kritiken hemeroteka

8.795 kritika

« | »

Post mortem scripta volant / Itxaro Borda / Maiatz, 2011

Zalantzak Leire Lopez Ziluaga / Berria, 2012-03-18

Itxaro Bordak 2005-2006an idatzi, eta atalka argitaratu zuen bost urtez Maiatz aldizkarian Post Mortem Scripta Volant nobela, iazko azaroan argitaletxe berak nobela osoa liburu bakarrean plazaratu baino lehen. Idazleak berak Post Scriptumean dioen bezala, nobela “irri trufari arina ezpainaren izkinan izkiriatua den bezala leitzekoa da”. XIX. mendeko foiletoiak ere aipatzen ditu. Eta une batzuetan halako liburuen parodia dirudi nobelak; bereziki, pertsonaien arteko elkarrizketa batzuetan. Narratzailea bera autoironikoa da zenbaitetan, eta beste batzuetan idazlea da narratzailearen kontura barre egiten duena, zer esanik ez gainerako pertsonaien kontura, eta guk berarekin.

Baionako emakumezko idazle bat da narratzailea. Aitor Ekidazu izeneko lagun poeta hil ostean haren poema liburu bat argitaratu dutela ikusita, berak ez duela inork halakorik egitea nahi esango digu, eta memoria batzuk utziko ditu idatzita, hil ondoren norbaitek aurkituz gero argitara ditzan; hain zuzen ere, memoria horiek dira liburua osatzen dutenak. Orriotan, MC2 emakumearekin —adierazgarria da izen propiorik ez izatea— duen maitasun istorio gorabeheratsua kontatzen digu, baita inguruan dituen zenbait pertsonarekin dituen eztabaidak ere, bereziki aipatutako Aitorrekin. Besteak beste, ezkerreko abertzaleen ikuspegi neoliberalaz, homofobiaz, Hego Euskal Herriko kulturarekiko mendekotasunaz, Euskal Herriko sistema literarioaz, euskaldun-fededuntasunaz, borroka armatuaz duen ikuspegi kritikoa agertzen du narratzaileak orriotan.

Narratzaileak Aitor Ekidazurekin dituen eztabaidetako bat literarioa da. Aitorrek idazkera zailegia erabiltzea egozten dio; idazleak ulerterraz izan behar du haren arabera, bereziki euskal idazleak —ez horrenbeste frantsesez idazten duenak—, eta batez ere Ipar Euskal Herriko euskal idazleak, Hegoaldeko hiztunek uler dezaketen eran idazten saiatu behar da-eta. Bordaren nobela bera euskal kulturan gora egitea beste helbururik ez duen Ekidazuren kritika iturri izango litzateke jakina, aurreko lanak bezala, errazkeriarik ez baita hemen hizkuntzaren aldetik. Aldi berean, testu batek gramatika eta ortografia akatsak baditu, ona izanik ere, baztertua izango dela salatzen du narratzaileak aurreraxeago. Hortaz, akats gramatikal nahiz ortografikoak ikusi ditudan bakoitzean ez dut jakin irri egin behar nuen edo modu ortodoxoan jokatu. Nobela ez da errazkerietan erortzen egitura aldetik ere —laugarren atala osatzen duen Wittgensteinen Tractatus-aren bertsioa izan daiteke adibiderik, orain bai, errazena—. Etengabe egiten du aurrera eta atzera denboran, narratzailearen egoera ere asko alda daiteke atal batetik bestera, eta zirimola sentipena ematen du behin baino gehiagotan. Atzera-aurrerako ibilbide horretan, sasoi bera kontatzeko orduan, modu ezberdinean konta dezake narratzaileak bere orduko egoera (esaterako, Ekidazu hil zenean, batean neskalagunik gabe zegoen eta bestean berarekin batera), memorien fikziozko izaera gogoraraziz. Eskertzekoa da idazleak ze libreki jokatu duen ikustea, kuia saldari buruzko atala adibide —hizlari bakoitza bere buruaren parodia—, baina onartu behar dut nobelak zalantza nahiko sortu dizkidala. Gustuko dut formaren aldetik zein lausoa den, zein librea, zenbait konbentzio hautsi izana, baina zehaztasun gehiagoren falta ere sumatu dut hainbatetan. Irri egin dut, eta asko noiz edo noiz, baina zenbait zati luze eta errepikakor egin zaizkit. Iruditzen zait nobela osoagoa zatekeela zenbait gauza laburrago egin izan balitu, formalki interesgarria iruditzen zaidan arren.

Azken kritikak

Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Deiadarraren antologia bat
Rakel Pardo Perez

Asier Urkiza

Herrenaren promesak
Maite Aizpurua / Infinitudrama

Nagore Fernandez

Lazarraga, Ernazimentua euskaraz
Pruden Gartzia

Mikel Asurmendi

Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda

Maialen Sobrino Lopez

Hondoaz galde
Jon Sarasua / Mikel Artola

Mikel Asurmendi

Zirtak su. Hasieran bazen hitza
Maite Lopez Las Heras

Joxe Aldasoro

Erroen izerdia
Jone Bordato

Mikel Asurmendi

Zerua hemen
Oihana Arana

Maddi Galdos Areta

Odisea
Homero

Aritz Galarraga

Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena

Maialen Sobrino Lopez

Gatazka eta abusua ez dira gauza bera
Laura Macaya / Hamaca

Amaia Alvarez Uria

Sasi arteko sugarrak
Sebastian Gartzia Trujillo

Hasier Rekondo

Agerre
Juan Luis Zabala

Mikel Asurmendi

Artxiboa

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

Hedabideak