kritiken hemeroteka

8.711 kritika

« | »

Tartariarren basamortua / Dino Buzzati (Josu Zabaleta) / Alberdania-Elkar, 2011

Harmoniarik ez, mesedez Saioa Ruiz Gonzalez / Argia, 2011-07-10

“Dino Buzzatiren Tartariarren basamortua eleberriak inor ez du hotz edo epel uzten”. Halaxe dio Josu Zabaletak, idazle italiarraren lana euskaratuta, oparitzen digun itzulpen lortu honen hitzaurrean. Eleberri gogorra da, orrialdeak pasa ahala itomena eragiten dizuna baina, aldi berean, utzi ezin duzun horietakoa. Hemen ez da inolako gerra ez kutsu odoltsurik ageri, zertarako? Buzzatik ez du horren beharrik. Nahikoa izan du gizona, edo gizonak, harresiz inguratutako espazio mortu batean kokatzearekin beren beldurrak, historia edota pentsamenduen bitartez, irakurlea, ihesi doan denbora berreskuraezinari buruzko gogoetara bultzatzeko.

Giovani Drogok, Bastiani Gotorlekura iritsi zenetik egunak, hilabeteak, urtaroak, pasatzen ditu paisaia mortu beti berari begira, zerumugatik etsaia noiz iritsiko den zain. Arau militarren zurruntasuna, pareta atzeko uraskaren zarata eta gaueko zapata hotsak zera desiragarriak bilakatu dira Drogoren eguneroko bakardade horretan. Bere bizitza higatuz joango da inoiz iritsiko ez den gertaera handi baten zain. Non gelditu dira abenturaz jositako gaztaro garaiak, amodioak, lagunak, arduragabeko momentuak?

Idazleak, Bastiani Gotorlekua inguratzen duen basamortu horretara zuzentzen du gure arreta, pertsonaia bera ez baita gai haren islan bere irudia identifikatzeko. Aukera galduen eremua, hustasuna, desbizitza aurrean zabaltzen zaion arren ez da ikusteko gai.

Betiereko zirkuluaren ideia antzematen dugu; Drogok, bera bezala gotorlekuan bizitza osoa eman zutenen oinordekotza hartzen du, ondoren etorriko direnek haren lekua hartuko duten bezala, etenik gabeko gurpil batean.

Zenbatek sumatu du bizitzari so egunak igarotzen dituela, run-runka ari den etengabeko erritmo bati jarraituz? Gugandik at datorren musika baten pean bizi gara, hasieran gorrotagarri dena baina, azkenik, automatismo osoz geure egiten duguna. Gutxika orkestraren instrumentu bilakatzen gara, notak entzuteari utziz, zuzendariak jotzeari uzteko agindu arte. Baina agindua ez da kanpotik iritsiko, gurpila eten ezin den modu berean eta Drogoren bizitza aldatuko duen gertakari handia etorriko ez den bezala. Norberak eragin behar du aldaketa, bere bizitza eta kanpoko erritmoaren arteko melodia harmonikoan jausi gabe.

Beraz, begiak zabaldu eta belarriak zorroztu ditzagun. Basamortua eta desafinazioa antzemateko gai ez bagara, salduta gauden seinale. Momentu horietarako, konponbide gisa, Dino Buzzatiren Tartariarren basamortua berrirakurtzea gomendatuko nuke.

Azken kritikak

Terraza debekatua
Fatima Mernissi

Amaia Alvarez Uria

Poesia kaiera
Elizabeth Bishop

Irati Majuelo

Godoten esperoan
Samuel Beckett

Aritz Galarraga

Bazter utzietan
Karlos Linazasoro

Hasier Rekondo

Gari errearen urrina
Fertxu Izquierdo

Paloma Rodriguez-Miñambres

Mundu guztiak
Ruben Sanchez Bakaikoa

Mikel Asurmendi

Zaldi bat
Maddi Ane Txoperena

Maialen Sobrino Lopez

Zerua hemen
Oihana Arana

Asier Urkiza

Café Mokka
Jabier Muguruza

Nagore Fernandez

Café Mokka
Jabier Muguruza

Iraitz Urkulo

Erbeste
Juan Garzia

Mikel Asurmendi

Erbeste
Juan Garzia

Ibon Egaña

Utopiaren belaunaldia
Pepetela

Paloma Rodriguez-Miñambres

Haize begitik
Mikel Ibarguren

Maddi Galdos Areta

Artxiboa

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

2025(e)ko iraila

2025(e)ko abuztua

2025(e)ko uztaila

2025(e)ko ekaina

Hedabideak