kritiken hemeroteka

8.376 kritika

« | »

Martutene / Ramon Saizarbitoria / Erein, 2012

Saizarbitoriaren Martutene eleberriaz Hasier Etxeberria / zuzeu.eus, 2012-04-14

Euskal eleberrigintzan marea altu zegoen, batez ere, joan zen Abenduan Harkaitz Canok Twist argitaratu zuenetik. Gainera, auskalo Pello Lizarraldek aurki argitaratuko duenak noraino igoko dituen urak. Eta badira aipatzeko beste zenbait ere, Harkaitz Zubiriren Etxekalte, esaterako. Baina irudipena daukat oraiko marigora honetan, unerik gorena markatzen duen olatua iritsiko dela Ramon Saizarbitoriaren Martutenenobelarekin, hemendik egun batzuetara argitaratzen dutenean. Ura goiko bazterreraino iritsiko da uhin horrekin, eta hondartzako toailak eta traste guztiak azpian hartu eta bustiko dizkigu bere aparrarekin.

Nahiko nuke juzku egiati bat egin Ramon Saizarbitoriaren Martutene izeneko azken eleberriari buruz, dakidan arren juzku egiati bat egiteko ez duela balio nirearen antzeko artikulu zintzonahi batek, izan ere, idazle donostiarraren pertsonaietako batek dioen bezala, “fikzioa egiatiagoa da errealitatea baino”. Alegia, fikzioa behar dela zerbait benetan kontatzeko orduan, jai dagoela bestela. Aspaldikoa da asunto hori: mundua kontatu ahal izateko, Saizarbitoriak fikzioa ezinbesteko izan du betidanik. Eta ez dabil txarto, izan ere, Nouveau Romaneko goiburu hura bere eginez, hastapenetik aitortzen baitu kontua ez dela mentura kontatzea, baizik eta kontatzearen mentura bera dela kontua.

Eta oraingoan berriro lortu du, Martutene eleberri luze-luzearekin, lehenagoko obra narratibo guztiarekin bezala, garaile irten da erronkatik. Ohi duenez, Saizarbitoriak nahi duena egin du bere betiko erak traizionatu gabe. Ezer berritzailerik ekarri barik, beti berri ageri zaigu idazterakoan, eta betikoa bera dela erakusten du, baina sekula ezagutu izan ez bagenu bezala.

Bistan da, Saizarbitoriari izugarri kostatzen zaio idaztea, urteak behar ditu istorioak taxutzeko, bederatzi behar izan ditu lan hau burutzeko eta dioenez egunero idatzi du. Horregatik izanen da gorroto duela alferrikakoa idaztea. Baina nola liteke zortzirehun foliotik gorako eleberrian ez egotea deus alferrikakorik?

Hainbeste ere ez nuke esango, nobelan egon baitaude luzesten diren pasarte asko eta asko. Irakurleak narratzaileari akuilua bizkarrean sartuko lioke gustura zenbait zatitan, jakin nahi baitu nora doazen pertsonaien ibilerak, baina, ai adixkidia, narratzailearen hariak gobernatzen dituen Saizarbitoriak agintzen du bere eleberrian eta, jakina, irakurlearentzat bezainbat, berarentzat idatzi du, kontatzearen menturaren aitortzarekin argi utzi bezala. Finean, nobela terapeutiko bat ere bai baita berak egin duena: terapeutikoa zahartzearekin, terapeutikoa gaixotasunarekin, terapeutikoa heriotzarekin eta terapeutikoa bizitzari zentzua eman beharrarekin. Gutxienez.

Gaizto jarriz gero, eta labur esan ez daitekeena labur esaten jarrita, Martutene eleberrian kontatzen dena, telenobela baterako argumentua ere badaiteke: bi bikote burges helduren bizimodu posmodernoen kontakizuna da nagusiki, eta betikotutako haien eguneroko urmael lañoan neska eder iparramerikar baten etorrerak sortzen duen olatua, denak bustitzen dituena. Hala ere inozoa litzateke argumentuaren laburpen horren ustearekin bakarrik geratzen den irakurlea.

