kritiken hemeroteka

8.814 kritika

« | »

Martutene / Ramon Saizarbitoria / Erein, 2012

Milioi bat begiraturi begirasuna Mikel Asurmendi / Berria, 2012-10-07

Martutene irakurtzen lau aste eman dut. Lehenago, artean eta ondoren nobelari buruz idatzitako aipuak ere irakurri ditut. Idazleak esandako hau, kasurako: “Bi milioi eta hirurehun karaktere idatzi dut, eta milioi eta erdi ageri dira liburuan”. Neronek 3.400 karaktere ditut iruzkin hau osatzeko.

Hamar urte dira nobela eraikitzen hasi zela Saizarbitoria. Idazlea imajinatu dut Martuteneren genesian, etxeko biblioteka oparoan. Idazle kuttunen liburuak ditu apalategian: Max Frisch eta Gustave Flaubertenak, besteak beste. Frischen arkitekto sena bere egitea pentsatu du nobelagileak, ironikoki. Saizarbitoriak ironia sobran baitauka, baita lanerako obsesioa ere: “Sormen lanaz lekora ezin duela pozbiderik aurkitu” gogoratu zait. Bere izate gaixoaren ezaugarritzat dauka Martutene-ren idazleak aipu hori. Flauberten “Etorkizunak torturatzen gaitu eta iraganak kateatu. Horregatik egiten digu ihes orainak” aipuarekin gogoratu naiz, halaber.

Donostiako Martutene auzoan kokatu du Martin pertsonaia: idazlea. Bere alter ego, naski. Martinen lana da Martutene taxutzea. Martinen egoa, ordea, ez da nahiko nobela osatzeko. Julia bikotea du lagun. Zigor —Juliaren semea— eta Harri laguna ere ondoan paratu ditu Saizarbitoriak. Alter ego bat baino gehiago behar du idazleak, hain dira ugari bere obsesioak. Abaitua eta Pilar ere protagonista dira —Abaitua nagusia—, eta Loiola. Kepa laguna barne.

Trama hiri erditik eta aldietara bitartean garatzen da: Martutene auzoan nagusiki. Nobelak zabalera gehiago behar du, baina. Otzeta sortu du idazleak, antigoaleko jaurerriaren eta probintziaren artean dago Otzeta. Euskaldunon —eta nobelako hainbat pertsonaiaren— jatortasunaren adierazlea da Otzeta. Azkenik Bilboraino eramango gaitu nobelagileak. “Euskaldunok Bilbon salbatuko ote gara?”, pentsu dut.

Euskal Herria —ez Euskadi— ez da nahiko Martutene taxutzeko. Euskara aspaldi herdoildu zen “hiri nagusian”. Nobelako pertsonaien euskara lekuko. Suitza moduko bat behar du idazleak: euskara, gaztelania, baita frantsesa eta ingelesa ere. Urgull begietan, Frischen Montauk dauka gogoan. Max Frisch du eredu. Lynn pertsonaia —euskalduna ez den bakarra— aipatu gabe utzi dut, alta, bera da nobelaren gakoa. Montauk-etik ekarri du Martutene-ra egileak.

Martutenetik iragaten diren trenez beste, aireportuak gako dira Martutene-n ere, Montauk-en nola. Agertoki nagusia Martuteneko Villa Flores da, haatik. Hopper margolariaren House by the Railroad eredu. Nobela, Saizarbitoriarena, diot, erudizioa da. Julia pertsonaia Hopper-ren Hotel Room koadroaren irudi, adibidea da.

Saizarbitoriak nazionalisten istorioak lehenetsi ohi ditu. ETA alabaina, iragana da nobelan. Doian eta zeharka baino ez da ageri. “Odolkiak ordainetan” aipuak ETAren garaia ez dela samur atzenduko pentsarazi dit, halere. Otzetako Etxezar-reko Zabaleta gogoan.

Espetxerik barik, gure labirintuaren lekukotasuna da Martutene. Nobelak psikosia sorrarazten du. Existentzia —eta Euskal Herriarena— eraldatu nahi eta ezin duten burges txikien miserien —eta poz txikien— agertzaile.

R. D. Laing psikiatraren “Denok asasinoak gara, eta ez du axolarik zein kultura, gizarte, klase edota nazionalitatekoak garen” aipua gogoratu zait irakurketa amaitu ahala. Baikorra egin zait Martutene erraldoia haatik. “Baina” asko laga dit, noski, baina espazioa agortu zait engoitik. Martutene-ko pertsonaien milioi bat begiradaren artean begirasun bat da enea. Ene Martut-ene!

Azken kritikak

Narrugorrik
Ixiar Rozas

Peru Iparragirre

Lera
Castillo Suarez

Maialen Sobrino Lopez

Hezitopia
Nora Salbotx

Joxe Aldasoro

Atzerakarga
Fermin Etxegoien

Asier Urkiza

Manifestu filosofikoa
Agustin Arrieta Urtizberea

Aritz Pardina Herrero

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Mikel Asurmendi

Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá

Maialen Sobrino Lopez

Zazpigarren gizona
John Berger / Jean Mohr

Peru Iparragirre

Olibondoaren herria
Markel Elortza

Mikel Asurmendi

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Asier Urkiza

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Nagore Fernandez

Izan gizona
Aritz Galarraga

Nagore Fernandez

Gurea falangista zen
Alberto Barandiaran

Mikel Asurmendi

Termita
Garazi Albizua

Maialen Sobrino Lopez

Artxiboa

2026(e)ko azaroa

2026(e)ko urria

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2026(e)ko

Hedabideak