« Epika eta Lirika. Izan vs Egon. Pika eta Ebats | Neurtitz urratua »
Txakur ingelesak / Lutxo Egia / Susa, 2011
Ikusezinak ikusgai Leire Zubeldia / Gara, 2011-08-13
Liburuari izenburua ematen dion Txakur ingelesak ipuinak zabaltzen du bilduma. Maiderrek, Lanzaroteko opor-etxean bizilagun dituen fostertarrak hilik aurkitzen ditu. Hilketaren egile eta arrazoien ordez, Tim eta Pat txakurrek zeukaten janari ugaria da misterio nagusia, protagonistari eta irakurleari tira egiten dien galdera. Animaliekiko erakusten duen sentiberatasunagatik hunkigarria iruditu zait. Forma aldetik, kontaketa lineala du, elkarrizketa askorekin, aise jarraitzeko modukoa. Horrela, lehenengo horren tankerako ipuinak espero ditu irakurleak. Baina aurrera egin ahala, konturatuko da Txakur ingelesak dela bildumatik irteten dena, gainerako ipuinekin alderatuz ezberdinena.
Ipuinak sinpleenetik konplexuenera doaz. Gero eta geruza gehiago dituzte, gero eta lausoagoak dira, bai istorioak, bai pertsonaiak. Ederra bezain kuriosoa iruditu zait Neuk diseinatu nuen John Lennon hil zuen pistola ipuina, testu zati txikiak elkar kateatuta John Lennon hil zuen pistolaren jatorria (euskalduna) azaltzen duena.
Istorioa testu pasarte ezberdinetan kontatzeko estrategia beste hainbat ipuinetan (Killing Txema Larrea, Egiazko bizitzak) ere erabili du egileak, baina azken horietan ez zait hain eraginkorra begitandu, istorioaren jarraikortasuna lortzeko zailtasunari eman dion aterabidea baizik.
Irakurleari maiz sortuko zaion beste galdera pertsonaien benetakotasunari buruzkoa da. Alegia, pertsonaia hau erreala da? Jolas hau nabarmena da Zer grina izan daiteke bortitzagorik izeneko ipuinean, non istorioa istorioaren barruan aurkituko dugun etengabe, eta pertsonaiak ere geruza batetik bestera ibiliko diren. Era berean, erreala/asmatua binomioaren ildotik doa Pinche looser edota ezagutzen ez diren bi bizilagunen arteko gutun trukaketa kontatzen duen Gutunak.
Itziar Ziga, Tim Burton, Manuel Delgado eta Belaustegi; Gerry Adams, Arnaldo Otegi, Charles Stewart Parnell, James Joyce, Fernando Pessoa, Erramun Landa eta Arriaga; John Lennon, Cynthia, Yoko, Holden Caulfield, Chapman eta Mauricio Gondra Ugalde; Ariel Pagani, Ariel Urkiza, Ariel Pizarro, Ariel Contreras… Izenez eta izanez (edo ez-izanez) josia daude ipuinak, eta izen horien guztien artean sotiltasunez galduta, ikusezin, anonimo, sumatu dugu egilea. Jolasti itzuli da Lutxo Egia. Irakurle honek gozatu du jolasaz, kaosaz, aipatutako ipuinetan aipatu gabe utzitakoetan baino gehiago. Baina norberak hartu behar dio kaosari neurria, gozagarri gerta dadin.
Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá
Maialen Sobrino Lopez
Zazpigarren gizona
John Berger / Jean Mohr
Peru Iparragirre
Olibondoaren herria
Markel Elortza
Mikel Asurmendi
Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria
Asier Urkiza
Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly
Nagore Fernandez
Izan gizona
Aritz Galarraga
Nagore Fernandez
Gurea falangista zen
Alberto Barandiaran
Mikel Asurmendi
Termita
Garazi Albizua
Maialen Sobrino Lopez
Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly
Ibon Egaña
Hezitopia
Nora Salbotx
Mikel Asurmendi
Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
Deiadarraren antologia bat
Rakel Pardo Perez
Asier Urkiza
Herrenaren promesak
Maite Aizpurua / Infinitudrama
Nagore Fernandez
Lazarraga, Ernazimentua euskaraz
Pruden Gartzia
Mikel Asurmendi