kritiken hemeroteka

8.750 kritika

« | »

Robinson Crusoe / Daniel Defoe (Aintzane Ibarzabal) / Elkar, 2012

Klasiko bat berriro ere argitan Inma Errea / eizie.org, 2012-07-06

Robinson Crusoe 1997an eman zen argitara lehen aldiz euskaraz, Ibaizabal argitaletxearen eskutik, Literatura Unibertsalaren bildumaren barruan, non argitaratutako obretan 64.a izan baitzen. Orain, 15 urte geroago, berriro argitaratu da Aintzane Ibarzabalek egindako itzulpena.

Literatura Unibertsalaren bilduman 1990etik hona euskaraz argitaratutako 165 literatur lanetatik lehen 100 izenburuak paperean eskuraezin zirela ikusita, haietako batzuk berrargitaratzeko plana egina du EIZIE Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpreteen Elkarteak. Horren arabera, 20 izenburu berrargitaratu behar dira guztira 2011tik 2015era bitartean, Urrezko Biblioteka bilduman. Robinson Crusoe dugu horietako bat.

Izan ere, nobela hau klasiko bat da Mendebaleko Literaturan, zentzu askotan, besteak beste, literatur lan gutxi daudelako munduan honek adina argitaraldi, itzulpen, berrargitaratze, eta egokitzapen eragin dituztenak, era askotarikoak, gainera: 1719an argitaratu zen ingelesez lehen aldiz, eta urtebete egin gabe lau argitaraldi ezagutu zituen hizkuntza horretan. XIX. mendea bukatu aurretik Mendebaleko Literaturan inoizko itzulpen eta egokitzapen gehien izandako eleberria bihurtua zen, eta gerora ere, literatura idatziaren langa gaindituta, hamaika bertsio egin dira zineman, telebistan eta komikigintzan.

Zergatik bilakatu ote da eleberri hau hain erakargarri hainbeste irakurle eta ikuslerentzat? Segur aski, pertsona batek bakarturik biziraun beharrak berez iradokitzen duen abentura-giroa da gakoetako bat. Nobelaren exotikotasunak (esan gabe doa, mendebaldatarren ikuspegitik) ere eragina izango zuen. Eta, azkenik, istorioak pilatzen dituen gertaerek, datuek eta hausnarketek halako tentsio moduko bat sortzen dute non irakurleok harrapaturik gelditzen baikara. Aintzane Ibarzabal itzultzaileak jada lehen argitalpenaren hitzaurrean esanda utzi zuen moduan, Defoeren nobela hau ez da, prosaren ikuspegitik, eredugarria, bertan prosa on batean arbuiatzen diren gauzak aurkitzen ditugulako: sintaxia ez oso zaindua, etenak, errepikapen batzuetan nahasiak… Baina kontatutakoaren indarrak aurrera egitera bultzatzen gaitu (nobela benetako istorio batean oinarrituta egoteak zerikusia izango du horretan, apika). Horrez gain, aipatu behar da eleberri honek baduela beste ertz bat, prediku moralistarena alegia. Defoe kristau puritanoa zen, eta Crusoeren abenturak aprobetxatu zituen Jainkoaren, kristau onen ohituren eta Goi-ardura edo Probidentziaren aldeko aldarrikapenak egiteko. Baina horrek ez dio kentzen erakargarritasunik nobelari, deskribapenen zehaztasunak eta gertaeren bizitasunak gain hartzen baitiote Crusoeren gogoeten prediku-kutsuari.

Euskarazko bigarren argitaraldiari dagokionez, esan behar da orain dela 15 urteko itzulpen bera dugula oraingo hau, baina hamabost urteotan euskara finkatzeko prozesuan izandako aldaketen ondorioz hainbat zuzenketa txiki egin direla, morfologiaren esparruan, batez ere.

Beraz, paperezko edizioen eta edizio digitalen egokitasunaren inguruan sortutako eztabaidak gorabehera, euskaldunok paperean irakurri ahalko dugu, berriro ere, askotariko irakurleengana iristeko beste indarra duen eleberri klasiko hau.

Azken kritikak

Bihotzean napalma
Pol Guasch

Irati Majuelo

Izatearen arintasun jasanezina
Milan Kundera

Aritz Galarraga

Zerua hemen
Oihana Arana

Ibon Egaña

Espekulazioak
Arrate Egaña

Mikel Asurmendi

Itzala
Maixa Zugasti

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá

Asier Urkiza

Fikziraultzaileak
Kamikaz Kolektiboa

Nagore Fernandez

Haurdunaldi oharrak
Yoko Ogawa

Maialen Sobrino Lopez

Ni, laiko
Markos Zapiain

Mikel Asurmendi

Zainetatik zilarra
Nahia Intxausti

Maddi Galdos Areta

Alderantzira zamalka
Mckenzie Wark

Irati Majuelo

Harakinen alaba
Yurre Ugarte

Joxe Aldasoro

Gaueko zaintzailea
Julen Belamuno

Mikel Asurmendi

Erbeste
Juan Garzia

Asier Urkiza

Artxiboa

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

2025(e)ko iraila

2025(e)ko abuztua

2025(e)ko uztaila

Hedabideak