kritiken hemeroteka

8.573 kritika

« | »

Odolbildua / Josu Landa / Susa, 2002

Ukabilka Ibon Egaña / Euskaldunon Egunkaria, 2002-06-22

Lainopeko gauerdi ilun eta hertsi batekin hasten da Odolbildua nobela. Lainopean, ez da ikusten urruneko distantziarik, susmoak hedatzen dira inor zelatan ote dabilen. Nahasian agertzen dira tabakoaren kea eta behe-lainoa. Giro hits eta ilun horri eusten dio liburu guztian zehar. Grisetik beltzerako tartean dauden koloreak dira liburu honetakoak: behe-lainoa, Labe Garaiak, auto beltzak. Beltzez tindatua du gerraz gero Mentxuk ilea; beltza irudikatu dugu, liburuan kolorerik aipatu ez arren, hark jotzen duen pianoa. Eta beltza da, genero aldetik, nobela, etiketak jartzen hasita. Beltzez eta zuriz harilkatzen da istorioa, berrogei-berrogeita hamarreko hamarkadako zuribeltzeko filmak gogora dakartzan giroaz. Baina agerikoagoak omen dira koloreak eta ñabardurak zuri-beltzeko argazkietan koloreetakoetan baino. Eta Odolbildua-n, zuri-beltzeko giro eta kokalekuan ñabardura guztiek, matiz eta detaile txikienek dute lekua. Kolore guztiek.

Gauekoak

Pianoa du lagun Mentxuk sosegu bila dabilen arratsetan. Maite ditu biziki Chopinen Gauekoak, hari eskaintzen dizkio, “omenaldi pribatu eta obsesiboan” arratsaldeak. Nahiago ditu Chopinen melodia hits eta motelak berrogeita hamarreko, bere garaiko, jazz eta swing doinu berriak baino. Eta halatsu, Josu Landak ere eleberri honetan. Gaueko baten erritmoan egiten du aurrera filmak (barkatu, nobelak), soseguz. Eta Gaueko-en artean seigarrena eta hamabigarrena dira Mentxuk buruz jotzen dituenak; piano-tik andante-ra doana da nobelaren erritmoa. Horrek urruntzen du agian nobela beltz ohikotik. Astia eta lekua hartu du idazleak xehetasunei erreparatzeko, ustezko txikikeriei jaramon egiteko, zuri-beltzean kolore eta ñabardurei leku egiteko. Bidaia patxadatsuetan ohi denez, paisaiaz gozatu eta hari erreparatzeko beta emango digu Landak; baina, batez ere, pertsonaiei begiratuz, geure buruari so egiteko. Neurtuta eta limatuta daude liburu honetako hitzak eta esaldiak oro. “Ia nabaritu ere egiten ez zen herrena” du protagonistak, baina liburu honen irakurlea berehala jabetzen da Odolbildua-n ez dela gauza bera antzematen ez den herrena duen pertsonaia eta herrenik ez duena. Idazleak berak esana du Odolbildua irakurle moduan berrirakurrita, liburua, nobela beltza bainoago, pertsonaien nobela ez ote den sentipena izan duela. Irudipen bera izan du irakurle honek ere liburua irakurtzean: Trama irakurlea harrapatzeko modukoa eta bikain harilkatua izanagatik ere, pertsonaien arteko elkarrizketa eta harremanetan hartu dugu gozaturik handiena. Ez idazleak, geuk utzi dugu liburuaren haria alde batera une batzuetan, mementoak hala eskatzen zuelako. Gogortasunaren erdian irribarre xume bat egiteko.

