kritiken hemeroteka

8.684 kritika

« | »

Sukkwan irla / David Vann (Juanjo Olasagarre) / Denonartean, 2012

Semearen begietatik Iratxe Esnaola / Berria, 2012-12-16

Berez dakar tentsio narratiboa bi pertsona uharte huts batean paratzeak, are gehiago aita-semeak badira eta aita amagandik dibortziatua badago eta semearekin ikasturte bat isolaturik pasatzeko ideia bitxia izan badu. Bakartze istorioak maite dituztenentzat eleberri aproposa hauxe, aratz egitura narratiboan, dosifikatu itoaldiak sortzerakoan. David Vann-ek (Adak irla, Alsaka, AEB, 1966) mundu mailako arrakasta lortu du obra honi esker, Ernest Hemingwayrekin alderatu dute, eta hori guzti hori gutxi balitz, istorio lazgarri eta bortitz honetan zertzelada autobiografikoak direla aitortu du irakurlegoaren eraginez. Egiazko bizitzan Vann-en aitak Alaskako uharte batera berarekin urtebetez bizitzera joateko eskatu zionean ezetz erantzun zuen mutikoak. Bi aste beranduago bere buruaz beste egin zuen aitak. Istorio honen bitartez aitaren proposamenari baietz esan dio Vann-ek urte mordoa geroago, eta haren irudia ulertzeko fabula luze bat osatu du. Sukkwan Alaska hego-ekialdean kokatutako uharte biztanlez hustua da, alde batean Ozeano Barea, eta bestean, Bearing-eko itsasartea. Jim aitak lana eta etxea utzi eta borda bat erosi du bertan. Bi asterako jana, bi errifle, errebolber bat, eta pistola bat lagun dituzte. Arrantzatik, ehizatik eta lurrak emandakotik bizitzeko asmoa. Honaino abenturazaleen eleberri zantzuak. Jarraian, beldurrezko istorioarenak. Zailtasunak eta oztopoak agertu orduko (janari urritasuna, piztien arriskua, hotza…) aitak ez daki lehentasunak zerrendatzen eta guztia da inprobisazio. Irakurleak ezinegon amata ezina sentitzen du eta instintuz daki parte txarreko zerbait badatorrela. Baina hori azala besterik ez da, dekoratua, Alaskako natura basatian txertatua. Helburua aita batek seme batekiko izan duen ardura faltak zer kalte ustekabeko bezain lazgarri ekar ditzakeen kontatzea da.

Lehen zatian narratzailea Roy semearen baitan sartzen da. 13 urte ditu Royk eta aitak bere buruaz beste egingo duela susmatzen du. Aita bere buruaren kontrola galtzen doa, apurka. Batean, tiroka hasi zaio teilatuari. Hurrena, basora joan eta semea bakarrik utzi du. Semearen bizkarrean pausatzen ditu bere damuak, ezinak, eta hark ezin inora ihes egin, haserrez, beldurrez, gorrotoz baina uhartean preso. Harremana okertuz doa eta osagai guztiak artezki antolatu dira eztandaren zain egon gaitezen. Bigarren zatian, narratzailea aitaren baitan sartu eta honen transformazioa deskribatzen du. Zoritxar bat medio aitak uhartea utzi, eta alderrai, naufragio-bidaiari ekingo dio, zeina aitzakia den bere barneko bidaiarako, hau da, bere bizitzaren irakurketa kritikorako. Seme adingabeaganako izan duen ardura faltaz ohartzen da eta bere bizitzaren zentzu faltaz. Errua eta erantzukizuna bere buruari egozten amaitzen du. Ezer behartua gertatu bazait eleberrian, eraldaketa honen muturrekoa izan da, nahiz paisaia ere izan muturreko, eta gertakariak berdin, eta horrek guztiak testuingurua eman, berez, eraldaketari. David Vann-ek aitaren suizidioa interpretatzeko modua bilatu du, nik uste. Haren gogoeta estugarrietara, haren damura eta errura egin du bidea ulertu guran. Merituzkoa norbere zauriari espazioa eta denbora emanda fabula unibertsala burutzea. Deskripzio zoragarriak badira Alaskako lurmuturrez, basoez, zeruez eta urez. Kontakizun zuzen eta konpaktua. Herstura sortzaile bezain galdera sortzailea.

Azken kritikak

Zainetatik zilarra
Nahia Intxausti

Irati Majuelo

Izen baten promesa
Hedoi Etxarte

Aiora Sampedro

Düsseldorfeko txibatoa
Karlos Linazasoro

Aiora Sampedro

Esne berriketan
Uxue Alberdi

Mikel Asurmendi

Guztia urruntzea da
Hasier Larretxea

Asier Urkiza

Esker onak
Delphine De Vigan

Maialen Sobrino Lopez

Pedagogismoaren gezurtapen bat
Teresa Maldonado Barahona

Amaia Alvarez Uria

Jai-Alai
Gaizka Arostegi

Jon Agirre

Haize begitik
Mikel Ibarguren

Mikel Asurmendi

Hondarreko berorik geratzen bada
Iñigo Satrustegi

Irati Majuelo

Tropiko tristeak
Claude Levi-Strauss

Aritz Galarraga

Erleen azken ziztada
Kepa Iribar

Jon Agirre

Narrugorrik
Ixiar Rozas

Ibon Egaña

Bide bihurrietan
Elena Martinez Rubio

Mikel Asurmendi

Artxiboa

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

2025(e)ko iraila

2025(e)ko abuztua

2025(e)ko uztaila

2025(e)ko ekaina

2025(e)ko maiatza

2025(e)ko apirila

Hedabideak