kritiken hemeroteka

8.736 kritika

« | »

Pantaleon eta bisitariak / Mario Vargas Llosa (Santi Leone) / Elkar, 2011

Ogibiderik zaharrenak Ander Arana / eizie.org, 2012-04-18

Suediako Nobel Fundazioak 2010eko Literaturako Nobel Saria Mario Vargas Llosari ematea erabaki zuenean, mesede ederra egin zigun euskaldunoi, oharkabean eta zeharbidez. Izan ere, Arrasateko AED Elkarteak eta Elkar argitaletxeak, Kutxa Fundazioaren laguntzarekin, Jokin Zaitegi Sariketa antolatzen dute urtero, aurreko urteko Nobel saridunaren lan bat euskaratzeko; oraingoan, Santi Leoné iruinsemeak irabazi du erronka horri aurre egiteko ardura. Mario Vargas Llosa idazle handia da, Hego Amerikako inoizko idazlerik handienetakoa esango nuke nik. Nobel Saria irabazteko merezimendurik ez du falta, ez, ondo irabazia du, hori ez du inork ukatuko, baina Mario Vargas Llosaz ari garenean zaila egiten da idazlaria eta pertsona bereiztea, eta pertsonaz ari garelarik haren jarrera ideologikoaz eta politikoaz ari gara, eta, Vargas Llosaren kasuan, jarrera hori bereziki mingarria egiten zaio euskaldun asko eta askori, abertzaletasunari eta hizkuntza gutxituei buruz esan dituenak entzunda. Alegia, Nobel Saria jaso izan ez balu, susmoa daukat urteak beharko zirela inor haren lana euskaratzera deliberatu arte. Jorge Luis Borgesen kasua dakarkit gogora: bere jarrera politikoak Nobel Saria irabaztea eragotzi zion, baina gaur egun bere lanaren literatur balioa nagusitu da ezbairik gabe, eta, zorionez, Borgesen literatura gozatzen dugu, jarrera politikoak (ia erabat) ahaztuta.

Pantaleon eta bisitariak klasiko bat da dagoeneko gaztelaniazko literaturan, eta, beharbada, euskarazko bertsioa irakurtzen duten gehien-gehienek irakurria izango dute lehendik jatorrizkoa, edo ikusia izango dute Francisco Lombardik 1999an egindako filma. Laburbil dezagun, badaezpada ere, eleberriaren argumentua: Peruko armadak Garnizio, Mugaldeko Postu eta Antzekoentzako Bisitarien Zerbitzua —prostituten zerbitzua, azken batean— antolatzeko agindua eman dio Pantaleón Pantoja Intendentziako kapitainari, oihanean isolatuta bizi diren soldaduen sexu-grinak asetzeko. Pantak, zorroztasun zientifiko erabatekoz, azken muturreraino eramango du eman zaion agindua, eta hori izango da, hain zuzen ere, bere galbidea: jasotako agindua kosta ahala kosta betearazi nahia. Vargas Llosak berak adierazi zuen legez, Pantaleón Pantoja bere printzipioen sendotasunaren erruz hondoratzen den gizasemea da. Vargas Llosak Peruko oihanera 1958an eta 1962an egindako bidaietan bertatik bertara ikusitakoan oinarrituta dago eleberria, eta gertakari horiek baliatu zituen, eredugarriak izan beharko luketen erakundeen hipokrisia salatzeko.

Esana dugu Pantaleon eta bisitariak euskarara ekartzeko erronka Santi Leonéri egokitu zaiola, eta okertzeko beldurrik gabe esan daiteke bere lehen itzulpen honetan ederto jardun dela munduko ogibiderik zaharrenean, Vargas Llosaren estilo eta hizkera oparo, aberats eta sarritan itzulgaitza gurera modu naturalean ekartzerakoan. Izan ere, zein da berez ogibiderik zaharrena? Prostituzioa? Itzulpengintza? Horra eztabaidarako puntua.

Azken kritikak

Erbeste
Juan Garzia

Asier Urkiza

Barne zerbitzuak
Katixa Agirre

Maialen Sobrino Lopez

Biba gorriac!
Imanol Murua Uria

Mikel Asurmendi

Terraza debekatua
Fatima Mernissi

Amaia Alvarez Uria

Poesia kaiera
Elizabeth Bishop

Irati Majuelo

Godoten esperoan
Samuel Beckett

Aritz Galarraga

Esaterik ez dagoenaz
Fito Rodriguez

Iñaki Lopez de Luzuriaga

Bazter utzietan
Karlos Linazasoro

Hasier Rekondo

Gari errearen urrina
Fertxu Izquierdo

Paloma Rodriguez-Miñambres

Mundu guztiak
Ruben Sanchez Bakaikoa

Mikel Asurmendi

Zaldi bat
Maddi Ane Txoperena

Maialen Sobrino Lopez

Zerua hemen
Oihana Arana

Asier Urkiza

Café Mokka
Jabier Muguruza

Nagore Fernandez

Café Mokka
Jabier Muguruza

Iraitz Urkulo

Artxiboa

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

2025(e)ko iraila

2025(e)ko abuztua

2025(e)ko uztaila

2025(e)ko ekaina

Hedabideak