« Ikasbidea | Estética peculiar de la poesía vasca »
Donostia / Augustin Anabitarte / , 1932
Donostia L. Ayanbe / El Dia, 1934-03-18
Hotsaundiko izen honen pean argitara eman du Anabitarte Agustinek irakurgai nobela eder eta berri bat. Bete-betean izenari dagokion irakurgai alai eta kaskarina gainera. Ez naiz lehenengoa Donostia nobelari buruz berri ematera natorrena. Eta nahiz esango dudana apar huts izan, azaldu nahi dizuet. Norberaren ustea isilik gordetzea gaitz baita. Burruntzalia sar dezadan bada; ez da beti errez izango arlo gabe ateratzea.
Aspaldi Anabitarte idazlea isilik zegoen; isilik bai, baina ez nagi. Esan nahi det, egunkari eta rebistetan ez arkituagatik Anabi-ren lantxo politak, orain urte batzuk bezala, ez zegoela lo gure gizona. Adiskide geranok, bagenekigun, asnas luzeko lanari, nobela egintzari, lotuta zegoela. Usauri eta Donostia irakurgaiok idatziaz irabazi dituen Schuchart Sariak ditugu agerkai. Euskeraz oso nobela gutxi idatzi dira. Kritikak aipatu ditu Anabitarte aurretik idatzikoak. Txomin Agirrerenak dabiltz guzion gogoan. Egia da Auñamendiko Lorea, Kresala eta Garoa-ren egilea egundaino euskal irakurgaietan gehien gailendu jo daiteke.
Baina omena zor zaieten beste zenbait izen errezegi ahaztutzen ote ditugun nago. Kritikan, iritzi-miritzian ahaztukor izatea bidegabekeria da.
Hori gertatzen zaigu oraintsu orain argitaratuko liburu batekin. Euskal gaia, baina erderaz idatzia dago. “Euskaltzain” jaun agurgarri bat du jabe. Aski al da ulertzeko? Osinak hainbat baba ateraraziko du, gutun honek. Egi galantak azaltzen dizkigula ezin ukatu; hutsegiteak berriz, isilduta ahaztutzen ditun gauzetan daude. Nola ahaztu “euskaltzain” jauna, berrogei urte hauetan, hainbeste eta hainbeste euskeraz txukun, argi, jator eta errez idatzi duten izenak? Eta batzuk benetan goitarrak.
Nobelatzaz mintzatzean ere Txomin Agirre aitatuarekin ez dago guzia esana. Noizko uzten ditugu Azkue jakintsuaren Ardi galdua, Llande ospetsuaren Yolanda, Barbier zanaren Piarres, irakurgai oso-osoak hirurak, azal eta mamiz guretarrak, erti arauz gain-gainekoak?
Etxeita idazle bizkaitarrak orain hogeita bost urte beste bi irakurgai argitaratu zituen, Josetxo eta Jaioterri maitea. Luze bezain onak ez izan arren Etxeitaren izena aipamen hontan sartu behar dugu.
Eta nobela izena estu-estu ez neurtutzea sail hontara beste zenbait idazlan ekarriko genituzke. Ez al da nobela labur bat beste Agirre nabarmen batek, Barrensoro idazleak, Gazi-Gozoak liburuan agertzen duen Loreti maitasun edestia? Ez da hontan bakarrik geldituko. Euskal nobela landu dezake inork baino hobeki. Eta laister berarengandik euskaltzaleok itxaro degun esku-erakutsia emango digula, esango nuke.
Donostia irakurgaia ondo ebaki eta josia dago. Karlisten bigarren gerrate ondorengo Irutxulo txoko maitagarria agertzen digu: festarik behar bada bego Donostia, bai, bai. Kuttuntzat, Txomin donostiar gizaseme jatorra hartzen du. Ta honen inguruan Koxketako jendea, zaldun eta arlote, arrantzale, dendari, neskame, andre: Donostia zaharreko mota asko duen giza-taldearen nahaspila. Goitik behera, urarka bezala, maitasun lelotxoa, hori bai, herri jolas, jai, soinu eta hotsen burrundaz zapaldua. Nonahi ikuskizun polit asko margotzen dizkigu; Santomasetan, Estropada, Bretxan, Udazken egun batean, Zanpanzar eta beste zenbait atal, bizi-bizi idatziak daude, itsasotik atera-berri sardinak bailiran… Anabitartek berak ez ikusiagatik aldi haiek —gaztea baita— zorionez, orduko gertaerak ondo dakizkila ezagun da, esaera polit baten bidez aitortzen duen eran: “erreberoa errapetik edana izan”. Dr. Kaminoren edestia eta beste askoren albisteak tajuz erabiltzen ditu. Donostia irakurgaiari kidetasuna bilatzera joanez gero La Bella Easo erderaz Campionek idatzitakoa aitatuko nuke. Dr. Juaristi donostiarraren beste irakurgai bat oroitu arazten dit. Eta donostiar mamiz Dunixiren Mi pueblo ayer liburuaren aldamenean jarri daiteke.
