« Aurrera doan ontzia | Ni, Vera »
Martutene / Ramon Saizarbitoria / Erein, 2012
Martutene – New York (Montauk) – Martutene Joseba Gabilondo / zuzeu.eus, 2012-07-05
Euskal globalizazio neoliberalaren eta euskal abertzaletasunaren krisiaz (edo nork desiratuko gaitu orain?)
Batzuetan liburu batek eraginda, kasu honetan eleberri batek, protokolo akademikoen, eta orokorkiago intelektualen, zehaztasun, eskakizun eta zurrunkerietatik at, saio malguagoa, pertsonalagoa, eta era berean arriskatuagoa, eskribitzeko joerak jotzen dit, asaldatzen nau; oraingoan gainera ez diot tentazioari ukorik egin. Arrazoia sinplea da: Martutene seguruenik oraindaino idatzi den euskal eleberrririk garrantzitsuena da, kanonaren ardatz berri izatera deitua dagoen liburu primus inter pares-a dugu.
Aurrerago ateratzea espero dudan liburu baten kapitulu baterako ideia batzuk aurkeztea, eta orokorkiago liburuaren egitura osorako pentsakizun batzuk aurreratzea, plazaratzea, luke artikulu edo gogoeta honek helburu, intuizio batzuk airetaratzekoa, oker ere egon naitekeen kontzientzia osoz, beste irakurleen erantzunek, zuzenketek, zehaztaketek eta berridazketek okerrak zuzentzen lagunduko didaten esperantzan.
Nire liburu horren izena, behin-behinekoa, zera dateke: Desiraren hondarrak: bederatzi kontzeptu euskal kultura garaikidearen azpialde irrazionala iraultzeko (1989-2012).
Izan ere uste dut iritsia dela garaia, Juaristi eta enparatuak faszinatzen zituen euskal abertzaletasunaren gune irrazional eta errefraktarioak zeri erantzuten dion aztertzeko, neonazionalista espainiar bihurtutako euskaldun intelektual hauen helburua ez baitzen irrazionaltasun hori ulertzea, baizik eta kondenatzea, erreprimitzea, oraindik ere irrazionalagoa den beste subjektu baten izenean: estatu espainiarra eta bere milurte-amaierako nazionalismo berria (neonazionalismoa).
Beste aldean, Joxe Azurmedirenetik Imanol Galfarsorenera, euskal pentsalari gehienak arrazionalistak, kartesiarrak, izan dira eta uste dut badela garaia kartesianismoari agur egin eta pentsakera lokalagoa, glokalagoa, sortzeko, irrazionaltasun hori kontutan hartuko duena, bertatik elikatuko dena —azken batean pentsamentu kartesiarrak beti ere ez-subjektu, objektu, gutiengo, Beste izatera kondenatzen baikaitu—.
Lourdes Oñederraren Eta sugeak esan zion emakumeari-z (1999) eta Kirmen Uriberen Bilbao – New York – Bilbao-z (2008) gero ez dut uste horrelako liburu epokalik irakurri dudanik, hots, epoka edota aro bat markatzen duena, eta beraz idatzi egin behar zergatik epokala den esplikatzeko.
Oñederrarenean, ebentoa zela ere esaten nuen (Nazioaren hondarrak), ez gertakaria, gertakizuna, edo jazoera, ebentoa baizik, euskal garbizaleak dagoeneko alienatuko nituen jakinaren gainean, horren esperantzan, polizia filologikoa atean abandonatu eta pentsatzen, eztabaidatzen hasteko —polizia hori baita egiazki pentsamenduaren aurkako euskal armadarik hilgarriena. Eta beraz, oraingo honetan ere ebentoa dugu, Sarrionaindiaren Moroak gara behelaino artean?-ekin batera (2010)— liburu honetaz ere ateratzekoa naiz beste gogoeta bat laster Oihenart-en. Baina oker ez banago, eta aurreko ebento horiek ez bezala, Martutene-rena mega-ebentoa dugu, garai oso bati amaiera ematen baitio, 1989-tik 2012-ra hedatzen den aroa eta euskal globalizazio neoliberalaren hegemoniak definitzen duena.
