« “Nora ez dakizun hori” edo idazlea(k) ez daki(t)en nora! | Gizakiaren hausterrea »
Mea culpa / Uxue Apaolaza / Elkar, 2011
Luze gabe laburrean Aritz Galarraga / Deia, 2011-09-10
Irakurri genion Umeek gezurra esaten dutenetik ipuin bilduma; irakurtzen genuen Berriako zutabea, astero lehenik, gero egunero, astero berriz azkenerako; irakurtzen diogu Argiako iritzi artikulu koxkorragoa. Gustura irakurri ere horiek guztiak. Horrexegatik ikusmina sortu zuen nigan Uxue Apaolazaren estreinako nobela proiektuak, Igartza beka eskuratu baitzuen, orain ia urte bi iragarria izan zenak. Emaitzak ez nau erabat konbentzitu baina.
Lur du protagonista liburuak, nerabe-gazte garaiko hainbat lagun, lagun ohi, ezagun edo dena delako akabatzeko plana hasten duen neska. Asmoa helburu, sare sozial ezagun batean kontaktuak egin eta bizileku duen Madriletik Landetarako bidaia batekin abiatzen da kontakizuna, Landetan barrena garatzeko gero, askatasun modu baten ikur bilakatzen den geografia: “Despertsonalizazio horren bila etortzen gara Landetara etakideak eta ni”. Eleberriak aurrera egin eta helburuak joango dira erortzen, eta tartean Elisa ezagutuko du, pisu nabaria hartuko duen emakume edadekoa.
Baina ez nau konbentzitu istorioak berak, abiapuntua erakargarria izanik ere, garapen gehixeago merezi duela iruditzen baitzait. Eleberrian zehar gertatzen direnak ez dira asko-asko, ez dute beharko luketena katigatzen, bigarren mailako begitandu zaizkit sarri. Kontziente naiz fikzio batean dena ez dela istorio, tartean behar dutela ideiek, hausnarrek, iritziek. Mundu bat sortzeaz gain mundu ikuskera bat ematen dutela, alegia. Eta alde horretatik sendoagoa da eleberria, baditu berriak, baditu interesgarriak, baditu epatanteak, baditu diskutigarriak mordo bat, giza harremanez, nerabegaztaroaz, iraganaz, Euskal Herriaz, ezker abertzaleaz, erruduntasunaz. Baina horiek biltzeko erabiltzen den istorioak pisu egiten du aurrera tarteka, karranka batzuetan. Gertaerek salto egiten dute batetik bestera, lika handiagoa eskatzen dute, zatiek elkarri trantsizio ematea.
Baina ez nau konbentzitu estiloak ere, maiz aldrebesa, trabatua, bilatua segur aski, aurretik irakurri dizkiodanekin alderatuta. Baina batzuetan enbarazu egin zait mesede baino, ez duela bilatu nahi izan den efektua lortzen. Adibidez, orain ez hainbeste, eztabaida interesgarria izan zuten Gorka Bereziartuak eta Fermin Etxegoienek, azken honen Autokarabana eleberriaren inguruan. Besteak beste, nobelaren estiloa jartzen zuen lehenak ezbaian. Eztabaidan parte hartu gabe, iritzia modu indirektoan eman nuen, eta kasu hartan iruditu zitzaidan idazkera hori, trakets antza, ez zuzena (korrekzioari dagokionez), baina estiloan zuzena, zikina, egokia zela nobelarako, on egiten ziola, bat etortzeaz gain lortua zegoela. Kasu honetan ezin dut gauza bera esan, estiloak usu ez du kontakizuna laguntzen, batzuetan kosta zait aurrera egitea, hizkera bera, sintaxia eta, dependenteegia da gaztelaniarekiko.
Baina gertatu izan zait bere iritzi artikuluren batekin ere: gehiago ematen dutela labur ari badira, luze gabe galdu bezala egiten direla luzean, hari askori tira, txinparta asko, baina lehertzera iritsi gabe geratzen direla. Motzean: gehiago gustatu izan zaidala luzean baino. Eta orain arte Uxue Apaolazak argitaratu dituen bi narratiba lanekin berdintsu gertatu zait, ipuin liburuak nobela honek baino gehiago konbentzitu nauela, oraindik orain.
Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
Deiadarraren antologia bat
Rakel Pardo Perez
Asier Urkiza
Herrenaren promesak
Maite Aizpurua / Infinitudrama
Nagore Fernandez
Lazarraga, Ernazimentua euskaraz
Pruden Gartzia
Mikel Asurmendi
Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda
Maialen Sobrino Lopez
Hondoaz galde
Jon Sarasua / Mikel Artola
Mikel Asurmendi
Zirtak su. Hasieran bazen hitza
Maite Lopez Las Heras
Joxe Aldasoro
Erroen izerdia
Jone Bordato
Mikel Asurmendi
Zerua hemen
Oihana Arana
Maddi Galdos Areta
Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena
Maialen Sobrino Lopez
Gatazka eta abusua ez dira gauza bera
Laura Macaya / Hamaca
Amaia Alvarez Uria
Sasi arteko sugarrak
Sebastian Gartzia Trujillo
Hasier Rekondo
Agerre
Juan Luis Zabala
Mikel Asurmendi