kritiken hemeroteka

8.765 kritika

« | »

Hostoak, Gaia eta Gau-aldaketak / Tere Irastortza / Euskaltzaindia-BAK, 1983

Tere Irastorza: gero eta poetago X.X. / Egin, 1983-10-06

Behin, Tereren lehen poema liburuari egin zion hitzaurre kurioso bezain hegalari batean, Josu Landak zera zion: Teresita gehi Zaldibia berdin Teresita: Teresita ken Zaldibia berdin Zero; Zaldibia ken Teresita auskalo. Bere ustez matematikak ez dute gezurrik esaten, baina edo guk dakizkigunak ez dute balio, edo Josuren ekuazioa faltsoa da, ez bait dugu tutik ere ulertzen. Agian, berak ere ez du guztiz ulertuko, baina hori gutxien arduratu behar diguna da; gauza da, polito geratu zitzaiola eta horkonpon. Aldiz, ez dakigu zer esango duen oraingo liburu honetaz, behar bada gauza bera, baina ez dugu uste, asko aldatu —heldu, umatu— delako Tereren olerkigintza.

Liburu honek bi zati arras desberdin ditu, edo hobeto, esanda, bikoitza da, zati bakoitza gorputz erabat askea delako bestearengandiko eta biak batera agertzea kasualitatearen fruitua baino ez da. Gaia eta gau-aldaketak izenekoa Azkue sariketara aurkeztu zuen eta bigarren gelditu, J. L. Davanten Denboraren Aroak-en atzetik, epaimahaiaren aipamen berezia merezi izan zuelarik. Tai gabe ari den itoginak tantaz tanta harria zulatzea lortzen duen modukoa denez Tere, hurrengo urtean Hostoak deritzona aurkeztu zuen sariketa berera eta oraingoan bai, oraingoan saria lortu eta berarekin datorren poza, poemak argitaratuak izango direnaren ziurtapena izatean. Aukera egokia zelakoan, argitaratu gabe geratu zena ere honekin batera egitea bururatu zitzaion eta hala egin da, liburudenden erakustokietan dagoen horren barnean Tereren bi emaitza agertzen direlarik.

Bera nor den jakiteko ez dugu aurkitzen bide egokiagorik liburuaren atzekaldean egiten duen bere buruaren aurkezpena ezartzea baino: “Zaldibian jaio nintzen 1961.eko Otsailaren 23an. Nire haurtzaroaz apenas badudan ezer gogoan. Orain euskal filologiako ikaslea naiz Gasteizen (bukatu du). Txistua ikasten hasi nintzenean suspertu zen nigan euskaldun kontzientzia. Aurretik, gaxte gaxtetatik, idazten nuen (beti, ia beti poesia). Nire lehen liburuari (Gabeziak) Premio Nacional de la Critica Literaria eman zioten. Susan idatzi ohi dut (poesia, ia beti poesia). Euskal Herriko poeten liburu antologiko batetan ere parte hartu nuen (Totromotoroen…). 1981an R. M. Azkue sarian aipamen berezia eman zioten, Gaia eta gau-aldaketak liburuari, eta 1982.ean lehen saria Hostoak deritzonari. Azken biak dituzu orain eskuartean, eta urrerantzean, zure biografia astinduko da poesia hauetan; zeu zara eta, poesia bakoitzaren egile edo desegile (bakarra)”.

Ez da erraza, ez, poema bilduma baten laburpena egitea, ikutzen dituen gaiak aipatzea eta zeozertxo gutxiago esatea ez bada. Honetaz, Tere bere barnean ari dela esan behar, estilo xume, bigun eta femenino batean, hitz jokoak eta zentzu bikoizdunak oso maitatzen dituela, eta, bertso libre eta laburren barnean, hitzen hoskidetasunari asko begiratzen diola, Hostoak izenekoan batez ere; erritmoa bizkortzeko aditzen erabilera berezia ere inportantea da. Ezina ia beti dago presente bere gaietan, horren kontrako burruka edonora zabaltzen ahaleginduz, udazkenera, maitasun etsikorretara, heriotzara, gauera, idaztera… Ez da izango, seguraski euskal poesia irauliko duen liburua, baina olerki zale eta literaturtzaleek orokorrean, une gozoak igaorko dituzte bere konpainian.

Ohitura arteza deritzogu Azkue sariketa honetan dutenari, lan-irabazleak publikatzeari, mesedegarri gertatzen delako, olerki-mailan batez ere. Oraindik astia dago aurtengoan parte hartzeko epea urriaren 31an bukatzen bait da, hartzen dituen sailak hiru izanik: Eleberria, Olerkia eta Iker-lana. Helbidea: Bilbo Aurrezki-Kutxa, Apdo. 505, Bilbo, tfnoa. 91-4167000-201.

Azken kritikak

Barne zerbitzuak
Katixa Agirre

Amaia Alvarez Uria

Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda

Joxe Aldasoro

Ni, laiko
Markos Zapiain

Aritz Pardina Herrero

Zure bazterrekoak
Cesare Pavese

Asier Urkiza

Termita
Garazi Albizua

Nagore Fernandez

Argazkiaren erabilera
Annie Ernaux

Maialen Sobrino Lopez

Café Mokka
Jabier Muguruza

Mikel Asurmendi

Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena

Irati Majuelo

Basatiak
Maria Reimondez

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Zerua hemen
Oihana Arana

Paloma Rodriguez-Miñambres

Sekularizazioa Euskal Herrian
Joxe Manuel Odriozola

Mikel Asurmendi

Garondoan
Gorka Bereziartua

Asier Urkiza

Mundu guztiak
Ruben Sanchez Bakaikoa

Nagore Fernandez

Kantu leuna
Leila Slimani

Maialen Sobrino Lopez

Artxiboa

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

2025(e)ko iraila

2025(e)ko abuztua

Hedabideak