« Erdibidean | Autolaguntza gurean »
Hiru koaderno txiki / Fermin Erbiti / Pamiela, 2011
Bizi alorretan ongarri Bixente Serrano Izko / Berria, 2011-10-16
Asko irakurtzen dugu, inoiz baino gehiago. Hain argi ez dagoena da inoiz baino hobeto digeritzen ditugun irakurketak, haietatik jasotzen dugun informazioa. Fermin Erbitirentzat arazo bat dugu hor: “Uholdeetan ur edangarri falta izanen da arazo nagusienetakoa. Informazio uholdeak ere ez al du antzeko zerbait ekarri?”. Eta halako lezio bat eman nahi digu, ongi eman ere, gogoeta liburu honetan, irakurketa anitzetan murgilduz baina patxadatsu, poliki igeri eginez haien uretan.
Bizitzea ez da bakarrik eguneroko joan-etorri zalapartatsuen, ogibide eginkizunen burrunben, etxeko kezka eta ezinegonetako zurrunbiloen erdian nola edo hala bizirautea. Bizitza bada, baita ere, horri guzti horri luzaturiko begirada sosegatua, liburuetan, pantailetan, musika aretoetan, irudietan sortzen zaizkigun zirrarak, horrek guzti horrek pizten dizkizun txinparta iheskorrak edo errainu dizdizari iraunkorragoak. Bizitzak berak eskaintzen dizkizu irakurketa modu aberatsak horretara jarriz gero, eta orobat horretan jartzeko aukera emankorrak eskaintzen dizkigute narratzaile, filosofo, kazetari, artisten gogoeta eta proposamen ernatzaileek edo haien purrustadek.
Egileak, horren jakitun, hiru koaderno txiki erosi, poltsikoan sartu eta hala kaleko ibileretan nola liburuetan edo bertzelako kultura euskarrietan une eta aldarte ezberdinetako irakurketak apuntatzeari ekin dio, haiei zukua zurrupatzeari, eta lehengai horiekin liburu gogoetatsu bat atondu du. Ehundik gorako idazle, filosofo, poeta, abeslari, konpositore, zinegile, artista plastiko, kazetari eta bertze tankerako jendeak abiaburutzat hartu, eta bere baitan sorturiko dardarak, emozioak, kezkak, asaldurak, bizitzari eta gure gaurko munduari buruzkoak, aletu dizkigu poliki-poliki, idazkera goxoaz, orain izpiritu malenkoniatsu, bertzetan ironiko, beti azalaren azpitik zer dagoen gogo arakatzaile batez. Ez da aipu bilduma bat, ez da saiakera biribil, hierarkizatu eta eruditu bat, argumentu ildo bati jarraitzen diona. Halako euri ziri euri miri gisa doaz egilearen sujerentziak, ideiaz ideia, sentsazioz sentsazio, irakurlearen baitan pixkana irazten direnak, beronengan erroak sor daitezkeeneko humusa ia ohartu gabe egokiro ureztatze aldera.
Bi ataletan antolatu du lana, orokorragoa lehena, kazetaritzan eta komunikazioan zentraturik bigarrena. Bietan, ideia batetik bertzera doa ezusteko jauzirik gabe, oraingo burutapenak hurrengoa iradoki ahala, bizitzaren hainbat eta hainbat aspektu haztatuz, haiei buruz galde, ehundura konplexu eta zabal bat osatuz guztira. Mintzoa, isila, idazletza, gauzen aldakortasuna, utopiak, musika, artea, zinema, denbora, iragana, etorkizuna, aurreikuspenak, ekonomia, pobrezia, osasuna, zoriontasuna, jainkoa, fedea, sinesmenak, familia harremanak, politika eta haren kudeatzaileak, agintaritza eta agintekeriak, egunerokotasunaren ilun-argiak, jendeen testigantzak… gai anitzetako arrosario luze bat. Abiapuntutzat harturiko erreferentziak mundu zabalekoak eta etxekoak dira, hizkuntza eta kultura askotakoak, egilearen irakurtzeko grinaren eta hausnartzeko prestutasunaren isla oparoa.
Kepa Larrearen bertze lan espezializatuago baten parean, Juan Zelaia saiakera lehiaketan saridun suertatu zen iaz gaurko hau. Aukera probetxagarria du bertan edozein irakurlek bizitza erreala eta kultura elkarrekin lotzen trebatzeko, horixe baita, azken buruan eta bertzeak bertze, kultura: jende anitzen esperientziak, hausnarketak, kezkak eta galderak nork bere bizipenetan sustraitzen eta ongarri bihurtzen jakitea.
Termita
Garazi Albizua
Maialen Sobrino Lopez
Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly
Ibon Egaña
Hezitopia
Nora Salbotx
Mikel Asurmendi
Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
Deiadarraren antologia bat
Rakel Pardo Perez
Asier Urkiza
Herrenaren promesak
Maite Aizpurua / Infinitudrama
Nagore Fernandez
Lazarraga, Ernazimentua euskaraz
Pruden Gartzia
Mikel Asurmendi
Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda
Maialen Sobrino Lopez
Hondoaz galde
Jon Sarasua / Mikel Artola
Mikel Asurmendi
Zirtak su. Hasieran bazen hitza
Maite Lopez Las Heras
Joxe Aldasoro
Erroen izerdia
Jone Bordato
Mikel Asurmendi
Zerua hemen
Oihana Arana
Maddi Galdos Areta
Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena
Maialen Sobrino Lopez