« Gorrotoa Lege | Urtero da aurten »
Euzkadi merezi zuten / Koldo Izagirre / Hordago, 1984
Historia destilatuak Joxean Agirre / Egin, 1984-11-25
Koldo Izagirreri ez bide zaizkio injenuitateak gustatzen. San Martin kalean Jaizkibel Elkarteak dituen ofizinetan aulki bat okupatu eta lehen galderei monosilaboekin erantzuten dienean edo okerrago dena, farre gaizto batekin uzten zaituenean ez dakizu haren pentsamendua nondik nora dabilen. Koldoren irizpideei, antzemateko keinuak aztertu behar dira, bigarren intentzioak erreparatu, zeharkako esanei zuzenekoei baino kasu gehiago egin eta hala ere barruntatu egiten dira gauzak, ez aurkitu.
Gisa berean Koldoren nobela ere, egunotan Hordagok kaleratu eta jadanik Durangoko euskal liburuen zita obligatuan komentatuenetakoa izango den obra mehar baino trinkoa, ez da telebistako partidua ikusiz edo lanetik etxera bidean semaforoetan irakur daiteken lan bat.
Adineko jendeari entzunez edo gure iragan hurbilari buruzko dokumentazioa pilatuz deskubritu duen iragan hurbilaren retazo batzuk eskaintzen ditu nobelak. Retazo, pasadizu, gertakari, ixtorio bakoitzak iragan denbora horien gune edo istant konotazioz kargatu bat ematen du aditzera. Nolabait Izagirrek istorio eta kontakizunak, herriak ahoz aho transmitituak edo horien gisara egileak berak asmatuak, errealitate baten alderdirik esajeratuenak kondensatzen dituen lorpen literarioak direla uste bide du, horiek erabiltzen baititu iragan hori berreskuratzeko bide kasik bakar bezala. Ixtorio horiek, dena den, pintzelada bakan eta aukeratuekin trazatzen ditu eta lehen irakurketa batetan maiz bigarren irakuketa bat egiteko borondatea bakarrik pizten zaizu, nolabait nobelaren harian etenak eta lagunak sortuz. Insinuazioen eta konotazioen itsaso horretatik osorik ateratzen direnek, hala ere, nobelari koerentzia eta batasuna damaioten hariak deskubrituko dituzte, konstante zenbaiten esplikazioak, osatzeko geratu diren osagarriak akaberan deskubrituz.
“Azaleko egitura sinplea du nobela honek. Kontatu ditudan esaldiak pertsonaia batenak dira edo personaia batek kontatuak. Horrek berak haririk eskaintzen dio irakurleari, beste zenbait deskubri baditzake ere. Konplexua dena, sakoneko egitura da, hor zera inplizitoak, erdizka, esanak eta esangabekoak ugariak baitira”, dio Koldok.
Maitasunez eta ternura haundiz berdeskubrituriko mundu horretan gertakariek osatzen dute lan honen material brutoa. Gertakarien sujeto edo objeto diren neurriak interesatu zaizkio pertsonaiak Koldori eta ez da pertsonaia horien baitako gorabeheretan sartu. Honek halako kronika kutsu bat eman dio lanari. Nik hurbiletik ezagutu dudan mundu baten kronika da. Kontalari on pare bat nahikoak dira jaso ditudanak kontatzeko. Hala ere, garaiko dodumentazio ahalik gehiena biltzen saiatu naiz gertakariak girotzeko eta orduko hitzez, esaldiz, bertsoz baliatu naiz kasik neurea izan den mundu horren berri emateko”. Garaiko esaldi eta bertso zatiak erabiltzean halako dinamika bitxi bat sorrerazten du batua euskalki dialektikak.
Izagirreren lanak ehun orrialde eskas ditu, baina lehen irakurketa batek laster asko adierazten duenez, urte batzuetako lana mamitu da orrialde horietan.
“Nobelari batasuna ematearren eta konkordantzi faltak erremediatzeko behin baino gehiagotan idatzitako lana da eta konkordantzi falta horiek ez ziren prezeski gramatikalak”, eransten du Koldok.
Lan hau argitara bezain pronto beste liburu baten argitalpena arduraturik dabil Izagirre. Hilabete gutxi barru tematikaz aktualagoa izango den ipuin liburua emango du ezagutzera Bedeinkatua izan dadila aldegin zuten eguna izenburuarekin.
Idazle hau Altzan jaio zen duela 31 urte eta Pasaia Antxion bizi izan da hogei urtez. Adina gorabehera, gaiztakeriak egiteko beti pronto dagoen mutiko bihurri baten plantak ezin ditu izkutatu mahaiaren gainean mintzo den bitartean etengabe dibujo buka ezin bat amaitzen saiatzen den bitartean. Aurpegi beretsuarekien imajinatzen dugu herriko eskolan. Ondoren EUTGera jo zuen filologia egitera eta bukatu gabe utzi zituen ikasketak. “Ezin izan nian agoantatu. Estudiante txarra ninduan, fatala eta lizentzia egin gabe atera ninduan”.
Gauzetan deituriko testu poetiko batekin estreinatu zuen euskal literaturaren plaza 1979an eta iazko Durangoko Azokara berriz Lokuzioak izeneko lana eraman zuen. Ezin daiteke esan Koldo idazle prolifikoa denik, baina gaurko euskal letren panoraman graduazio haundienetakoa duena da.
Saizarbitoria, Sarasola, Urkizu, Haranburu eta gaurko beste zenbait kontsakratu baino gaztexeagoa eta idazle berriak baino zaharxeagoa, talderik gabeko lanera kondenaturik biziz da, baina ez bide du haatik literatura uzteko asmorik. “Etenaldi bate izan diat, lanean hastearekin koinziditu zuena, baina berriro modu nahiko konstante batez idazten diat”, aitortzen du.
Orain azken lau urteotan zinetik bizi da, Jaizkibel Elkarteak produzitu dituen eta produzitzen ari den lanari esker. Jaizkibel-en ofizina hauetan lan orien froga gisa “Kukubiltxo”ren fotogramak dira zintzilik eta beharbada beste guztiak bera bezain listoak direla suposatzen duen pertsonaia txiki eta zorrotz honen ganean ere interroganteak jartzea baizik ez dut lortu ordubeteko elkarrizketaren buruan. Euzkadi merezi zuten obra on bezain konplexoegia gerta dakieke askori.
Francesco Pasqualeren bosgarren arima
Unai Elorriaga
Asier Urkiza
Kanbodiako enbaxada
Zadie Smith
Nagore Fernandez
Herriaren hezkuntza eta demokrazia
Nadezhda Krupskaia
Jon Jimenez
Coca-Cola bat zurekin
Beñat Sarasola
Joxe Aldasoro
Etxe bat norberarena
Yolanda Arrieta
Mikel Asurmendi
Rifqa
Mohammed el-Kurd
Irati Majuelo
Loak ezkutatzen duena
Patxi Zubizarreta
Aiora Sampedro
Gari eta goroldiozko
Anari Alberdi Santesteban
Mikel Asurmendi
Itsaso amniotikoa
Oihane Jaka
Asier Urkiza
Hau ez da gerra bat
Mikel Ayllon / Piszifaktoria Ideien Laborategia
Nagore Fernandez
Gurpilak
Eztizen Artola Iturrate
Jon Jimenez
Gizon barregarriak
Joxean Agirre
Hasier Rekondo
Detaile xume bat
Adania Shibli
Irati Majuelo
Barkamena existituko balitz bezala
Mariana Travacio
Ainhoa Aldazabal Gallastegui