Jon Kortazarrek eleberri hau summun bat dela dio, eta zentzu batean baino gehiagotan da summum-a. Saizarbitoriaren eleberria eta gero, ETA-ren arma-uztea eta gero, Wall Streeteko krisia eta gero, beste lurralde batean barneratzear gara. Ez erabat desberdina, ez erabat haustailea, baina intuitiboki, orainaren katilu barneko te-hostoei begiratuz gero, berria dela ia guztiok onartzen duguna —merkatu erregulatu-gabearen abantaila ontologikoki ebidenteen iruzur ideologikoa ikusten hasi garena; ikusten hasi baino ez garela azpimarratu nahi dut, euskal literaturan bertan, idazle gehienek promozioaren eta salmentaren eliza santuan egunero jaunartzen baitute oraindik ere.
Hala, artikuluaren izenburua, fenomeno orokorrago hau esplikatzeko aukeratu dut, hots euskal globalizazio hegemonikoa, zeinaren profeta utopiko Uribe dugun eta Saizarbitoria, gehienaz ere, kontrakarrean eta duda-muda handiz, idazle kanoniko suitzar baten itzalean (Max Firsch), turista istripatua (accidental tourist) genukeen.
Baina hain zuzen ere euskal literaturak, eta kulturak orokorkiago, AEBetako gizarte eta kulturarekiko izan duen erlazio sintomatikoak (maitasun-gorrotozkoak, sintoma guztien antzera, antsietatea eta desira aldi berean eragiten dituztenak) definituko luke euskal globalizazio hegemonikoa, zeinaren adierazlerik garbienak, Iñaki Aldekoak ondo argumentatu duen bezala, literaturatik at dautzan, arkitekturan (gure Guggy-a, 1998) eta sukaldaritzan (Basque Culinary Center anglizatu horretan, 2011). Hain zuzen, Saizarbitoriak erreferentzialki eleberrira erakarriko dituen adierazleak: arkitekturaren eta janaren eleberria dugu Martutene, besteren artean.
Saizarbitoria dugu idazlerik eurozentriko eta eurozaleena, eurofilorik petoena (hots, sinekdokikoki frankofiloa esan nahi duena, donostiar guztien gisara, antza), eta, beraz, berak ere bere idatz ihardun luze eta arrakastatsuaren zisne kantua 766 orrialdetan idazteko, AEBak tematizatu eta pertsonifikatu behar izan baditu, ebento baten aurrean gaude (gero pertsonifikazio hori sinbolikoki kastratu beharko badu ere, emakumeen zango mozketak eta paralizazioak beti baitira kastrazio sinbolo eta adierazle, bestela gogoratu Buñuelen Tristana).
Are gehiago, eta itzuliko naiz honetara, desirari uko egiten ez dion pertsonaia bakarra iparramerikarra denean, eta euskaldunekiko desira tabu edota debeku bezala iparramerikar horrek gorpuzten duenean (“ez duzu euskaldunik desiratuko edota bestela kastratuko egingo zaituzte”), nolabaiteko ebento baten aurrean gaude, zeinak ez duen kanpoaldearekin lotura zuzen eta lehenik, baizik eta barrualdearekin, Euskal Herriarekin (hegoa eta iparra azaltzen baitira eleberrian) eta bertan nagusi izan den ideologiarekin: nazionalismoa, euskal abertzaletasuna.