Idaz tankerez nolakoa?, galde egingo dit norbaitek. Ene iritzian euskaltzale gehienen gogokoa; argi, errez, gihartsua, aspertzen ez duena, batere nekerik gabe hartu eta bukatzen dena. Garaipenik haundiena idazle batentzat hau bedi: irakurleen bihotz adimenetara atsegin bidez iristea.
Donostia irakurgaia ondo aztertzeko garbiena hemen kimatxo hezeenak aldatzea litzateke. Honela ordea gehiegi luzatuko litzake lantxo honen neurria. Luzatu ez ezik, leku hontan sarrerarik ez emateko adina. Halaz guztiaz, aho gozagarritzat Donostia azken ataletik hartutako zati bat eskeini nahi dizuet. Berak ondoen adieraziko dizue zer nolako gaia darabilen eta azal mamiaren leuna:
“Hori dezu irakurlea, Donostia ederra. Hori zan nere herria, herri maitea, nere bihotzeko kuttuna. Halaxen jostatzen ziran donostiar alaiak. Donostia bakarra munduan, hori bera eta ez beste, donostiarren izakera berezia askotan aipatu izan dute edestilariek. Haiek olde onekoak! Haiek jolas-zaleak! Eta olde onekoak zirelako “kaxkarinak” deitzen zieten. Eta jolas-zaleak zirelako makina bat jai eder antolatzen zituzten: ordea antolatu esatea gauza bat da, haiek sortu, haiek tajutu, haiek egin. Bazituzten musikari barbaroak, bazituzten bertsolariak, bazituzten antzeslariak, bazuten herria, antzokirik politena. Ez da bada harritzekoa hainbeste erbesteko hango jaietara joatea; bazekiten eta, han aurkituko zuten eztia beste inon topatuko ez zutela. Han ez zan beste herriko usairik: Donostian Donosti, irakurlea. Gure opila etxean egosia, adiskidea.
“Orduko Donostia zer zan jakin dezagun eginahalak egin ditugu. Egia esan, zerbait lortu dugunaren ustea daukagu. Gu mami-mamiko donostiarrak izan, erreberoa errapetik edan, kopeta herriko harrietan egindako handituz josia izan eta zuri esan beharrak buruko hariak nahaspilatuko ahal zizkigun bada!
“Horra bada Donostia, Usauri-ren anai laztana. Lanak eman dizkidate bi seme horiek hazitzen. Eta barrengo hau kalera txapelik gabe atera ez dadin, eman dezaiodan bukaera. Honeraino heldu zaren adiskide euskalduna: ez dezazula Donostia osoa irakurtzeaz utzi. Zerorrek erosia baldin badezu hobe. Hau baita egilearentzat ordainik onena”.
Ez euskaltzale, ez nobelazale, ez donostiar pizkundezale batek bakarrik, ez luke geldi behar Donostia irakurri gabe.
Anabitarte idazleari saski bete zorion eta bihotz-opari.
Honuzkero beste nobelaren bat esku artean izango dezulakoan nago.
Schuchardt Saria hirugarren aldiz. Bai ote?
Etxe bat norberarena
Yolanda Arrieta
Jon Jimenez
Zebrak eta bideak
Nerea Loiola Pikaza
Nagore Fernandez
Zoo
Goiatz Labandibar
Asier Urkiza
Hetero
Uxue Alberdi
Joxe Aldasoro
Euri gorriaren azpian
Asier Serrano
Paloma Rodriguez-Miñambres
Galbahea
Gotzon Barandiaran
Mikel Asurmendi
Bihotz-museo bat
Leire Vargas
Irati Majuelo
Lagun minak
Jon Benito
Mikel Asurmendi
Francesco Pasqualeren bosgarren arima
Unai Elorriaga
Jon Jimenez
Neska baten memoria
Annie Ernaux
Asier Urkiza
Lautadako mamua
Xabier Montoia
Nagore Fernandez
Bihotz-museo bat
Leire Vargas
Bestiak Liburutegia
Rameauren iloba
Denis Diderot
Aritz Galarraga
Neska baten memoria
Annie Ernaux
Paloma Rodriguez-Miñambres