kritiken hemeroteka

8.783 kritika

« | »

Mussche / Kirmen Uribe / Susa, 2012

Paperezko hilobi ñimiño bat Aritz Galarraga / Deia, 2012-12-15

Lehen nobela atera eta lau urtera argitaratu du bigarrena Kirmen Uribek. Izenez Musshe, abizen bereko Robert idazle flandiarraren bizitza kontatzen du besteren gainetik eleberriak. Bizitza guztiak ez baitira berdin, ez berdin interesgarri, badu Mussche honenak gauza jakingarririk: idazlea, intelektuala, engaiatua, Erresistentzian emango du, edo, hobeki, kenduko diote bizia 1945ean. Eta gurekin, tira, Euskal Herriko historiarekin zuzen lotzen duen pasarte bat ere gordetzen du: 1937ko maiatzean Santurtziko portutik erbestera abiatzen diren milaka haurretarik bat, Karmentxu Cundin, hartzen baitu bere Ganteko etxean. Kontakizunean zehar gertakariaren garrantzia urtzen den arren, ez da gauza bera, bestela irakurriko genuke, are Euskal Herrian, lotura hori izango ez balu. Mussche berak ere gordeko luke euskaldunarekin paralelismorik: “Ganteko Ferrerlaan kaleko langileen hizkuntzarik gabe ez nintzen ni izango”. Euskara zenbateraino den langileena, hara hor akaso argitu beharrekoa.

Esaten da itzultzaileen kasuan: itzultzaile eskas batek egin dezakeela liburu on bat txar. Ados. Eta esaten da itzultzaile on batek liburu eskas bat egin dezakeela on. Desados, itzultzailea balitz on, liburua utzi beharko lukeelako bere horretan, txar. Baina tira, afera beste bat zen, traslazioa egin eta esan baikenezake idazle eskas batek egin lezakeela istorio on bat txar. Eta, kasu honetan akaso bai, idazle on batek istorio eskas bat on, edo gutxienez irensgarri.

Nobela honek premisa bat behintzat garbi du: istorioa ona da. Eta emaitza ez da txarra. Egia da planteatzen zaigun jolas metaliterarioak —Uribe beraren trasuntoa litzatekeen lehen pertsonako narratzaile bat, Karmentxu Cundinen hariari tiraka Robert Musscheren bizitzan hazka egiten duena—, esaten nuen, planteatzen zaigun jolas metaliterarioak ez duela indar askorik. Pisu urria duelako. Edo alderantziz pisu urria du indar askorik ez duelako. Egia da ez hainbeste istoria bera, baizik eta istoriari emandako kontaera tarteka pastel xamarra dela, prosa purpura gisa ere definitu dena gurean. Gutxiago, hala ere, azken idazkietan are muturreragotzen joan den estilo-idazkera bereizgarri hori apur batean arantzatu delako. Egia da eleberriaren irakurketa bereziki dela onbera. Horren adibide azken irudietako bat, nolabait eleberriaren zirkulua ixten duena: kolaborazionista baten semearen eta Erresistentzian bizitza eman zuen idazlearen alabaren arteko adiskidantza, akaso gurean ikusi nahiko litzatekeen irudia —besterik ez bada, bide horretan ari gara—. Egia da nobela androzentrikoa ere badela, Karmentxu Cundin itxuraz protagonista den arren, bigarren mailako pertsonaia delako egiatan. Pentsa, hasiera batean pertsonaia garrantzitsu intuitzen dugun Vic emaztea hala deskribatzen zaigu: Carmen alabak aita bat izan zezan oroimena gorde zuen emakume modura.

Baina lehen nobela haren aldean asmoz apalagoa, emaitza lortuagoa dela esango nuke. Eta bere xumean lehen nobela baino nobelagoa. Segur aski Uriberen literatur lan txikien artean izango da sailkatu-gogoratua, izan ere hala delako azken batean. Baina niri lehen nobela hura baino txukunagoa iruditu zait. Azken batean, eleberrian zehar esaten den bezala, Robert Musscherentzat paperezko hilobi ñimiño bat baita. Ez gehiago, baina ezta gutxiago ere.

Azken kritikak

Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena

Maialen Sobrino Lopez

Gatazka eta abusua ez dira gauza bera
Laura Macaya / Hamaca

Amaia Alvarez Uria

Sasi arteko sugarrak
Sebastian Gartzia Trujillo

Hasier Rekondo

Agerre
Juan Luis Zabala

Mikel Asurmendi

Narrugorrik
Ixiar Rozas

Mikel Asurmendi

Honekin egin nahi duzuna
Itziar Agirre Sagaseta

Maialen Sobrino Lopez

Zaldi bat
Maddi Ane Txoperena

Mikel Asurmendi

Fakirraren ahotsa
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Itzala
Maixa Zugasti

Maialen Sobrino Lopez

Itzala
Maixa Zugasti

Mikel Asurmendi

Turismoa
Asier Basurto Arruti

Maialen Sobrino Lopez

Garondoan
Gorka Bereziartua

Mikel Asurmendi

Geratzen dena
Ione Gorostarzu

Maddi Galdos Areta

Mirande, herriminez, ezin-minez
Jon Mirande

Mikel Asurmendi

Artxiboa

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

Hedabideak