kritiken hemeroteka

8.607 kritika

« | »

Txakur ingelesak / Lutxo Egia / Susa, 2011

Desagertzea posible denean Goizalde Landabaso / Deia, 2011-07-09

Desagertzea ez da erreza batzuetan, baina Lutxo Egiaren (1969, Santander) azken kontakizunetan lausotzen doazen istorioek desagerrarazten dituzte pertsonaiak, modu batera edo bestera lortzen dute. Ez dira ohiko ezabaketak; denborak, egoerek, sentimenduek, beharrizanak eragindakoak dira zentzu handian.

Lau urteko etenaren ostean (2007an Zubigilea eleberria kaleratu zuen Susa argitaletxearekin) berriz itzultzen zaigu Egia, oraingoan ipuingintzara emandako uzta oparoarekin. Eta egiten du ardatz bera duten hamar ipuin ezberdinekin: Presentziaren ezabaketarekin. Horretara arte amankomunekoa. Hortik gora, aniztasuna. Eta eskertzen da heterodoxiara egindako ahalegina, seguruen buruhauste bat baino gehiago eman izan diona, batez ere, ipuinetako batzuk hezur-mamitzeko orduan. “Eta une horretantxe, itzalen artetik irrist egin duen argia laztantzean, bururatu zaio beharbada bera, eta bera bakarrik, dela ikusezina”.

Ipuinen hezurdura aldakorra da, eta gustatu zait nola egin duen euretako askoren azpiegitura. Esaterako, Neuk diseinatu nuen John Lennon hil zuen pistola ipuinak badu jauzika doan neurria. Pausoka azaltzen zaizkizu istorioa osotzen duten zatiak. Eta pistola diseinatu omen zuen Mauricio Gondra Ugalderengana iristeko bidean John Lennon berarekin, haren semearekin, emazte ohiarekin eta pistolarekin ere egingo duzu topo. “Oraindik orain, kasu, Mauricio Gondra Ugalde izeneko gizon baten erranek zurtu naute. Chapmanek erabilitako pistolaren egilea dela dio”. Mauricio Gondra ezkutatzen duten azalak balira askatzen joango dira, ezkutuko hura aurkitu arte.

Iruditzen zait egilea bera ere saiatu dela ezkutatzen lerro artean, ipuin artean; eta zenbaitetan lortu duela ere esango nuke, sortu dituen pertsonaia guztien artean nahastu egin delako. Desagertzeko ariketa, ordea, ez da beti posible izan. Bere presentzia etengabekoa dela iruditzen zait, eta inpresioa daukat batzuetan bere presentziak ihes egin diola ipuin batean edo bestean. Izan ere, kontalariaren lana hartzen du sarri; alegia, istorioa zuri zeuri kontatzen ari dela. Eta kontakizun hori ozen egiten da, maiz, ipuin kontalari bihurtuz. Kontaketa horren jarraikortasunean etenak izaten dira egileak berak egiten dituen erreferentzietan. Errealak, bestetik, izan ere egunerokotasunetik asko du ipuin sorta honek. “Dublin eta Bilbo bazterturik, pentsamenduak Lisboara

eramatea erabaki du berriro. Argiaren azken pausalekua, Edorta Jimenezen esanetan. Behin eta berriz bueltatzen da hiru berbako esaldi horretara Lisboaz ari denean”.

Ipuinen formetan eta jolasetan beste aniztasun dago bilduma honetan. Denetarik aurki zenezake hamar ipuinotan. Orijinala eta gustura irakurri dut Gutunak. Bata bestearen alboan bizi diren auzokide biren komunikazio modua, hau da, gutun bidezkoa. Ez dute hitzik egiten, baina elkarri bialtzen dizkiote gutunak. “Postariak oharra utzi zidan buzoian. Postetxera abiatu nintzen arineketan, Santa Maria kaleko bulegora. Bonsai bat eman zidaten. Beitiak Bartzelonatik bidalia. Hemendik aurrera Aurelia Arkotxaren artikuluak paperean irakurtzea botako dut faltan, ziostan”.

Kontrabiografoarena orijinala iruditu zait oso. “Literaturan gaizki hasitako jendea. Beste arte batzuek eskatzen ez duten ahalegina exijitzen du literaturak. Zure lehen obrak ez baditu irakurleak eta kritikariak seduzitu, ordenadore aurrean denbora galtzenduzun zonbia zara”.

Eta hastapeneko ipuina, bilduma osoari izena ematen diona, Txakur ingelesak hunkigarria egin zait. “Lehen begi kolpean ez ditu janaren ugaritasuna eta gertatutakoa uztartu. Furgonetan, Arrecifera bidean, behin eta berriz galdetu dio bere buruari. Azkenean argi ikusi du: hilketen teoriak ez du ez bururik ez hankarik. Eta suizidio bikoitzarenak ere ez. Ezkutuko asmo bat zegoen janariaren aferan”.

Liburua amaitzerakoan gehiago egon ez izana sentitu dut faltan, hamar ipuinok nahikoak izan ez balira legez. Liburua osotzeko beste izan liteke, baina ez behin hasita irakurketak sortzen dizun plazera asetzeko.

Azken kritikak

Amorante frantsesa
Miren Agur Meabe

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Oroi garen oro
Beatriz Chivite

Maialen Sobrino Lopez

Ahanzturaren aingerua
Maja Haderlap

Asier Urkiza

Espekulazioak
Arrate Egaña

Nagore Fernandez

Dena zulo bera zen
Eider Rodriguez

Txani Rodríguez

Azken batean
Lourdes Oñederra

Mikel Asurmendi

Auzokinak
Gorka Erostarbe

Maddi Galdos Areta

Esker onak
Delphine De Vigan

Irati Majuelo

Meditazioneak gei premiatsuen gainean...
Martin Duhalde

Gorka Bereziartua Mitxelena

Urte urdin ihesak
Jesus Mari Olaizola "Txiliku"

Hasier Rekondo

Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga

Maialen Sobrino Lopez

Erroen izerdia
Jone Bordato

Nagore Fernandez

Azken batean
Lourdes Oñederra

Asier Urkiza

Izena eta izana
Jon Gerediaga

Jon Martin-Etxebeste

Artxiboa

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

2025(e)ko iraila

2025(e)ko abuztua

2025(e)ko uztaila

2025(e)ko ekaina

2025(e)ko maiatza

2025(e)ko apirila

2025(e)ko martxoa

2025(e)ko otsaila

2025(e)ko urtarrila

2024(e)ko abendua

Hedabideak