Saizarbitoriak, ohi duen eran, giza kondizio garaikidearen dentsitatea hartu du gai, giza portaeraren kontakizunaren erronkari heldu dio eta abiatu egin da betiko bere pertsonaietako batzuekin, Iñaki Abaitua ginekologoa jarri duelarik lantzaren burnian. Baina ez bakarrik, finean oso korala baita kontakizuna: Julia, Martin, Pilar, Lynn, Zigor, Harri, Kepa… denak egingo ditugu geure baitako biztanle irakurketa finitzerako. Senitarteko ia. Kalean pasatzen ikusita, ezagutu egingo genituzke. Gauza bera gertatzen da agertzen diren bigarren mailakoago beste batzuekin ere.

Ausartzen naiz esatera, inoiz ez dela ikusi gurean pertsonaiak sortzeko halako abileziarik. Gainera protagonista ugariak ez ditu behelaino lanbrotsu batek berdindu eta estaltzen, gure letretan sarri bezala. Aitzitik, pertsonaietako bakoitza ederki ezagutzen dugu nor bere izaerarekin, karta-sortako karta bakarrak bailiran: hau bateko urrea eta hura txoteko ezpata, denak sinesgarri. Harritu egiten gara geu ere nola garen gai hainbeste psikologia desberdin ezagutzeko, batez ere horrenbeste ñabarduraz erakusten zaizkigunean. Azkenean irakurlea gertatzen da, gainera, erretratuen osatzaile, narratzaileak esan gabekoak ere pertsonaien materia bihurtzen baitira, hutsuneak ere izaeren osagai oteitzar bailiran.

Eta hainbeste pertsonai desberdinen eraikuntza berez aski ez balitz, hara hor beste bi nobela-matriuska ere, Martutene nobelaren barruan, pertsonaiak balira bezala funtzionatzen dutenak. Bata da Montauk, Max Frisch-ena eta bestea da protagonisten arteko Martin idazleak esku artean darabilena. Bi nobela hauek, batez ere Montaukek, itzela dute lana kontakizunean zehar: Martutene ere emez hasten den leku-izena da Montauk bezala, eta Frischenaren bezala Saizarbitoriarenean, Lynn du izena protagonistak. Omenaldia eta aitortza ageri da nonahi. Eta aitzakia ere bai, nahi den guztia kontatzeko.

Esan dugu lehenago giza portaeraren dentsitatea duela gai Martutenek, eleberri existentzial horietakoen artean behar genukeela sartu, baina berez, genero beltzeko artefaktoa balitz bezala erabiltzen du Saizarbitoriak, zio nagusia ez baita hainbeste gizon honen edo emakume haren barnekoa azaleratzea, baizik eta espazio eta garai bat osorik kontatzea. Koska guztiekin. Eta hala, pertsonaien ibileren irakurketan harrapatuta gauzkalarik, narratzaileak idazlearen kezka nagusien berri emango digu: indarkeria, abertzaletasuna, zahartzea, gaixotasuna, sexua, memoriaren transmisioa, osasun sistema, garraio publikoa, naturaren hondatzea… Etc., etc.

Eta gai potolo horiek guztiekin batera, oharkabean aurkituko ditugu euskal letretan oraindaino sekula kausitu izan ez ditugun deskribapenak: janedanena, arkitekturarena, modarena… guztia ehunka idazleren aipamenez hornituta, nahiz bertako eta nahiz kanpoko. Errealitatean ezagutzen ditugun leku, pertsona eta gertaerak ere ikusten ditugu han-hemenka egoki erabiliak… Artilleria guztia jarri du bertan egileak. Tarteak tarte, gogora dakarzkigu Philliph Roth-en Pastoral amerikarra eta Luis Goytisoloren Antagonía bezalako lanak. Rafael Chirvesen Crematorio ere ez dabil oso urruti. Batzuk aipatze aldera.

