« “Hamaseigarrenean aidanez”: iragarritako sari baten kronika | Tere Irastorza: gero eta poetago »
Gerraondoko poesiaren historia / Josu Landa / Elkar-AEK, 1983
Josu Landaren liburu bat dela eta: Irizpide “soziologikoak” ala “literarioak” euskal kritikan? Luis Mari Mujika / Egin, 1983-09-20
Josu Landak argitara berria du “Gerraondoko poesiaren historia” Gai gaitz, baterako liburu aski ausarta. Landaren liburua estilo zehatz, arin, bereziaz eginik dago. Gainera, Landa konsziente izan dela uste dugu zer terrenotan sartzen zen eta gazte baten ausardiaz lanari ekin dio. Egia esan gure “gerraosteko poesiaren historia” egin gabe zegoen, eta egiteko halako beldurra zegoelako esango nuke… Hurbiltasunak denok ukitzen gaituelako, agian, denok batak bestearekiko zer esanaren zain egon gara. Historia hau irakurrita gero, hala ere, Josu Landak “bere” historia egin duelakoan nago, ez espero zitekeen historia osatu, inpartzial, orokorra.
Landak historia honetan, Ibon Sarasola batek iritzi “sozialetatik” abordatutako “Historia social de la literatura Vasca”n eginiko jarrera berdina hartu duela uste dugu… Autore eta idazle batzuren lana haizatu eta beste batzurena boikoteatzeko —denetik baitago gure herrian!— arrakasta “sozial eta extraliterariotatik” obra bat epaitzea ez da serioa historia “literario” bat egitean. Beldur naiz, berriro, guk EGINen orain lauren bat hilabete eginiko polemika berritzea.
Akzidentalismoaren arriskua
Kritika literarioan autore baten textuen komentario “hertsia” zapuztea, eta ideia nagusi batzuen andanan honetaz eta hartaz jardutea, akzidentalismoaren arriskuan erortzea izan daiteke.
Zuk, Landa, Gasteizen “kritikaren balioaz” nire alboan esanak datozkit gogora; autore batek “kritika” batzuren bitartez “bidea egitea”, nahiz eta kritikak bide “mafiosoak” ibili (batzuk goratzeko eta besteak boikoteatzeko), eta kritika hori, besterik gabe, on eta “irremediable”tzat ematea, luzarora, behintzat, jokabide “extraliterarioz” lan literarioak epaitzea da. Bide horretatik ez goaz inora, batzuren igobidea (como sea!) justifikatzera baino. Hori guretzat (eta oreka literario batetik) onartezina da; bestela, bere garaiko presioen arabera, ez litzateke autore ona izanen Becquer bat, Gongora bat, Miguel Hernandez bat, eta hainbat eta hainbat.
Berriro esaten dizut ohardun izan zarela, agian, historia hau egitekoan lan gaitzean sartzen zinela. Baina, “kritika” mota borren kontzeptupean nik, agian, egun batean proba dezaket Pello Errota oso pintore ona izan zela, baita astronauta ere.
“Presiozko” kritika hori beste kritikarik gabe onartu nahia euskal munduan bidegabekeria ez-ezik, azken finean, literaturan irizpide “extraliterarioak” erabiltzea da.
Lizardiz zazpi lerro
Eta goazen harira. Lizardiz hau diozu: “Nahikoa da Lizardiren poesiak beren osotasunean irakurtzea konturatzeko hari buruz esandako gehienak harropuzkeriak baino ez direla. Hainbeste aipatutako ‘metafora eta irudikera paregabe’ oso urri ageri zaizkigu… ez zuela inoiz asmatu berrikuntzarik ekartzen, ez tematikan ez tratamendu poetikoan”. Hau guztia zazpi lerroen geografi urrian hain solemneki despatxatzea harrokeria pedantea da. Horrek ez du ezer balio Lizardiren kasuan eta beste autoretan baldin eta lehen atxikitzen ez bazara textuetara (hurbilagotik eta luzeago). Horrekin, noski, autore bati dagokionez eginiko lan hertsiak “alferrikakoak” direla, birgeriak direla, etab. adierazi nahi duzu. Lizardi bide hain errukigabeaz despatxatzea, eta bere sintesi ahalmena ia soilik kontutan hartzea, denen begi bistan dagoen zerbait da. Honekin pentsa dezakezu nik nere bidea justifikatu nahi dudala… Esan eta pentsa ezazu nahi duzuna, baina “Poesiaren Historia” bat egitera ausartzeko mementuan ez dakit zergatik hartu behar dituzun lan monografikoak zapuzkeriaz. Textuetara ez bagoaz akzidentalismoaren eta “arbitrarismoaren” erreinuan sartzen gara.