Soken kontra

Bizitzaren eskolan zaildutako pertsonaiak dira liburu honetakoak. Sufrimenduak, minak eta galerek kolpatutakoak. Galtzaileak. Bazterrekoak, itzalpekoak. Bereziki biribila begitandu zaigu Mentxu pertsonaia. Pertsonaia gogorra, hotza, distantea. Bizitzak jipoitua eta zokoratua. Zigarroa ezpain-artean, Casablanca-ko edo The maltesse falcon-eko Humphrey Bogart gogorrena etorri zaigu gogora. Triku-azalean bildutako bihotza da Mentxurena, lar sufritua eta gehiago jasateko prest ez dagoena, gehiago urratu ezin duena (zilegi bazaigu azkoitiar musikari handiari hitzok lapurtzea). Eta babestu nahi horrek eramango du pose hotza, ironikoa, inoiz zinikoa, itxuraz axolagabea hartzera. Baina, harrigarriki, Bogart hotzena bezala, maitagarri egiten da nobela honetako emakumea. “Hire zakarkeria maitagarria duk, ez pentsa” diotso Mentxuk berak Fonsecari eta gauza bera esan geniezaioke guk ere Mentxuri. Aldian-aldian, hareak hatz artetik bezala, ihes egiten die pertsonaia hauei samurtasun izpi batek, eta gatazka sortuko zaie gorde beharreko itxura hotzaren eta erraiek aldarrikatzen dutenaren artean. Orduan, adierazi nahi eta ezinaren arteko borrokan, beren benetako ahulezia utziko digute agerian, beren inperfekzioan maitagarri, eta une benetan hunkigarriak eskainiko dizkigu liburuak orri horietan. Mentxu eta Fonsecaren arteko enkontrua daukagu gogoan, besteak beste.

Nobela beltz orok kasik ezinbesteko duen legez, boxeoa agertzen zaigu liburu honetan. Eta ziurrenik ez da kasualitatea konbatea azken kapituluan jokatzea. Izan ere, bizitza, ring batean irabazi edo galtzen den borroka da liburu honetan. Eta konbate guztietan badira irabazleak eta galtzaileak, garaileak eta bentzutuak. Bai, galtzaileen alde paratu da idazlea nobelan (galtzaile zentzu guztietan, gerran, amodioan, bizitzan), baina liburuaren planteamenduak on eta gaiztoen arteko banaketa manikeoa gainditzen du, eta neurri horretan, ausartagoa, helduagoa iruditu zaigu. Halaber, konbate batek irabazle eta galtzaileak banatzen dituen arren, ez du errurik partitzen. Horregatik, Odolbildua nobelan ere ez dago errudun eta errugabeen arteko banaketarik, ez dezala irakurleak espero justizia berrezartzera eta bakea ezartzera datorren esku zuririk.

Hogei urteko isilaldia apurtu du Josu Landak Odolbilduarekin. Merezi izan du itxaronaldiak.

Azken kritikak

Lakioa
Josu Goikoetxea

Irati Majuelo

Poesia guztia
Safo

Aritz Galarraga

Kontra
Ane Zubeldia Magriñá

Maddi Galdos Areta

Amorante frantsesa
Miren Agur Meabe

Hasier Rekondo

Akabo
Laura Mintegi

Jon Jimenez

Akabo
Laura Mintegi

Asier Urkiza

Gatazka eta abusua ez dira gauza bera
Laura Macaya

Nagore Fernandez

Beste zerbait
Danele Sarriugarte

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Kuntzak eta kerak
Sara Uribe-Etxeberria

Jon Martin-Etxebeste

Hitzetik ortzira
Ana Urkiza

Mikel Asurmendi

Askatasun haizea
Javier Buces

Irati Majuelo

Amorante frantsesa
Miren Agur Meabe

Ibon Egaña

Iragan atergabea
Julen Belamuno

Aiora Sampedro

Meditazioak
John Donne

Mikel Asurmendi

Artxiboa

2025(e)ko urria

2025(e)ko iraila

2025(e)ko abuztua

2025(e)ko uztaila

2025(e)ko ekaina

2025(e)ko maiatza

2025(e)ko apirila

2025(e)ko martxoa

2025(e)ko otsaila

2025(e)ko urtarrila

2024(e)ko abendua

2024(e)ko azaroa

Hedabideak