Izan ere, kanpotiko EHrekiko desira hori iparramerikar batek egituratu eta artikulatu behar duenean, Frischena baino Philip Rothena dirudien eleberri baten kopiaz eta erreferentziaz, etxean gauzak oso gaizki doazen seinale. Ezin jakinmin handiagoz, dudagarriz, jantzitako kanpotar bati EH esplikatu behar zaionean, bertakoak adostasunean ez diren seinale. Iparramerikar hau aingeru ere bihurtu behar denean, Bordeleko estatua bat dela medio, infernuan gauden seinale. Eta ez bakarrik maila makro batean (ekonomia, autonomia, terrorismoa…) baizik eta maila mikro eta intimo batean ere (desira-eza, maitasunaren krisia, asperdura, nora jo ez jakitea, kantzer unibertsal eta demokratikoa ia pertsonaia guztiak jotzen dituena, umeen geroaldi aurresanezina…). Hots, eleberri honekin jaitsi gaitezke euskal abertzaletasunaren infernura eta, Beatrizik ezean, gure subjektu izatearen funtsa berreskuraturik itzuli mundu lurtiar euskaldunera. Hots, gure desiren (politiko-pertsonalen) hondarrera ailega gaitezke, jaitsi gaitezke, eta bertan izan garenaren, desira izan (ez) dugunaren, hondarrak erreskatatu.
Bertatik nire liburuaren izenburua eta “hondar” hitzaren zentzu bikoitza: barnean, hondarrean (1), geratzen zaiguna, gu ginenetik geratutako hondarrak (2), aztertu behar baititugu. Eta azterketa dantesko honetan, Saizarbitoria infernu-gida, hondar-gida, suertatu zaigu. Saizarbitoriak berak ere ez daki zehazki zertan amaituko duen geroaldi asmaezin horrek, zeinetan Sortuk, legeztaturik, ETAren bortizkeria arbuiatuko duen, presoena kudeatu beharreko memorio/errealitate traumatiko bat izango den, biktimena bezalatsu, eta euskal izatea agian utopia bihurtuko den berriz ere, edota aitzitik, kondena berri suertatuko den, gehienek izuri egin nahiko diotena, desiratuko ez dutena, beren desirak egituratuko ez dituena.
Ez da kointzidentzia, Mikel Hernandez Abaituak dioen bezala, Martutene, izen bereko kartzela famatuaren ondoan gertatzen bada baina era berean gatazka, biktimak eta presoak erreferentziak latenteak, periferikoak, badira.
Honetan ere Saizarbitoriak, Moisesek bezala, lur prometatura ekarri gaitu, baina orain, promesa horri duda egin diolako, kanpoan geratzera kondenaturik dagoela daki. Eta Saizarrekin, 68ko belaunaldiko alde neoliberalak ere, profesionalizaturik, botereko postuak lorturik, aberasturik, emakumeari ere nola-halako berdintasun bat emanik, kantzerretik ere pasaturik, hots, hitz batean esateko, zaharturik, gauza bakar bat ezin du atzeman: gerorako utopia. Belaunaldi honek ezin du gazteentzako bihar desiragarri bat artikulatu (gerraondoko belaunaldiak 68ko belaunaldikoarentzat egin zuen bezala; eta hori Saizarrek bere eleberriko momentu utopiko bezala berreskuratzen du).
Eleberriko azken bi orrialdeetan, Abaitua eta Goytisolo medikuek, hots, Iñaki eta Pilar senar-emazteek, Italiara bideratuko dituen hegaldiak ez du iradokitzen geroaldi prometagarri baten amaiera zabalik utzia, baizik eta lehenaldi erabat adabakitu bat sorosteko azken saio desesperatua. Kepa eta Julia, 68ko belaunaldi ez-neoliberalaren aldea haragitzen dutenak, inoiz batuko diren, ez da eztabaidatu ere egiten Martutene-ko epilogo irekian; eta berauen geroaldiak interesgarriagoa badirudi ere, narrazioan erabat marjinal bihurtzen da, bikote honek egitura narratiboan konpartsa lana egiten baitu, bikote nagusiaren itzal eta oihartzunezko bikote sekundarioaren lana (Juliaren ahotsaren marjinaltasunaz, are Abaituaren ahotsa fokalizatzeko egitera bortxaturik dagoen bentrilokuismoaz, mintzatuko naiz gehiago beherago). Mikel Hernandez Abaituak eta Hasier Etxeberriak komentatu duten bezala, utopiaren ordez, errua, ia erru unibertsal bat, uzten digu belaunaldi honek, eleberriak, jarauntsitzat.
