« Jolasteko gogoa | Isiltasuna »
Zure bila itsasoa bidaliko dut / José Luis Padrón / Bermingham, 2002
Minaren itsasaldiak Oier Guillan / Irunero, 2002-06
Bizitza zabala da. Zaila da bizitza lerro bakan batzuetan laburtzea. Bizitza kontraesanez betea ageri da, samina proportzioan beti garaile poztasunarekiko lehia handian. Bizitza itsasoa bezain zabala eta konplexua da, ederra eta era berean heriotzari estuki lotua.
Jose Luis Padronek “Zure bila itsasoa bidaliko dut” izenburua eman dio azken olerki liburuari. Erantzunen bila, ulermenaren bila, galdetzen duenaren bakardadea hausteko moduaren bila, irakurlearen bila, guztion bila, autore beraren bila bidaltzen du itsasoa, agian itsasoa bezain zabala iduri dezakeelako sentitzeak. Itsasoa bidaltzen du Padronek kezkaz beterik, haren magalean galdera ikusezinez horniturik.
Felipe Juaristik burutu du aitzinsolasa, besteak beste, mina eta itsasoaren arteko parekotasunak agerian utziz: Mina itsasoa baita: ez da sekula agortzen; egunetik egunera kanpo aldeko itxura aldatzen du, barnekoa barik; kostalde osoa baldintzatzen du. (…) Mina poeton hizkuntza da. Ez naiz ni ausartuko mina poeten izaeran horrela kokatzen, baina liburu honi dagokionez, ezin ukatu haren presentzia. Mina nabarmen abailtzen da liburuko lerroetan, lerroen artean, edukietan nahiz formetan, olerkiaren mugak ekidinez eta gaindituz, itsasoak berak bere mugekin egin ohi duen bezala.
Padronek jada itsaso ugari zeharkatu ditu, uhara ugari jarraitu ditu poesiaren ostean. Bihotza erraietatik mintzo zaiola iduri izan du aurrez idatzitako liburuetan. Lan berri honetan apika gehiago sakontzen du, baina ezin esan irakurlearentzat jasotzeko lan erraza denik. Sentsazioak transmititzera jolasten du olerkiotan Padronek, baina oraingoan ere itsasoaren antzera, itsasaldien gisa urrundu eta gerturatu egiten baita etengabe irakurlearen kostaldetik. Olerkiok saminak ekartzen duen barne bidetik daude izkiriatuak, baina irakurleari lerrootan murgiltzeko aukerak ukatu gabe, leihoak eta ateak tarteka eta gutxien espero duenean irekita uzten baitizkio Padronek. Samina unibertsala izan liteke, baina Padron ez da soilik horretan gelditzen, sarritan eta ustekabean egunerokotasunera ekartzen baititu sentimenduak; olerkian murgildurik dabilelarik, irudi zehatz bat topatzen ahal du irakurleak, eguneroko oharkabeko gauza txiki ezagunei loturiko irudi zehatz bat, idazlearengana gerturatzeko leiho ireki bat.
Hala ere nabarmena da itoaldia olerkiotan, bizitzaren berezko erronkekiko nahi eta ezina. Igerilaririk hoberenak itsasoan barrena murgilduez gero nekatuko litzateke noizbait, galduko luke besoetan indarra, eta bere bakardadean, itoko litzateke apika. Olerkiak ez dira ezkorrak ordea. Bizitzak min ematen du, gauzarik ederrenak min eman dezakeen bezala, eta Padronek haren berri eman nahi dio irakurleari, bien saminak parekatuz, idazlearen bakardadeari atsedenaldi bat emanez.
Heriotzaren itzalak eragin nabarmena du olerkiotan, eta honi estuki loturik denborak, iraganak, etorkizunaren ortzimuga lainotuak, beldurraren metafora gordinak, gauza txikiek korapiloa askatzen joateko baliabide gisa. Bizitza zelatatzearen poderioz, barnetik kanpora erantzunik gabeko galderak zabaltzearen beharrez, gerta liteke bizitza zeregin horretan galtzea, ohartu gabe ondotik pasatzea. Idazleak orri zuriaren ertzetik bere burua agertzen du indarren neurketa horretan, saminaren beltzetik bizitzari aurre eginez, bizitza bera bizitzeaz ahaztu gabe.
Jose Luis Padronek idatzitako “Itsasoa zure bila bidaliko dut” edukiz beteriko poesia gordina da. Saminaren koordenatu unibertsalak bere begiez azalduz zuzentzen zaio, besteak beste, irakurleari, oparia baino gehiago gogoetarako erronka bat luzatuz. Bizitzari loturiko betiko kezkak, betiko samina eta galderak, Padronek bere baitan bildu eta poesiaren forma ematen die, baina aztarnak utziaz, idazlearen bakardadea apurtu eta haren samina ulertuko duen irakurlearen zain. Zenbaitetan idazleak bere ihardunaz ere mintzo da, gogoeten erdian, orri zuriaren amildegian sumatzen zaio, oroitzen, zelatatzen, arakatzen, letren artetik borrokatzen, finean.
Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
Deiadarraren antologia bat
Rakel Pardo Perez
Asier Urkiza
Herrenaren promesak
Maite Aizpurua / Infinitudrama
Nagore Fernandez
Lazarraga, Ernazimentua euskaraz
Pruden Gartzia
Mikel Asurmendi
Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda
Maialen Sobrino Lopez
Hondoaz galde
Jon Sarasua / Mikel Artola
Mikel Asurmendi
Zirtak su. Hasieran bazen hitza
Maite Lopez Las Heras
Joxe Aldasoro
Erroen izerdia
Jone Bordato
Mikel Asurmendi
Zerua hemen
Oihana Arana
Maddi Galdos Areta
Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena
Maialen Sobrino Lopez
Gatazka eta abusua ez dira gauza bera
Laura Macaya / Hamaca
Amaia Alvarez Uria
Sasi arteko sugarrak
Sebastian Gartzia Trujillo
Hasier Rekondo
Agerre
Juan Luis Zabala
Mikel Asurmendi