Niretzat zuk esanek ez dute deus baliorik, baldin eta konklusio horietara 150 (hala nahi baduzu 80)-ren bat orritako lan bat egin ondoren ez bazara ailegatzen. Gainera, zuk Lizardiz uste duzun mito hori errealitatean ez zen eman; Lizardi bere bizi-garaian ez zen zuk uste duzun bezain puntako vedeta izan (bere anaiak, behin eta berriz, esan digu ez etxean, ez giro artean, bere bizitzan ez zela izan hain estimatua. Bere loria, funtsean, hilda gero etorri zen).
Lauaxetaz esaten dituzunaz (neurri batean) ados nago, zokoratua izan zelako… baina zure bideaz, hots, liburu honetan eginikoaz beste batzuei bestainbeste gertatuko zaie.
Kasik poesia ez diren horiek
Aresti dela-eta esaten dituzunak orain arteko bide berdinean doaz; dudarik ez dago, Arestik arrakasta izan zuela, eta garaian garaiko ohorea hartu zuela. Baina, berriro poesiaren historia literarioa egitean irizpide “extraliterarioak” erabiltzera gatoz neurri haundi batetan. Poesia “sozial” horren arrakasta, gehien batean, balio “extraliterarioei” zor zitzaien; orduan, kritikagile “batzuren” aldetik Arestik nahi zuen loria eta goratzarre, guztia izan zuen (baina, kuriosoa, ez “Malda-Behera” kasuan, beste liburu kasik poesia ez diren horietan.) Zuk bide hori, bestelako kritikarik gabe bataiatzen duzu, albora egon ziren boikotak aipatu ere ez eginez. Poesia “sozial” asko bluf bat izan zen. Berriro irizpide “soziologikoak” fenomeno literarioak epaitzeko erabili dira. Eta esanen duzu: bai, baina beste bide “birtuosistagoa” eraman zutenek ez zenuten lortu pantailan egotea? Eta zer…? Hemen zer egiten: ari gara, literaturaren historia ala “norgehiagoka” baten historia? Hemen boikoteatua izan zen bide “birtuosista” baten defentsa zapuztu nahi baduzu berdin zait. Zu zerorrek esan zenidan, lehen ere EGINen, nik nerea “justifikatu” nahi nuela. Kritika literario “presio soziologikotik” bakarrik ulertzen duen batentzat hori esatea ez da harritzekoa, eta harritzekoa ez-ezik “justifikagarria” gainera.
Irizpide literarioak
Garai hartan Joan San Martinek, eta, gero Sarasolak bere historian, antzeko bidea erabili zuten: Literaturaren historia nagusiki irizpide soziologikotatik egitea “extraliterarioki” jokatzea da. Eta arrisku hori salbatzeko bide bakarra dago, alegia, poeta edo autoren baten lanaren azterketari hurbilagotik lotzea. Niretzat “bide serio” hori bakarra da. Bestela “laguntxoen” influentzian, intuiziotan eta aupabideetan sartzen gara. Lizardi zazpi lerrotan hankaz gora botatzea irrealismoan erortzea da, irrealismo arbitrario batean, noski, ezen-eta zerbaitegatik izan zuen halako arrakasta gerora (eta ez, zuk uste duzun bezala, hainbestekoa bere bizitzan).
Garbiro esan behar dizut, ni ez naizela gusto literarioz lizardianoa eta, gainera, ia sekula ez dudala poesia lizardianorik ere egin (bestela probatu textuetatik, eta zazpi lerrotan). Neri askoz gustokoagoa zait, dudarik gabe, Mirande, nahiz-eta bere eraginik ez, jasan, neurri haundian behintzat, gainera nik Lizardiri akatsak ere bilatu dizkiot.
