« Bizi alorretan ongarri | Malekoitik begira »
Armadura herdoilduko zalduna / Robert Fisher (Usoa Wyssenbach) / Igela, 2011
Autolaguntza gurean Inma Errea / Diario de Noticias, 2011-10-18
Robert Fisher komedia-idazleak (Long Beach, California, 1922-2008) 1990ean eman zuen argitara liburu hau. Hori baino lehenago, hamaika gidoi eta elkarrizketa idatziak zituen umorista ezagun askorentzat; besteak beste, Groucho Marx, Bob Hope, Alan King eta Lucille Ballentzat. Baina Armadura herdoilduko zalduna barrea eragiteaz besteko xedea hartuta idatzi zuen, bertan umorearen presentzia nabarmena bada ere: bi aldiz hiltzeko arriskuan egon eta bizirik atera eta gero idatzi zuen liburu hau Fisherrek, bizitza zoriontsu eta betea izateko irakaspen gutxi batzuk ezagutzera eman nahian.
Liburua arrakastatsua (milioika ale saldu dira mundu osoan, hainbat hizkuntzatan) bezain sailkaezina da. Batzuen iritziz, literatura da, fantasiaz eta metaforez betetako ipuina. Beste batzuek, ordea, autolaguntza-idazlan maiz maiseatuen baina beti arrakastatsuen beste adibide bat dela deritzote. Hainbatek helduei zuzendua dela diote (halakotzat hartzen dute enpresa-arduradunak trebatzeko erabiltzen dutenek edota haien bezeroei laguntzeko baliatzen duten psikologiaren arloko profesionalek), baina ez dira gutxi liburua haurrendako egokia jotzen dutenak (sarri askotan izan da gomendatua eta jorratua eskola eta ikastetxeetan). Jende anitzen gustuko izaki (ugariak dira Interneten inoiz irakurri duten libururik onena deritzotenen testigantzak), ez du biltzen guztien adostasuna (zenbaitek sinplistegia jotzen dute, heldutasunik gabea). Alabaina, gehienak bat datoz erraz irakurtzen den liburua dela esatean.
Behin irakurrita, iruditzen zait guztiek dutela arrazoia neurri batean. Liburuak elezaharren eitea du (protagonista zaldun bat da eta Merlin azti betierekoak zer esan handia du istorioan). Baina, aldi berean, agerikoa da ipuinean gure garaikidekotzat jotzen ahal ditugun arazoen (antzinatean irudikatzeko gaitzak) protagonismoa: nork bere burua ezagutzeko eta ezintasun emozionalak nahiz besteengandik banatzen gaituzten maskara eta harresiak gainditzeko saioak, munduari eta unibertsoari lotzen gaituen hari ikusezinak antzemateko ahaleginak, gizakiok munduan dugun eginkizuna eta gure bizitzaren zentzua ulertzeko nahia… Liburuaren arrakastaren gakoetako bat, dudarik gabe, mezuaren baikortasuna da: bizitza beteagoa eta zoriontsuagoa izango dugu, benetan ikasten badugu gure burua maitatzen, eta, horrenbestez, besteak ere aintzat hartzen.
Obraren prosa argia eta dinamikoak ere zerikusia du liburuaren arrakastan, irakurleok aurrera aise egiteko laguntzen baikaitu. Usoa Wyssenbach Ibarrak egindako euskal itzulpenak ederki islatzen ditu Robert Fisher egileak baliatutako umore-keinuak eta literatura-baliabideak, eta kontuan hartzekoa da ere itzulpena egitean euskal tradizioa ahaztu ez izana (gure bertsolaritzaren oihartzun agerikoa, Zaku-alai bufoiaren bertsoetan).
Azkenik, interesgarria iruditzen zait euskal literaturan oro har eta bereziki itzulitako obren arloan lortzen ari den aniztasuna, hala gaietan nola generoetan. Hobe da beti nork bere hizkuntzan denetik izatea (autolaguntzako liburuak barne, hala nola Eskarne Mujikak itzulitako Zorte ona hura edo Zaldun hau) eta euskaraz, bere txikian, hasi da hori gertatzen.
Barne zerbitzuak
Katixa Agirre
Amaia Alvarez Uria
Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda
Joxe Aldasoro
Ni, laiko
Markos Zapiain
Aritz Pardina Herrero
Zure bazterrekoak
Cesare Pavese
Asier Urkiza
Termita
Garazi Albizua
Nagore Fernandez
Argazkiaren erabilera
Annie Ernaux
Maialen Sobrino Lopez
Café Mokka
Jabier Muguruza
Mikel Asurmendi
Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena
Irati Majuelo
Basatiak
Maria Reimondez
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
Zerua hemen
Oihana Arana
Paloma Rodriguez-Miñambres
Sekularizazioa Euskal Herrian
Joxe Manuel Odriozola
Mikel Asurmendi
Garondoan
Gorka Bereziartua
Asier Urkiza
Mundu guztiak
Ruben Sanchez Bakaikoa
Nagore Fernandez
Kantu leuna
Leila Slimani
Maialen Sobrino Lopez