
Zoriontasuna, hitz potoloa zalantzarik gabe, eskuraezina ere ote? Bada, horren inguruan hausnartzen du liburuko protagonistak burutzen duen barne-bidaian zehar. Osabak zoriontsu izateko enkargua utzi dio hil baino lehen eta, sentitzen dituen mina eta bakardadea gainditu nahian, zoriontasunaren atzetik abiatuko da. Marrazkilari trebea denez, jendearen aurpegieran bilaka hasten da, ezezagunen zoriontasuna paperean, irudi batean harrapatzeko asmoz, baina laster konturatuko da zoriontasunarena txinparta iheskorra dela. Hala izango da, behintzat, etxez etxeko saltzaile batekin gurutzatzen den arte… Azken batean, nola ikusten gaituzte besteek zoriontsu garenean? Nolako espresioa dugu inork begiratzen ez gaituenean? Galdera hauen eta gehiagoren gainean eraikia da Hura ez da lekua. Denok gure zirku intimoa bizi dugulako.
Maila estetikoan, ederra eta aberasgarria, atsegin hutsa izan da hura irakurtzea/ikustea/entzutea. Egileek ñabardura anitzeko diskurtsoa landu dute eta baliabide eztanda hori bereziki nabarmena da joskeran, hitzen balio polisemikoan, metaforekiko jolasean, oharkabean irakurketari ezartzen dizkion erritmo aldaketetan… Esperimentazioa puri-purian, fragmentazioa besarkatzen duen bakarrizketa luze honetan. Baina kontuz, liburu hau esku desegokietan eroriz gero, artefaktu mingarria izan daiteke, irakurlea haren mamu eta miseriekin aurrez aurre jartzen baitu.
Guztion bizitza eusten eta eragiten duten sentimendu gorenei buruzko gogoeta sakona egiteko gonbita luzatzen digu. Hura ez da lekua azalean geratzen diren ideiekin konformatu ez eta, ezinegona sentitzeko beldurrik gabe, denok bizi dugun zirku intimoaz kontzientzia hartzeko prest dagoen irakurlearentzat obra guztiz gomendagarria delako.
Aizkorak eta gutunak
Edorta Jimenez
Asier Urkiza
0 negatiboa
Arantzazu Lizartza Saizar
Nagore Fernandez
Akabo
Laura Mintegi
Aiora Sampedro
Espainolak eta euskaldunak
Joxe Azurmendi
Mikel Asurmendi
Lakioa
Josu Goikoetxea
Irati Majuelo
Poesia guztia
Safo
Aritz Galarraga
Kontra
Ane Zubeldia Magriñá
Maddi Galdos Areta
Amorante frantsesa
Miren Agur Meabe
Hasier Rekondo
Akabo
Laura Mintegi
Jon Jimenez
Akabo
Laura Mintegi
Asier Urkiza
Gatazka eta abusua ez dira gauza bera
Laura Macaya
Nagore Fernandez
Beste zerbait
Danele Sarriugarte
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
Kuntzak eta kerak
Sara Uribe-Etxeberria
Jon Martin-Etxebeste
Hitzetik ortzira
Ana Urkiza
Mikel Asurmendi