45 garren orrian 1950 ondorengo belaunaldiaren hamarkadan jartzen nauzu ni poeta bezala Erkiaga, Arrese eta Etxanizekin. Hori, ez baduzu besterik probatzen, fantasia hutsa da, edo, gehienez, seriedade falta izugarria, ezen-eta 1963rako ez neukan liburu bakar bat ere publikaturik (gerora 7 poesia liburu eta beste 3ren bat poema-lan luze…) Beno, ba geroko produkzio guzti hori (existentzialista, sinbolista, surrealista) existituko ez balitz bezala belaunaldi horretan kokatzen nauzu, agian, aurrez eginiko bosten bat olerkitxoengatik. Eta lehen olerki horietatik gehienak Erkiaga edo Etxanizen eta gutxiago Montzonen belaunaldiarekin ezer ez daukaten kutsu juanramoniano batez eginak daude. Geroko nere produkzio guztiaz (ia 18 urtetako produkzio “extralizardianoaz”) ezer ez. Stop eta kito. Noski, sorpresarik ez dut (nahiz-eta agian zuk ez sinetsi), ezen-eta horrelako jokabideak Sarasolak bere preiritzi “soziologikoetatik” eginik zeuzkan, eta “Yakin”en ere Etxezarretak. Baina hori ez da serioa; seriotasun kritikoa textuen azterketa mantso eta hurbiletik dator, bestela, mafian sar gintezke.
Bestalde, Etxezarretaz aparte, nire poesiaz Lasagabaster-ek, J. Mari Lekuonak, Atienzak, Aizarnak etabarrek esanak ignoratu egin dituzu.
Zenbait arbitrarietate
Liburuaren bigarren partean esaten dituzunak batzuk ongi egitaratuak daude, prozeso bezala, baina, beste batzuetan arbitrarismoan erortzen zara. “Pott” aldizkariaren arrakasta dela-eta problematikoa gertatzen da hori dena esatea, “Olerti”ri buruz, zu hain murritz izanik. “Pott”-en eragina poesian, gure ustetan, aski marginala izan zen, maiz experimentalismo gaitzean ibili zelako batasunik gabe… Gainera, ez zuen, poesia egin funtsean, narratiba baizik. “Pott”ek izugarrizkoak egin zituela uste izan zuen, eta ez zituen egin. Bai, gogoan daukat adibidez, liburu zenbaiti egindako kritika tremendista, baina tremendismo ez-probatu batetik ez zen pasa… Zu, ordea, euskal poesiaren historia egitean (eta oso arriskutsua da) lehendiko bekatuetan erori zara neurri batean, alegia, batzuen gorakada merkean eta beste batzuen gutxiespen eta boikota garbian. Izen batzuk falta dira: Gaztelu bat, Irigarai bat, P. Zabaleta bat, Iztueta bat, Iturbe bat, Amuriza bat, M. Zarate bat, Arregi bat, eta hainbeste eta hainbeste. Baita komentuetan eman zen poesia gaztea ere. Bere bizitzan 50 edo 100 poema orri soilik egin dituzten autoreak ere sartu dituzu; beste batzuri, ordea, 50ngo belaunaldia egotzi ez-ezik, isilune begiragarriena eskaini diezu. Eta lotsa galdurik daukagunez, ezen-eta zure aurretik ere antzeko boikotak euskal munduan idazle batek baino gehiagok jasanak ditu, jokabide horrek ez gaitu batere harritu. Euskaldun idazleetan batek idatzia besteak, maiz, ez du irakurri, ere egiten, eta elkarren ignorantzian ibili ohi gara gure harrokeriaz gure bidea eta iritziei eusten.
Nere ustez “poesiaren historia literario” bat egitean, funtsean, irizpide generazional-soziologikoak, kasik soilik erabiltzea “extraliterarioa” da, eta behe-plataforma gisa onartezina. Literatura, funtsean, literaturatik, hau da, barne irizpideetatik (textuen azterketa, ala liburuen begirada batetik) egin behar da. Zuk neri EGINen esan zenidana errepikatzen dizut, alegia, “zure” liburutegian dauden liburu eta autoreen kritika egin duzula, agian ez “diren” guztiena. Gerraosteko poesiaren historiagile bati beste jarrera zabalagoa eta orokorragoa eskatzen zaio, eta ez gelditu lehendiko historiagile batzuen topikoetan. Irizpide “soziologikoak” ziren nagusi haietan (ez literarioak) epaiketa egiterakoan. Zu ere “arrakasta extraliterarioen” arabera joan zara historiaren haria egiten, eta hori, gure eritziz, ez da taxuzkoa. Berriro dasaizut, ez zaidala axola ezer EGINen zuk neri leporatua, alegia, nere burua “justifikatu” nahi dudala hau dena esatean. Agian, ere bai… arbitrarismo partzialez eta (zuk hemen egin ez duzun) mafiataz okiturik gaudelako. Baina nik ez dut lotsarik hori esateko, beste batzuek bai ordea!
