« Fikzio-hitzarmenak | Gizarte bat »
Zamaontzia / Iñigo Aranbarri / Susa, 2011
Abandonuontzia Bixente Serrano Izko / Berria, 2011-07-03
Ez da ohikoa 28 urteko pertsona batek, bere sasoi onean, arazo berezirik ez duenak, hamahiru urteko neskato zeneko oroitzapenak ekartzea aitortza batera. Ez dakit bertze irakurleei, baina ni naizen honi, halako zamaontzi bat suertatu zaio eleberriaren irakurketa, ohartu arte zer dela-eta datorren horrelako pertsona batek aitari horrelako aitorpenak egiteko beharra. Baina egileak berak ohartarazi digu elkarrizketa batean: “Aitonaren heriotzarekin garai bat ixten da, horra iragana berriro bizitzeko aitzakia”. Bidenabar, bere sasoi onean, arazo berezirik ez duenak erran dut, bertzeak bertze bere bizitza sentimentala, bikote-kidetzari dagokionez, Nereak aise eta samur ei daramalako: baliteke nobela hau izatea euskal letretako lehena lesbianismoa kontu normaldu gisa, ez identitate borroka gisa, ez konplexu- edo urguilu-iturri gisa, aurkezten duena. Hala eremu pertsonalean nola sozialean. Zirkunstantzia bat gehiago da, eta kito.
Abandonuaren elegia bat dugu eleberria. Abandonuaren zama pertsonal, sozial eta historikoa, zamaontzi bihurtzen duena narrazioa bera. Mateo Calleja aitona, Serenity Star ontziko eskifaia globalizatua, Edwin itsasgizona, Urbano Peñaren alaba Lu —sotilagoa azken hau eta kontakizuna irekitzen duena—, narratzailea… abandonu mota desberdinen zamaketari dira. Abandonuaren egile/eragileak ere anitz dira: gerra-aurre eta osteko giro sozio-erlijiosoa eta haurren bahiketak, nazioarteko enpresa-jokoak, burokrazia, instituzioak, herriko susmo sozial xenofoboak, esperantza frustratu edo anbizio politiko edo ezbeharrek sortzen dituzten familien barneko tirabirak… Erdi-erdian, neskatoa, aitona, eta aitaren —izenik gabeko pertsonaia nagusi bakarra: detaile guztiz esanguratsua— axolagabetasuna familiarekiko: erdigune honen inguruan harilkatu ditu Iñigo Aranbarrik bertze abandonu motak denak, 28 urteko emakumeak islatuko dituenak bere aitorpenean, hamahiru urteko neskatoaren begietatik.
Baditu eleberriak, osagai horien guztien trataeran, lantu, kexu, tristura ukituak sortzen dituzten gogoeta salatzaileak, inondik ere efektu dramatiko eta negar egingarri bila ez joan arren. Oso orekatua tonua, salaketa eta barne-gogoeta mindu artean. Izatez, elegia mintzoa ibili badut, elegia tipikoekin lotu ohi ditugun ukitu horiengatik bainoago, poesiari dagokion baliabide narratibo funtsezko batez baliatu delako egin dut: irudien pisu adierazkorraz, alegia. “Gertaeren garraioan, errazago gogoratzen dira irudiak sentipenak baino”, dio Nereak. Eta, hain zuzen ere, beronen oroitzapenen euskarria orduko kaiera da, 13 urteko neska hark betetzen zuena, ez egunkari gisa, baizik eta erraldi, hitz solte eta batik bat marrazki eta zirriborro grafikoen gordailu gisa, edozein unetako inpresioek bultzaturik. Makulu horien bidez ekarriko ditu gaurkora 28 urteko narratzaileak behialako bizipenak.
Iñigo Aranbarriren ekonomia narratiboa ere aipatu behar dugu. Irudien, gertaeren eta gogoeten arteko loturak irakurleak bere kabuz sortzea nahi du, rol aktiboa har dezala, narrazioaren egilekide izan dadila. Baliabide hau gabe, zaila izango zukeen idazleak goiko osagai guztiak elkarlotzea, deskribapen eta diskurtso luzeak behar izan zituzkeen, eta nekez lortu irakurlearen inplikazioa, haren murgiltzea abandonuaren munduan. Maisu dugu horretan Aranbarri, gaurko bertze euskal idazle batzuen pare, gehienak narraziogilez gain poeta ere direnak.
Nobelaz ongi jabetzeko bi aldiz irakurri ondoren, kontuz gero: behin eta berriz osorik edo zatika dastatzeko egarriak jo eginen dizu.
Termita
Garazi Albizua
Maialen Sobrino Lopez
Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly
Ibon Egaña
Hezitopia
Nora Salbotx
Mikel Asurmendi
Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
Deiadarraren antologia bat
Rakel Pardo Perez
Asier Urkiza
Herrenaren promesak
Maite Aizpurua / Infinitudrama
Nagore Fernandez
Lazarraga, Ernazimentua euskaraz
Pruden Gartzia
Mikel Asurmendi
Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda
Maialen Sobrino Lopez
Hondoaz galde
Jon Sarasua / Mikel Artola
Mikel Asurmendi
Zirtak su. Hasieran bazen hitza
Maite Lopez Las Heras
Joxe Aldasoro
Erroen izerdia
Jone Bordato
Mikel Asurmendi
Zerua hemen
Oihana Arana
Maddi Galdos Areta
Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena
Maialen Sobrino Lopez