« Konplexurik gabe | Mea culpa »
Hilerriko jolasak / Pilar Iparragirre / Elkar, 1989
Sartu-irtena Aritz Galarraga / 2011-12-04
Ezagutzen genuen Pilar Iparragirre, aldizkari honi esker ezagutu ere. Kazetari gisa, beraz, nahiz eta literaturari buruzko orrietan jarduten zuen. Xabier Mendiguren editoreak liburu ahantzien Sautrela hartan aipatu zuelako jakin genuen gero nobela bat bazuela, 1980 urrun haietan idatzia, Hilerriko jolasak hauxe. Begira-begira, ikusi dugu Felix Likiniano militante anarkistari buruzko biografia bat eta deportazioari buruzko beste saio bat ere argitaratu dituela. Eta konprobatu dugu, tamalez konprobatu ere, fikzioaren eremuetan egindako sartu-irtena Bartleby harena bezalakoa izan dela, ale bakarrekoa.
Hilerriko jolasak, hortaz, 1960ko hamarkada hasierako hiri bazterreko langile auzo batean kokatzen da, bertako bizimodua harrapatzen du bi narratzaileren eskutik. Kontakizuna ahots bitan doa aurrera, paraleloan: auzora iritsi berri den neskato batek haren eta lagunen gorabeheren berri emango digu; eta narratzaile orojakile batek familia baten egunerokoa fokatuko du. Paian-paian doaz lerrook aurrera, tupustean, ekaitz perfektua ematen den arte: ordura arteko hari ikusezin guztiak txirikordatzen dira. Dena gertatzen baita egun berean, deabruren baten liburuan txarrerako bidea idatzirik balego bezala, maiatzaren lehenaren bezpera batean.
Batek pentsa dezake liburuaren meriturik handiena eskaintzen digun umeen begirada partikular hori dela, umeen esperientziak umeen ahotan jartzeko ausardia eta abildadea dela. Ikustea nola bizi duten kalea, nola eskola; ikustea nola bizi duten helduen mundu bat; nola heriotza bera ere gehitzen duten ohiko jardun ludikora; imajinazioa deitzen diogun horrek nola blaitzen dien guztia eta gehiago.
Baina horien aldean —sinesgaitz tarteka, behartuegi marteka—, interesgarriago egin zait eleberriak ematen duen paisaia soziopolitikoa, garai bat nola erretratatzen duen hasiera batean bigarren maila batean dagoela dirudien arren. Auzoa aipatu dugu, jende iritsi berriaz gainezka. Extremadura edo antzeko parajeetatik etorriak, baina baita ere oso urrun egon ezin daitezkeen baserrietatik jaitsiak. Nola hizkuntzek eta ohiturek bereiziko dituzten, ez horratik patrikak. Eta nola sartzen diren konfliktoan osagai berriak ere, nola izatea txima luzeak, aditzea musika arrotz deitoragarria izan daitekeen errefusarako aitzakia, etorkinen ondorengo izatea bezainbeste.
1989an argitaratu zen nobela, 1993an izan zuen bigarren argitarapena. Horrelakoetan geratzen den zalantza da nora eramango zuen Iparragirre literaturak, eleberri hau ibilbide literario baten hasiera izan balitz eta ez sartu-irtena.
Narrugorrik
Ixiar Rozas
Peru Iparragirre
Lera
Castillo Suarez
Maialen Sobrino Lopez
Hezitopia
Nora Salbotx
Joxe Aldasoro
Atzerakarga
Fermin Etxegoien
Asier Urkiza
Manifestu filosofikoa
Agustin Arrieta Urtizberea
Aritz Pardina Herrero
Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria
Mikel Asurmendi
Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá
Maialen Sobrino Lopez
Zazpigarren gizona
John Berger / Jean Mohr
Peru Iparragirre
Olibondoaren herria
Markel Elortza
Mikel Asurmendi
Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria
Asier Urkiza
Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly
Nagore Fernandez
Izan gizona
Aritz Galarraga
Nagore Fernandez
Gurea falangista zen
Alberto Barandiaran
Mikel Asurmendi
Termita
Garazi Albizua
Maialen Sobrino Lopez