Oraindik egin gabe
Ez duzu ezagun, agian, Blanco Aginaga-ren “Historia social de la literatura española”k “El Pais”en eduki zuen kritika gaiztoa; Aginagak Gabriel Miro bat, Juan R. Jimenez bat alderdi “sozialetik” (ez literariotik) ukitzen zituen, eta noski gaizki paratuta gelditzen ziren. Hori gauzak beretik ateratzea da. Historia literario bat “nagusiki” irizpide “literariotatik” egin behar da, ez “sozialetik”.
Gure ustetan “Gerraosteko Poesiaren Historia” egin gabe dago (historia “literarioa” esan nahi dut), textuak eta liburuak aztertu eta arakatuz egina. Agian, historia “extraliterarioa” dago egina, baina ez literaturan primatu behar duena, alegia irizpide barne-literarioetatik egina. Gainera, nik neure buruarekiko eginik dut eskema bat, alegia, “luzaroaren” filosofia. Gauzak historiak epaitzen ditu (eta denborak), eta ez garaiko jokabide edo presio “soziologikoetatik” bultzatutako oldeek. Zuk bigarren partean gauza “tremendo” gisa ezartzen dituzun autore eta obra batzuk “bi urte buruan” ahaztuak eta gaindituak izan dira. Beste batzuk oso ongi sartuak daude. Ezin gintezke finka, bada “akzidentalismoetan”. Nik uste dut kritika egitean tremendismoak bukatu egin beharko lukeela, eta kritika sanora joan. Baina kritika “literarioa” egitekotan erizpide “literarioak” erabili behar dira nagusiki, eta ez “presio” edo giro “soziologikotik” jasoak. “Soziologia” eta “presioa” gauza bat da, eta bestea kritika “literarioa”. “Presioa” edo arrakasta “soziala”ren, termometroa liburu bat epaitzean, gehienbat, erabiliaz joka-bide arbitrarioak gizentzeke arriskua dugu. Eta, mesedez ez ukatu hori ez dela egin gure artean kasu askotan…
Zuk “Pott” eta “Panpin ustelaz” esanikoak aski puztuak daude. “Pott” existitu zela euskaldungoaren gehiena ez zen enteratu ere egin. Berdin gertatuko zen beste liburu askotaz (eta nere batzuetaz); baina, irizpide horiek (barneko obra aztertu gabe) nagusitzat kritikan erabiltzea ez da bidezkoa.
Historia inpartzialagoa
Poesia batek ona izateko halako jarraipen edo kontinuitate eta gorpuztura bat bebar du. Guretzat azkenaldiko poeta aunitz ez da, zoritxarrez, aldi bateko poematxo “bakan” batzue tatik pasa. Eta zuk esaniko azken aldizkari horietan esperimentalismo hutsa den “pirueta huts” asko ere egin da poesia on baten ondoan. Barne-kritika literario egitean, noski egituraren disziplinak, molde estetikoek, irudiek, hariak etab. “arrakastak eta sozialak” baino gehiago kontatu behar lukete eta berriro diot “arrakasta” famatu horiek (Aresti-ren kasua eta aro batzutan ezik) oso erlatiboak izan direla. Gainera edergintzan “minori kualifikatuari” ez diogu beldurrik izan behar; besterik da, agian, narratiban. Aresti-ren kasuan berriz, arrakasta izan zuena gertatu zen, eskaxena literalki. Hau zen bada, Landa jaunari estima eta itzal guztiaz esan nahi niona. Landa, gainera kazetari-experientzian probatu duenez euskal poesiaren “beste” historia osatu eta inpartzialago bat emateko guztiz gauza da.
Etxe bat norberarena
Yolanda Arrieta
Jon Jimenez
Zebrak eta bideak
Nerea Loiola Pikaza
Nagore Fernandez
Zoo
Goiatz Labandibar
Asier Urkiza
Hetero
Uxue Alberdi
Joxe Aldasoro
Euri gorriaren azpian
Asier Serrano
Paloma Rodriguez-Miñambres
Galbahea
Gotzon Barandiaran
Mikel Asurmendi
Bihotz-museo bat
Leire Vargas
Irati Majuelo
Lagun minak
Jon Benito
Mikel Asurmendi
Francesco Pasqualeren bosgarren arima
Unai Elorriaga
Jon Jimenez
Neska baten memoria
Annie Ernaux
Asier Urkiza
Lautadako mamua
Xabier Montoia
Nagore Fernandez
Bihotz-museo bat
Leire Vargas
Bestiak Liburutegia
Rameauren iloba
Denis Diderot
Aritz Galarraga
Neska baten memoria
Annie Ernaux
Paloma Rodriguez-Miñambres