Luze joko luke Saizarbitoriak erabili dituen gai denak hemen radiografiatzeak, baina pertsonaiez haragoko kontu nagusietako bat ekartzekotan, aipa dezagun indarkeria eta biktimen gai mingotsa. Pertsonaien ahotan bere iritziak jarrita, lotsatu egiten da Saizarbitoria ETAk eragindako mina lehenago aitortu ez izanaz. Dioenez, bere gurasoen belaunaldiak gerra galdu zuen baina ez dio inori barkamen eskaerarik zor. Aitzitik, Saizarbitoriaren belaunaldia barkamena eskatu beharrean aurkitzen da, gurasoena ez bezala. Alabaina ez dadila inor engaina, ageri duena ez da ikuspegi sinple eta zentzu bakar horietakoa, aberasgarria eta ñabarduraz jositakoa baita dioena. Errendizioa ez da bidea, alderantziz, zapalketa bidegabearen salaketa eta euskaltasunaren defentsa eta nor izatearen harrotasuna daramatza aldi berean dioen guztiak. Geure etorkizunerako bide etiko zintzo baten proposamen moduko bat formulatzera ausartu da, nolabait.

Hala ere, luzerarekin batera bada beste kontu bat irakurlea narda dezakeena: pertsonaiak elkarren ondoan ehundu beharrak batzuetan sortutako filigranaren gehiegizkoa. Baina barkatzekoa da hori, esan baitugu terapeutikoa ere badela liburu hau eta irudikatzen dugu idazleak nolako plazera sentituko zuen pertsonaiak elkarren ondoan denak batera josteko moduko hariak topatu dituen bakoitzean. Eureka.

Lehenengo kapituluetako orrialdeei eutsi ondoren, narratzailearen arnasara ohitutakoan, irakurleak egiantza osoko kontakizuna aurkituko du amaiera arte. Bere burua ezagutzeko ere balioko dioten ibilerak ikusiko ditu bertan. Nobela handi eta eder bat aurkituko du, zalantzarik gabe. Gurean bakanetan bakanetakoa. Errealitatea kontatzen asmatzeko, fikzioa erabiltzen baizik ez dakien idazle batek idatzitakoa.

Hori bai, jakin nahi nuke zenbat errealitate tona irentsi eta galbahetu behar izan duen Saizarbitoriak fikzioa baizik ez omen den hau egiteko.

Azken kritikak

Francesco Pasqualeren bosgarren arima
Unai Elorriaga

Asier Urkiza

Kanbodiako enbaxada
Zadie Smith

Nagore Fernandez

Herriaren hezkuntza eta demokrazia
Nadezhda Krupskaia

Jon Jimenez

Coca-Cola bat zurekin
Beñat Sarasola

Joxe Aldasoro

Etxe bat norberarena
Yolanda Arrieta

Mikel Asurmendi

Rifqa
Mohammed el-Kurd

Irati Majuelo

Loak ezkutatzen duena
Patxi Zubizarreta

Aiora Sampedro

Gari eta goroldiozko
Anari Alberdi Santesteban

Mikel Asurmendi

Itsaso amniotikoa
Oihane Jaka

Asier Urkiza

Hau ez da gerra bat
Mikel Ayllon / Piszifaktoria Ideien Laborategia

Nagore Fernandez

Gurpilak
Eztizen Artola Iturrate

Jon Jimenez

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Hasier Rekondo

Detaile xume bat
Adania Shibli

Irati Majuelo

Barkamena existituko balitz bezala
Mariana Travacio

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Artxiboa

2024(e)ko urria

2024(e)ko iraila

2024(e)ko abuztua

2024(e)ko uztaila

2024(e)ko ekaina

2024(e)ko maiatza

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

Hedabideak