kritiken hemeroteka

8.810 kritika

« | »

Elurra galtza motzetan / Gabriel Korta / egilea editore, 2012

Bakarrik sentitzen garenontzako bizi hitza Ainara Maia / Gara, 2012-12-16

Poesia-liburu honetan arimaren egoera bat aurkitu dut, eta erran dit poetak beste poetok maite gaituela, maitasunak egiten baitu bihotza eta bihotzak poesia. Poeta maite hau malenkoniaz beterik topatu dut, kopetilun, eta baikor izan nahi lukeela erran dit baina maite duela begietako tristura.

Handia da mundua, eta poesia triste artean poetaren marrazkiak ageri dira, bere barne-munduko irudiak. Gehienok askatasuna eta berdintasuna nahi dugu, baina egunerokotasunak irensten gaitu; mundu handi honetan Coca-Colak agintzen du eta trafikariak dira libre dabiltzan bakarrak.

Ahaztu nahi du poetak, maitatu nahi duelako, ezpata baino hobea delako lorea oparitzen dizkie poetak lagun maiteei krabelinak; niri bitxilore txikiak gustatzen zaizkit, eta atsegin dut maitasunezko olerkiak eta eskutitzak idaztea, bueltan ezer espero gabe, benetako maitasuna ez baita erosten. Ahaztu nahi du poetak, baina iragana hausnartuz, gauzak ulertuz aurrera egiteko.

Bakardadeaz idazten du poetak, bere txokoa bilatuz, bakarrik egon nahi duenean, baina era berean bilatzen du jendea, poetak maite baititu kale jendetsuak. Zaila da maitatzea. Bakarrik dator poeta liburuaren azal urdin honen barnean, baina ez du bakarrik egin bidea, lagunak izan ditu gogoan, bere tristezia goxo horretan ezagutzen du poetak bere mina. Aipatzeagatik, aipatzen du poetak eskizofrenia aipatzerakoan bakarrik gelditu zela bere maitasunarekin. Maite zuen bere gaitza, dena ez baita txarra izan, infernuan ere ez baita dena txarra. Horregatik badaki zer den zoriona poetak.

Pertsonen baloreak non geratzen dira duintasuna galtzen denean? Non galtzen gara? Maite du poetak, baina gorrotatzen du ere bai, eta orduan bihotza itsutzen da, hipokrisiaren aurrean ukabilak estuturik ezin idatzi olerkirik. Erotasunak eraman zuen behin poeta, eta eroaren hitzak ospe txarra du, baina aske da, maite duelako bere burua. Poetak behar ditu besteak, hala ere, eta bero bila irteten da kalera, baina hotzik itzultzen da etxera, jendetzan bakarrik sentitzen delako. Etxean poesiak ematen dio atseden. Hainbeste kantatzen zaiolako maitasun arruntari eta sexuari, goi-maitasuna bilatzen du poetak, eta hagitz sentibera den emakumea bilatzen du, maitasunari emanak bizitzeko. Maitasunari idazten dio poetak gaur, poema hauek guztienak direlako. Erotasunaz eta ez erokeriaz mintzo zaigu poeta, baina ez al gara denok ere pixka bat eroak, desberdinak? Bakoitzak bere zoroa bizi du, eta eroak maite du bakardadea, berak hautatzen duenean.

Poetak erran dit ekaitzak amaitzen direla, eta ezerk betetzen ez nauelarik, neure baitan biltzeko, ni baketu arte, eta esan nahiko nituzke bihotzez barre egiteko poemak, bizitza gogorra delako eta ez delako erraza poeta izatea. Bakardadea nahi ez duenean poetak, gogorra da bakardadea, eta beharrezko zaio poesia, horretarako bakarrik egon behar badu ere eta inork ere ez ulertu. Maitasunak soilik ematen dio zoriona. Poeta batek idatzi egin behar du, gizaki arrunta da, baina bere jarrera ez da arrunta, zigortuta dago poemak idaztera bere txokoan. Elurraren poema zuria idazten digu poetak galtza motzetan, isilik, edertasuna maite duelako. Bere txokoan dago elkarretaratzeko gogo biziz.

Poeta izatea misterio bat dela erraten digu poetak bukaeran, maitatzea bezala. Ez dakigu zer den poesia, baina gertatu egiten da, eta erraten dut nik ere hau poesia dela. Irakurle maiteak, poesia arimaren egoera bat da, baina gutxi batzuek garatzen dugu egoera hori. Poeta maiteok, ez da erraza poeta izatea. Ez daki poetak nola sortu duen, baina hemen dago. Zenbat lan egin behar den liburu bat egiteko!

Azken kritikak

Atzerakarga
Fermin Etxegoien

Asier Urkiza

Manifestu filosofikoa
Agustin Arrieta Urtizberea

Aritz Pardina Herrero

Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá

Maialen Sobrino Lopez

Zazpigarren gizona
John Berger / Jean Mohr

Peru Iparragirre

Olibondoaren herria
Markel Elortza

Mikel Asurmendi

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Asier Urkiza

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Nagore Fernandez

Izan gizona
Aritz Galarraga

Nagore Fernandez

Gurea falangista zen
Alberto Barandiaran

Mikel Asurmendi

Termita
Garazi Albizua

Maialen Sobrino Lopez

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Ibon Egaña

Hezitopia
Nora Salbotx

Mikel Asurmendi

Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Deiadarraren antologia bat
Rakel Pardo Perez

Asier Urkiza

Artxiboa

2026(e)ko urria

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2026(e)ko

2025(e)ko abendua

Hedabideak