« Pentsamendu puskatua | Pasabidea »
Zwei Frauen / Joxean Agirre / Elkar, 2011
Ahots propioaren bila Leire Lopez Ziluaga / Berria, 2011-11-13
Bi aipurekin hasten da Joxean Agirreren Zwei Frauen nobela. Lehena egilearena da: “Dagoeneko ez dago orrialde zuririk. Gure aurretik idatzitakoaren gainean idazten dugu”. Bigarrena, luzeagoa, Felix de Azuarena da, eta honela diote azken bi lerroek (itzulpena nirea da): “(…) esango nuke nobela modernoaren generoa ez dela genero komikoa, baizik eta fartsa. Ikuspuntu parodikorik gabe, distantzia kritikorik gabe, nobela modernoak sinesgaitzak lirateke”. Ideia biek zeharkatzen dute liburua.
Lau ataletan —lau imitaziotan— banatu du nobela Agirrek, narratzaile berak lehen pertsonan kontatuak. Aurrenekoan, 20 urte inguruko idazle-nahi gazte bat ikusiko dugu emakumeak seduzitu nahian, Bertrand Moraneren ereduari jarraituz. Bigarrenean, gazte bera ageri zaigu, 18 urterekin, eta emakume bat seduzitzen saiatuko da Dostoievskik Jokalaria idazten ari zela Anna Grigorievna seduzitu zuen modu berean, idazten ari den nobela diktatuz eta diktaketetako atsedenaldietan elkarrekin hitz eginez. Hirugarrenean, 25 urte ingururekin, aurreneko nobela idazten du, emakume batekin izandako maitasun istorioaren amaiera kontatzen duena. Laugarrena da atalik luzeena, eta liburu osoari izena ematen diona; izena emateaz gainera, nobelaren mamia osatzen du. Idazleak berrogeita hamar urtetik gora dituela, bi emakumerekin bizitako maitasun istorioa kontatzen du; horrez gainera, haiekin den bitartean idazten ari den nobelaz arituko zaigu (Zwei Frauen), Max Frischen estiloan idatzitakoa. Halaber, aurreneko hiru atalen amaieran, hezur-haragizkoak izan diren plagiatzaile/faltsutzaileen bizitza kontatzen da, gainerako atalekin lotura narratiborik gabe.
Nobelak hainbat maitasun mota erakusten dizkigu, betiere maitasunaren ideia erromantikoaren barruan. Gaztetako maitasun guztiek huts egiten dute, eta helduaroan bi emakumerekin lortzen du halako egonkortasun bat narratzaileak; atal horretan, besteak beste, bikote bizitzari zaion beldurra ekartzen du paperera egileak. Idazleak asmatu du gaztaroko ezin eutsizko pasioa eta zahartzaro aurreko pasio neurrizkoagoa deskribatzen, eta, batez ere, imitazioaren gaiari bilgarri on bat ematen. Izan ere, imitazio izena eman die egileak lau atalotako bakoitzari, eta ez alferrik. Atal guztietan daude imitazio nagusi bat eta imitazio txikiago batzuk —batez ere azken atalean—, eta nobelak, imitazioen bila, jolas apur bat egiteko aukera ematen du. Imitazio nagusiak idazketarekin lotuta daude nobela osoan, eta gero eta konplexuagoak dira lanak aurrera egin ahala —hasierakoa arinegi ere gerta daiteke—. Hasteko, autobiografia —eta film— bateko pertsonaia bihurtutako seduktore bat imitatzen da, bizipenak idatziz jasotzeko asmoz; gero bestek bizitako maitasun istorio bat, nobela bat sortu eta istorio hori bizi nahian; norberak bizitakoa nobelatzen da ondoren; bukatzerako, idazle baten estiloa da imitatu nahi dena. Azken batean, imitazioz imitazio, protagonistak estilo propioaren bila egiten duen bidaiatzat jo daiteke liburua, hainbat eredurekin borrokan —nahiz eta ez duen eredua gainditzeko asmo handirik erakusten—. Egia esanda, idazle heldua dela Max Frischen estiloa imitatzeak ez dakit itxaropen handirik ematen duen estilo propioaren bilaketari dagokionez. Frischez gainera, beste hainbat egileren ahotsak entzun daitezke nobela irakurri ahala; uneren batean gehiegizkoa ere egin zait joko metaliterarioa.
Dena dela, oso gustura irakurri dut nobela. Protagonista ahots propioaren bila ikusten dudala esan dut; esango nuke Joxean Agirrek aurkitu duela bere ahotsa azken lanetan.
Termita
Garazi Albizua
Maialen Sobrino Lopez
Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly
Ibon Egaña
Hezitopia
Nora Salbotx
Mikel Asurmendi
Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
Deiadarraren antologia bat
Rakel Pardo Perez
Asier Urkiza
Herrenaren promesak
Maite Aizpurua / Infinitudrama
Nagore Fernandez
Lazarraga, Ernazimentua euskaraz
Pruden Gartzia
Mikel Asurmendi
Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda
Maialen Sobrino Lopez
Hondoaz galde
Jon Sarasua / Mikel Artola
Mikel Asurmendi
Zirtak su. Hasieran bazen hitza
Maite Lopez Las Heras
Joxe Aldasoro
Erroen izerdia
Jone Bordato
Mikel Asurmendi
Zerua hemen
Oihana Arana
Maddi Galdos Areta
Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena
Maialen Sobrino Lopez