« Milioi bat begiraturi begirasuna | Ikertzaile berezia »
Beste norbaiten zapatak / Garazi Kamio / Elkar, 2012
Laburmetraia saioa Iker Zaldua / Gara, 2012-10-07
Lehen lana du Garazi Kamiok. Ipuinak aukeratu ditu andoaindarrak. Elkarren artean loturarik ez duten ipuinak, bat buka eta bestea hasi. Istorio laburrak elkarren ondoan, laburmetraien saio batean egongo bagina bezala, amaieran azkenak irakurritakoak geratzen dira gogoan, ahalik eta burua lanean jarri eta norberak gustukoen zerrenda egin eta hurrenkera aldatzen den arte.
Hala ere, badira liburu osoan, ipuin guztietan, errepikatzen diren ezaugarriak. Horien artean, gertutasuna azpimarratuko nuke. Istorio guztiak gure herriko plazetan gertatzen dira eta guztiak dira ohikoak gurean. Ziur naiz, irakurle gehienek sentituko dutela horietako, gutxienez, batekiko atxikimendua. Istorio arruntak dira denak, kolpe berezirik gabeak, linealak, gure espazio eta denbora betetzen dutenak, baina inoiz gutxitan azaleratzen direnak.
Heriotza du mintzagai lehenengoak. Guztiok dugu harreman pertsonal berezia heriotzarekin, baina gure golkorako uzten dugu harremana. Argazkia izenekoan harreman horietako bat agertzen da, biluzik. Bigarrengoan bikote harreman eraiki gabea kontatzen digu, Benitoren Primaderako liliak etorri zait burura. Laurogeitaka urteko bikotea olatuek bultzatuta bezala azken portura iritsiak. Ipuin min izateko behar zuen osagaia ere erantsi dio idazleak, Alzheimerra. Hirugarren ipuina eskasena iruditu zait, arruntegia akaso. Gurasoek alabaren garapen-prozesuan duten parte-hartze subjektiboa dago atzean, haren futbol zaletasuna da abiapuntua. Partida geza iruditu zait niri, husna amaitzen den horietakoa, aukerarik gabe. Matematika izena du laugarrengoak, bikote gaztea, bigarren ipuinean aipatzen den bikotea sartuta dagoen itsaso berean igerian. Ipuinean bertan erabiltzen duen irudia ekarriz, atzerako ispiluan behatu eta etorkizuna ikusten dute, hau da, bikote adindua portura urreratzen, isilik, elkarren ondoan. Kasu honetan, ordea, zurrunbilora iritsi aurretik itotzen dira. Presoei eta haien senideei omenalditxoa hurrengoan. Berriz ere, istorio arrunta baina tabu bihurtua. Oso istorio lineala, amaierarik gabea. Beste errealitate ezkutu bat; bisitaldiak, bisitaldietako kilometro isilak eta bisitaldietako asperdura gogaikarria arintzeko ahalegin errepikakorrak. Seigarrengoan ospitaleko egonaldia. Bertako pasabideetan izaten diren burutazio ikusezinak begitanduko ditugu. Alabaren gaitzak nola izena duen eta nondik etorri den asmatu nahirik sendagileak. Ama aldamenean du, gaitzaren iturburu bihurtua nahi gabe. Azken bi ipuinetan sekretuak dira protagonista. Guztiok ditugu gure sekretuak, gure alde ilunak, egunerokotasunarekin argitzen saiatzen garenak. Ipuinari izena ematen dion ipuinean, iragan garaiko kontuak azaleratzen dira. Urteetan mugitu gabeko harri bat altxatu eta inurriak nola halaxe hedatzen da iragana orainean. Harria bere lekuan paratu arren, sekretua bere habiatik atera da. Gerizpeko panpinak izena du azken istorioak, bizitzaren bideak saihesbideak ditu eta guztiok izan dugu inoiz horietakoren bat hartzeko tentazioa, guztiok zeharkatu dugu marra inoiz, gehienok bidera itzuli gara, baina saihesbide hartan ikusitakoa gure imaginariumean dago, tabu bihurtua badago ere.
Abiadura bizian irakurtzen da liburua, deskribapenetan ez da nahasten, erraz egiten du aurrera irakurleak, erritmo bizian. Laburmetraia bakoitzaren kredituetan ikusitakoa irensten saiatzen denari gertatzen zaiona gertatzen zaio irakurleari. Gogoetan murgildu aurretik hasten da hurrengo istorioa, eta begiak horretan iltzatzen ditu berehala.
Estiloan ez da itzulinguru handirik hautematen, zuzena da. Gordin kontatzen du gordin ikusten duena. Solasaldietarako gaien zerrendan barneratzen ez direnak agertaraztea da asmoa, arrunta dena arrunki azaltzea, itzulingururik gabe, zuzen. Deseroso egiten zaizkigunak, hain zuzen, gu geu garelako horien protagonista, arestian esan bezala, gure herriko plazetan gertatzen baitira, nahiz eta guk begiratu nahi ez.
Garondoan
Gorka Bereziartua
Asier Urkiza
Mundu guztiak
Ruben Sanchez Bakaikoa
Nagore Fernandez
Kantu leuna
Leila Slimani
Maialen Sobrino Lopez
Odola kantari
Unai Elorriaga
Mikel Asurmendi
Bihotzean napalma
Pol Guasch
Irati Majuelo
Izatearen arintasun jasanezina
Milan Kundera
Aritz Galarraga
Zerua hemen
Oihana Arana
Ibon Egaña
Espekulazioak
Arrate Egaña
Mikel Asurmendi
Itzala
Maixa Zugasti
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá
Asier Urkiza
Fikziraultzaileak
Kamikaz Kolektiboa
Nagore Fernandez
Haurdunaldi oharrak
Yoko Ogawa
Maialen Sobrino Lopez
Ni, laiko
Markos Zapiain
Mikel Asurmendi
Zainetatik zilarra
Nahia Intxausti
Maddi Galdos Areta