kritiken hemeroteka

8.705 kritika

« | »

Joan da negua / Mikel Ibarguren / Susa, 2011

Negutik Leire Lopez Ziluaga / Berria, 2011-07-10

Izenburu batek liburua laburbil dezake, edo beste zentzu bat eman diezaioke, guztiz ulergaitz ere suerta dakioke irakurleari. Kasu honetan, liburuak aipagai duen sasoiaren ondorengoaz ari zaigu, liburua bera ni poetikoaren negutik idatzita baitago. Gabriel Arestiren “joan zen uda / eta negua heldu da” hartu eta buelta eman dio egileak, Zea Maysen kanta baten laguntzaz; dena dela, esan dudan bezala, negualdiko poemak dira liburuan bildu dituenak, eta itxaropen printzak dituen arren, izenburuan bertan dago itxaropen zantzurik handiena, irakurriko duguna iragana dela esaten baitigu.

Mikel Ibarguren zestoarraren laugarren poema liburua da Joan da negua. 1996an argitaratu zuen lehena, Hemen gauak lau ertz ditu izenekoa, kartzelan idatzia, eta espazio horrek erabat markatua. Bigarrena, Deserriko karrikak, 2002an kaleratu zuen, lehen poema liburuan ageri zen deserrotzean gehiago sakonduz. 2007an, berriz, Irun Hiriko Kutxa literatura saria irabazi zuen Ahapetik* liburuarekin, poesia atalean; espazioek aurreko poema liburuetan zuten garrantzia galdu zuten sariari esker argitaratutako hartan, eta leku handia hartu zuen aurreko poema liburuetan ere funtsezkoa zen maitasunak.

Aurtengo maiatzean argitaratutako liburua lau ataletan banatuta dago, lehen atal biak hamazazpi poemaz eta azken biak hamaseiz osatutakoak; dena dela, ez dirudi atal banaketa egiteko irizpide jakin bat jarraitu denik. Liburuak batasun handia du gaien aldetik, bizitzaren alde ilunak —baita zenbait argi izpik ere— eta heriotzak markatutako poemak biltzen baititu; hala ere, badago bilakaera bat gai konstante horren barruan: hasierako poemetan abstraktuagoa da minaren iturburua, eta heriotza bera ere modu abstraktuan ageri zaigu, baina liburuak aurrera egin ahala, heriotza konkretuago egiten da, bereziki, minbiziaz hitz egiten diguten poemetan. Liburuan maitasuna da bizitzaren alde ilunari eta heriotzari aurre egiteko bidea. Horrenbestez, poemetako askotan zuka ari da ni poetikoa, eta zu hori maiteak osatzen du; batzuetan hurbilago eta beste batzuetan urrunago azaltzen da, baina bera da etsiaren aurrean aurkitzen duen heldulekua, baita niari entzungo dion kidea ere —poemaren barruan, jakina—. Bizitzaz eta heriotzaz ari da liburua, poesian behin eta berriro erabilitako gaiak, baina egileak lortu du ahots propio bat eraikitzea, tonu handiustekotik urrun. Lerro batean dioen bezala, “badakit txikiak direla zure egiak / eta agian ez dira egia bakarrak / baina zureak dira zureak”. Egia txikiak kontatzen dituen ni poetikoa berbera da liburuaren hasieratik bukaerara, eta, horri esker, ni identifikagarri bat sortzen da, errealitatetik oso hurbil dagoena. Horrez gainera, badira liburuan gizartearen inguruko kezkak ere, eta, bereziki aurreneko atalean, deserrotze fisikoaren ideia.

Formari dagokionez, gutxi dira 25 lerro baino gehiagoko poemak, laburrak dira gehienak, eta lerro luzeak nagusitzen dira, bertso librean emanak. Nabarmena da metaforen erabilera. Liburuak baditu zenbait irudi eder; esate baterako, “Ez diot nire buruari zutaz beste egiten utziko”, baina esaldi topikoak ere aurkitu ditut, hala nola “Denborak dena sendatzen duela irakurria dut” edo “Esperantza dela galtzen azkena diote”, ironiarik gabe esanak eta, beraz, xaloegi, nire ustez.

Liburuak maila nahiko onari eusten dio hasieratik bukaerara, nire iritziz, baina zenbait poema bikain falta zaizkiola iruditu zait, liburua biribiltzeko. Hala eta guztiz ere, liburu interesgarria egin du Ibargurenek, eta gustura irakurri dut.

Azken kritikak

Zaldi bat
Maddi Ane Txoperena

Maialen Sobrino Lopez

Zerua hemen
Oihana Arana

Asier Urkiza

Café Mokka
Jabier Muguruza

Nagore Fernandez

Café Mokka
Jabier Muguruza

Iraitz Urkulo

Erbeste
Juan Garzia

Mikel Asurmendi

Erbeste
Juan Garzia

Ibon Egaña

Utopiaren belaunaldia
Pepetela

Paloma Rodriguez-Miñambres

Haize begitik
Mikel Ibarguren

Maddi Galdos Areta

Bide bihurrietan
Elena Martinez Rubio

Asier Urkiza

Moebiusen ertzak
Garazi Kamio

Nagore Fernandez

Zainetatik zilarra
Nahia Intxausti

Paloma Rodriguez-Miñambres

Landura
Jose Luis Otamendi

Mikel Asurmendi

Harakinen alaba
Yurre Ugarte

Irati Majuelo

Clevesko Printzesa
Madame de La Fayette

Aritz Galarraga

Artxiboa

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

2025(e)ko iraila

2025(e)ko abuztua

2025(e)ko uztaila

2025(e)ko ekaina

Hedabideak