Kudeaketa ekonomiko eta soziala hain “ondo” eginik ere, EAJ-ak bere hegemonia lokala (dominantzia, Gramsci aipatzeko) galdu duenean, Sortuk borroka armatuari uko egin behar dionean, EH Hegoaldean gararazitako zerbitzuzko gizarte sozialdemokrataren eredua ere kinkan dagoenean, klase sozialen arteko borrokak berriro ere birsortzeko kinkan gaudenean, hots, denok euskaldun eta hiritar igulitario ginela ahantz dezakegun kinka honetan (gazte gehienek Pilar eta Iñaki inoiz izatea lortuko ez dutela dakiten honetan), pobre-aberats kategoriei aurretsi egin diezaiekegun honetan, beste garai batean sartu gara. Eta garai honetara eraman gaituen mugalaria, mugaren alde berean atzeraturik geratzen dena, geuk beste aldetik begira diezaiogun, Saizarbitoria dugu.
Ez dago eleberri hau Thomas Mannen Magic Mountain-etik urruti bere fin-de-siecle-ko egitura krisizko eta dekadentean, baina eleberri hartan oraindik gerra, I. Mundu Gerra, errautsetatik birjaiotzeko, gizon berri bat sortzeko, utopia (pre-faxista) zen. Hemen ordea ez dugu utopiarik. Horretan, Saizarbitoria, atarian aipatzen duen Michel de Montaigne bezala, egiatia da, leiala: ez daki eta hala onartzen du. Eleberri hau idazte-abentura bat izan dela ere ezin du baieztatu, bere kredo literario ricardouarrari uko eginez; are telezabor deitoratuaren egitura melodramatikoak azaleratzen dira bere idazketa hain modernista eta zainduan (Pilarrek Lynn operatzea kulebroi batetik, reality show batetik, aterea da; hurrengo pausoa Lynnek dena den ibiltzeko gaitasuna mirakuloski berreskuratu duela aldarrikatzea da, hots melodramarik merkeenen lurraldean gaude; Hasier Etxeberriak ere antzeko zerbait dio: “telenobela baterako argumentua”).
Ironikoki Baroja, eta Barojaren aitaren garaiak, hots Serafin Baroja euskaltzalearen garaiak, non euskaldun, hiritar eta liberal aldi berean izan zitekeen, bihurtzen dira halako nostalgiazko momentu utopiko bakarra Martutene-n. Hots, momentu ez-abertzale baina euskaltzale bat; egun guretzat pentsaezina dena, historikoki imajina ezin duguna, nahiz eta askok desiratu (abertzale ez izatea ezin baitugu pentsatu, baina abertzale izateak ere lanak ematen dizkigu, hots, postnazional gara). Ez da harritzekoa Baroja izatea eleberrigilearen superego literario ezkutua. Beraz jaitsi gaitezen gure desira politiko eta pertsonalen euskal infernura, gure Desiraren hondarrak-etara, Saizarbitoriaren eskutik, seguruenik oraindaino idatzi den euskal eleberririk garrantzitsuenean, kanonaren ardatz berri izatera deitua dagoen liburu primus inter pares honetan.
Etxe bat norberarena
Yolanda Arrieta
Jon Jimenez
Zebrak eta bideak
Nerea Loiola Pikaza
Nagore Fernandez
Zoo
Goiatz Labandibar
Asier Urkiza
Hetero
Uxue Alberdi
Joxe Aldasoro
Euri gorriaren azpian
Asier Serrano
Paloma Rodriguez-Miñambres
Galbahea
Gotzon Barandiaran
Mikel Asurmendi
Bihotz-museo bat
Leire Vargas
Irati Majuelo
Lagun minak
Jon Benito
Mikel Asurmendi
Francesco Pasqualeren bosgarren arima
Unai Elorriaga
Jon Jimenez
Neska baten memoria
Annie Ernaux
Asier Urkiza
Lautadako mamua
Xabier Montoia
Nagore Fernandez
Bihotz-museo bat
Leire Vargas
Bestiak Liburutegia
Rameauren iloba
Denis Diderot
Aritz Galarraga
Neska baten memoria
Annie Ernaux
Paloma Rodriguez-Miñambres