kritiken hemeroteka

8.799 kritika

« | »

Etxekalte / Harkaitz Zubiri / Susa, 2012

Etxekalte Gema Lasarte / Argia, 2012-11-11

Bazen behin Donostian taberna bat ordu txikietan irekita egoten zena eta jazza hango kontua eta epizentroa zuena eta izen horrekin ezagutzen genuena. Horrek, edo etxeari onik ez dakarkion semantikak, ematen dizkio paisaia eta erritmoa Zubirik estreinakoz idatzitako nobelari, nire ustez. Kolore tristea du, iluna, miseriari dariona, eta erritmo pausatua, narrazioaren puskak ondo zizelkatzeko.

Jazza, kasurik gehienetan, beltza da eta etxekalteak lekarkeena ere halakoxea, nobela honen nondik norakoaren parekoa, nahiz eta eleberria ez izan beltza eta suspensetik itxura besterik ez eduki. Argumentuak balirudike enpresa batean amiantoak sorturiko heriotzak eta ondoezak eragindako ondorioetan oin hartzen duela, baina ezta hurrik eman ere, hori aitzakia besterik ez baita enpresa txiki horren inguruan kateatzen diren hainbat lagunen harreman sarea osatzeko. Eta hortxe dago nobela honen grazia eta inflexio gunea. Pertsonaia nobela da.

Pertsonaia nobela denez, Olezak zioena nahitaez gogoratu behar dut. Gizon honek zioen literatur pertsonaiek Darwinen teoria hankaz gora jarri zutela, horrela, hasierako kontakizun mitikoetan, Jainkoak nagusitzen zirela; geroxeago epopeietan, Erdi Jainkoak; denboran aurrerago erromantzeetan, Jauntxoak; eleberri garaikidean, guk ezagutu dugun pertsonaia arrunta errealismoan, batez ere; eta azkenik, postmodernismoak patetikoak, izenik gabekoak… ekarri dizkigula. Eta patetikotik asko dute Etxekalten paseoan dabiltzan fikziozko gizakiak, amiantoa bezain arriskutsua den amaraunean harrapatuak denak ere. Anaitasuna enpresan gertatzen da amiantoaren kontua eta paradoxikoki anaitasunaren antitesia den harreman amarauna bihurtzen da nobelak aditzera ematen duen krisi ekonomikoaren parekide.

Amiantoak sorturiko pertsonaia baten heriotzaren inguruan jakin nahian hasiko dira egia justuaren bila eleberri honetako protagonista batzuk eta azkenean, ez dakigu, nork nori zer. Argi geratzen zaiguna da harreman amarauna gezur txikiekin, norbanakoen interesekin osatuta dagoen amiantozko harreman kutsatua dela.

Hori da gaia 20 kapituluetan barna, idazleak ondo lotzen dituen kapituluak egiari zor, eta irakurleak aise segitzen eta identifikatzen dituenak. Azkenean, amiantoaren eraginaz hasieran baino gutxiago dakigu, baina, narrazioak duen barruraino gonbidatu gabe sartzeko indarrak triste antzean utzi gaitu ohekide, lagun nahiz lankideei behaka amianto aztarnarik baleukate ere, baldin baitan ere.

Azken kritikak

Termita
Garazi Albizua

Maialen Sobrino Lopez

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Ibon Egaña

Hezitopia
Nora Salbotx

Mikel Asurmendi

Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Deiadarraren antologia bat
Rakel Pardo Perez

Asier Urkiza

Herrenaren promesak
Maite Aizpurua / Infinitudrama

Nagore Fernandez

Lazarraga, Ernazimentua euskaraz
Pruden Gartzia

Mikel Asurmendi

Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda

Maialen Sobrino Lopez

Hondoaz galde
Jon Sarasua / Mikel Artola

Mikel Asurmendi

Zirtak su. Hasieran bazen hitza
Maite Lopez Las Heras

Joxe Aldasoro

Erroen izerdia
Jone Bordato

Mikel Asurmendi

Zerua hemen
Oihana Arana

Maddi Galdos Areta

Odisea
Homero

Aritz Galarraga

Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena

Maialen Sobrino Lopez

Artxiboa

2026(e)ko urria

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

Hedabideak